Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Telebista-IrratiaSailak



Olagarroa

Gehiegitan, gobernu aldaketekin bat, irrati-telebista publikoetako goi-karguetarako izendapen berriak egin eta albistegietako aurkezleak eta karetak/sintoniak aldatzen dituzte. Gurean, seguruenik, eguraldiaren mapa ere birdiseinatuko dute. Hasierako lehen  kolpe horren ostean etorri ohi dira kargu ertainen eta eduki hornitzaileen sarearen berrantolaketa eta programazio-taularen inguruko dantza. Behin horretara helduta (inork esango du hauteskunde gauean bertan hasitako ibilbidea dela), gainontzeko profesionalen nolabaiteko birkokatzea sumatzen hasten da. Halakoak ikusi izan ditugu RTVEn, baita EITBn ere.

Ordua heldu da baina, aginte politikoaren eta irrati-telebista publikoaren arteko dependentzia hori hausteko. Zerbitzu publikoaren izenean eta profesionaltasunean oinarrituta, menpekotasun lotura horretatik askatu beharra dago.

Baina ez hori bakarrik, komunikabide publikoen inguruko eztabaida sakonak beste hainbat puntu jorratu behar ditu, orain eta hemen.

Digitalizazioak ezarri duen testuinguru berrian bertoko komunikabideen papera zein izango den eta zein eduki-eskaintzan mamituko den adostu beharrean gaude. Marko berrian, euskararen rola birpentsatzea lehentasunetako bat da. Zentralitatean irabazi eta hizkuntzen inguruko artikulazio berriak, azkarrak eta ausartak egin behar dira. Duela hiru hamarkada hartu ziren erabakiek ezer gutxirako balio dute gaur egungo egoera soziolinguistikoan eta apustu kolektiboa bilakatu den normalizazioaren bidean. Eredu dikotomikoa (hizkuntza bakarreko kanal bana, irratian, telebistan eta interneten) gaindituta dago. Baina ez hori bakarrik, une teknologiko eta sozial honetan, bertatik bertarako ikuspegi informatiboa eta erreferentzialtasuna multimedia  ikuspegiarekin jorratu beharra dago. Horretarako EiTB ez da eragile bakarra, ezta izan beharrik ere, eta euskaraz aritzen diren gainontzeko komunikabideekin sinergiak landu behar ditu, bereziki ikus-entzunezkoen artean. Sektore honetako motorra izateak, hori bai, garrantzi gehiago ematen dio erabakiak hartzerakoan, eta kontsentsua eta irekitasuna lantzea komeni da.

“Egin beharrekoez” zipriztindutako goiko lerro horien ostean baina, patxada eta hausnarketarako tartea zabaltzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu, EiTB barruan eta baita sektore osoan ere. Abiatu aurretik, hartuko den bideez pentsatu beharrean gaude.  Egoera honetan, artikuluaren izenburuan kokatu dugun itsasoko animaliak balio beza adierazteko EiTBren inguruan ireki beharreko hausnarketa garaiaren konplexutasuna. Izan ere, olagarroak zortzi hanka, hiru bihotz, garuna gorputzeko alderdi desberdinetan banatua... eta, guztiaren gainetik, izaera propioa, malgua, azkarra, bereziki indartsua eta mimetizazio maila ikaragarria du. Beharrezkoak ditugun komunikabideen tankerakoa.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan