Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

LiteraturaSailak



Lubakiak eta bandak

Niretzat argi baitzegoen borroka armatuaren kontrako nobela zela, eszeptikoa zen neurrian (…). Baina ez zen horrela ulertu nahi izan”. Adierazpen horiek egin zituen Ramon Saizarbitoriak duela hamar urte, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan elkarrizketa-liburuan. Ez zen kexu Saizarbitoria Ehun metro tesi-nobelatzat irakurri zelako, baizik eta tesia zuen kritikatzen: ETAren aldeko nobela izatea. Tesi-nobelatzat irakurria izatea, ez al da hori Ehun metrori egin dakiokeen kalterik handiena?

ETAk armak uztea erabaki zuenetik, ETAk literaturan izan duen presentziaren inguruko eztabaidak ugaritu egin dira. Adibideak, askotxo: aurten oihartzun handien izan duten sorkuntza-lanak (Twist, Martutene…); kritikarien interpretazioak (Asier Barandiaranen Gatazka Nafarroako euskal literaturan); Instituzioek bultzaturiko egitasmoak (Etxepare Institutuak, esaterako, Mikel Ayerbek atonduriko Our Wars. Short Fiction on Basque Conflicts testu-antologia babestu du, eta han-hemenka ere gaiaren inguruko mahai-inguruak antolatu ditu). Baina liburu eta ekimen hauen inguruan sorturiko diskurtso, iritzi-truke, solasaldi… guztietan Ehun metro nobelaren eztabaidan hedaturiko parametro bertsuak errepikatu dira: alde ala kontra. Testu literario batean ETAk agerraldia egiten duenean, badirudi halabeharrez testu literarioa ETAren aldeko ala kontrako literaturaren ikur bilakatu behar dela, zokoratu egiten dira testu literarioaren gainerako dimentsio guztiak.

70eko eta 80ko hamarkadako idazleek aldarrikatu zuten lehen aldiz literaturaren autonomia. Jakina, ezin literatura zeharo autonomoa izan, eta literaturaren dinamika kanpo-logika eta barne-logika horien arteko tenkak eraikitzen du. Jakina, estetikaren eta etikaren arteko harremanak, eta politikaren eta poetikaren arteko harremanak ezagun dira, auzia loturaren noranzkoan datza. Etikari diziplina literariotik errepara diezaiokegu, eta politikari ere diziplina poetikotik errepara diezaiokegu, edo kontrara, diziplina literarioa (poetikoa) diziplina etikoaren eta politikoaren zerbitzura jar dezakegu. Inpresioa dut urte honetan azken joera hori gailendu dela.

ETAk armak uzteak ez du literaturan diskurtso politiko-alderdikoia (alde ala kontra) ahuldu, indartu baizik. Ez dugu asmatzen esparru literarioaren dinamikak logika alderdikoi horietatik nola askatu. Bada euskal literaturan tesi-literatura askotxo, baina, noiz utziko diogu euskal literaturako testu oro tesi-literaturaren begiradatik irakurtzeari?

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan