Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2008

Sarrera orokorra

Euskal kultura ere epaituko dute

Xabier Letona

ARGIAko zuzendaria

Urteurren ugariren urtea izan zen 2007a euskal kulturaren munduan. 70eko hamarkadaren bukaera eta 80koaren lehen urteak oparoak izan ziren zentzu askotan eta hasiera haien oihartzunak indarrez heldu zitzaizkigun iaz: Euskadi Irratia, EAEko Euskararen Legea, Elkar, Guggenheim, Kontseilua, Emun, Sustatu, Sareko ARGIA... eta zerrenda ezinak diren beste asko ere bai. Dabilen harriari goroldiorik atxikitzen ez zaiola esaten da eta ibili bagabiltza, baina ez dakigu kultura nagusienen globalizazioan ez urtzeko adinako abiaduran ote den.

Urtekari honetan duzu Joxerra Garziak euskal kulturaz egiten duen irakurketa gazi-gozoa. 2007ko gertakizun ugari ukitu ditu ikuspegi kritikoz eta euskal kulturak aireratu ezinean jarraitzen duela iradokitzen du. Irakurketa eta estrategia bateratuak aldarrikatzen ditu behingoz airea hartzeko.

Tere Irastorza euskal literatura eta euskal idazleari buruz datorkigu galdezka: “Zer dira?”. Euskal liburugintza eta euskaraz idazteko motibazioaz galdera zenbaitzuk eta erantzun ugari uzten ditu Urtekari honetako artikuluan.

Iaz ospatu genuen Sareko ARGIAren 10. urteurrena eta aurten, lehenbiziz, Urtekari hau Interneten ere ikusgai izango da gure webgunean. Iraultza oso bat gertatu da 10 urtetan eta kultura digitala kulturen erraietaraino sartu da mundu osoan, txikiei mehatxu eginez, baina aldi berean bizirauteko beste tresna garrantzitsu bat eskainiz. Dena izugarri azkar. Googlen sartu eta edozer bilatzea betikoa dela badirudi ere, Kaliforniako bilatzailea duela hamar urte sortu zen.

2003an euskal kulturak eta euskaldunen komunitateak azken hamarkadetan bizi izandako erasorik latzena jaso zuen Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin. Aurten auzipetuek ahozko epaiketari egin beharko diote aurre eta 18/98ko auziak utzitako lorratzak ekaitza iragartzen du Egunkaria auzian ere. Bi atal ditu, politikoa bata eta ekonomikoa bestea, eta bigarren honi garrantzi berezia eman bide dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Eta, erantzuna antzu bihurtzeraino, behin eta berriz galdera bera barreiatzen da han-hemenka: Zer egin? Erantzun eraginkorrena, bateratua, haizeak darama behin eta berriz. Zergatik ote? Eta bakoitzak bere erantzunak jarri eta aurrera egiten da. Euskarak eta euskal kulturak larrutik nozitzen dute egoera hori guztia. Gatazka politiko bortitza gainditzen denean konturatuko gara noraino. Uztarriei ihes egiteko azkarrak bagara eta borondaterik badugu bederen.

ARGIAn behinik behin badugu aurrera egiteko gogo bizia. Interneten urratsak ematen jarraituko dugu, besteak beste multimedian –bideoak eta soinu diaporamak-, kulturan eta aisian. Jolasen alorrean ere Argia Jolasen markak bere ibilbide propioari ekingo dio eta, Ametzagaina taldeko Antza eta ASP enpresa bazkideekin, komunikazioan oinarritutako zerbitzu enpresa berria sortu dugu, iametza.

© 2008 Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan