Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Sarrera orokorra

2013ko gazte eroak

Urteko lehen egunek Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-ren heriotza ekarri zuten 2012an. Aurretik ere aitorpen ugari zituen gizonak eta heriotzaren ondoren kontaezinak jaso zituen. Hainbat hamarkadatan historia egin duenetakoa da, bereziki 60ko hamarkadan, eta komeni da berak sasoi hari buruzko gogoeta egitean ARGIAn idatzitako azken artikuluko (“La Banda”, 2010-12-12) oinarrizko ideia sinple hau lerrootara ekartzea: “Aresti, Villasante, Krutwig, Irigoien, orduko ‘gazte eroak’ ziren. Askotan ‘gazte madarikatuak’. Orduko gazteek arrazoi zuten, ordea. Ondoko urteotan garbi agertu denez. Baina horrela idazten da Historia. Eta alfer-lana da ideia berriak aisa nagusitzen direla pentsatzea. Belaunaldi berriak, beti, aldapan gora, eta belaunaldi zaharra ukatuz sortzen dira. Bizi legea da edo Historia legea, nonbait”.

 

A zer izen sorta orduko gazte eroena, ezta? Haiek eta haiek moduko beren garaiko askoren lana da egungo euskararen egoeraren oinarrian. Haiek garatu zuten euskara batua, eta berau da egungo euskararen korpusa eta estatusaren oinarria. Haiek asmatu zuten korpusaren definizioan.

Horrez gain, ondorengo hamarkadetan egin den ibilbidea ere onuragarria izan da estatusaren garapenarentzat: hiztunen komunitatetik, instituzioetatik, kulturatik, politikatik… Iraganaren ikuspegi kritikoa galdu barik, antzua da gehiago edo gutxiago egin zitekeen eztabaida. Ari garela da garrantzitsuena, eta aurrera jarraitzeko moldeei buruz hausnarrean gainera. Baina uste dut badagoela inpresio orokor bat euskal kulturan, euskarari dagokion guztian ziklo amaiera batera iritsi garela eta beste bati ekingo zaiola.

Era batera edo bestera, urtekari honetan irakurleak hainbatetan egingo du topo ideia horrekin, esate baterako Alberto Barandiaran kazetariaren kronika nagusian edo Patxi Baztarrikaren artikuluan. Barandiaranek ondo bildu ditu euskararen hiztun komunitatean egun diren kezka eta erronka garrantzitsuenetakoak. Baztarrikak tentsio giroa iragartzen du hizkuntza politikan, Alvaro Rabellik bide bat aurkitu nahia azpimarratzen du eta murgiltze ereduaren hil ala biziko garrantziaz jardun du Hur Gorostiagak.

Kalean ere, Kontseiluak aldarrikatutako “Euskaraz bizi nahi dut” hori, aurrera egiteko gogo orokorraren adierazleetakoa da. Edozelako hazkunde krisitan izaten diren ezaugarri ugari dira egungo euskaldunen komunitatearen egoeran aurki daitezkeenak. Zeren inguruan ardaztuko da etorkizuna? Nortzuk ote dira egungo gazte eroak?

Euskal gizarteak han-hemenka bizi dituen ezaugarriekin kontuan hartuta egin beharko du aurrera euskaldunak, tartean hainbat legezko egoera eta errealitate soziolinguistiko desberdin. Eta, noski, krisi gogorrak eragindako murrizketaren testuinguru itogarrian. Gai batek, halaber, garrantzi berezia hartuko du: Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko hezkuntza ministroaren lege ospetsua iragarri moduan indarrean sartzen bada, arrisku bereziko ziria sartuko zaio euskararen garapenari. 

Hedabideen eremuan sortutako Tokikom eta Hekimenek ere aipamen berezia merezi dute. Murrizketen testuinguruan jaio dira, komunikabideak elkarrekin jardunda hainbat langa errazago gaindituko dituztelakoan. Bakoitzak bere helburu eta izaera ditu, baina bide oparoa izan dezakete oinarrizko gai batzuetan asmatzen badute. Hekimenen kasuan, instituzioen diru-laguntzak eta publizitatea giltzarri dira. Aurrera begira diseinatu beharreko hedabideen behatokia, halaber, hedabideen barrura begiratzeko leiho garrantzitsua bilaka daiteke.

Eta bukatzeko, argitalpen honi buruzko azalpen txiki bat. Iazko Euskal Kulturaren Urtekaria 2011-2012koa izan zen. Esku artean duzun hau 2012koa bakarrik da eta iaz euskal kulturaren esparruan gertatu ziren guztiak jorratzen dira nagusiki. Joerak sailean, alabaina, aurrera begira euskal kulturan puntakoak aurreikusten ditugun gaiei buruzko hausnarketa zorrotzak topatuko dituzu. On egin.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan