Arg.: Dani Blanco
Idazlea
Halaxe sentitzen da gure urte literarioaren laburpena idazteko enbajada onartu duen idazlea: Nietzscheren esapide batean preso, denbora-kiribil batetik ihes egin ezinik. Ezer ez baita aldatzen, izen batzuk (ez hainbeste) eta izenburu batzuk kenduta; cut & paste “sortzaile” pixka bat egin, eta aurreko urteetako esaldi berrantolatuekin osa daiteke, erraz asko, bilduma hau. Izan ere, aukera hori serioski ari da haztatzen idazlea.
Itzuli da, esaterako, ipuina. Agian ez da inoiz joan gure albotik, baina kontua da aurten ere, narratibari dagokionean, indartsuago etorri direla ipuin liburuak nobelak baino. Idazleak badaki tronpagarria ez ezik, itsusia izan daitekeela sariez hitz egitea, are gehiago hau bezalako urte batean, sarien inguruko edo, barkatu, sari batzuen inguruko kexa dezente egon delarik. Baina zeharkakoak izanik ere, sariak badira joeren nondik norakoen adierazle: Kritikoaren Saria Alonsoren Erretzaileen eremuak eraman du; Erein Saria Linazasororen Diotenez bikainak; Euskadi Saria Montoiaren Euskal Hiria sutan eder eta mingarriak. Eta ez dira seinale bakarrak: hortxe dauzkagu, besteak beste, Zubiriren Zakur kale eta Rodriguezen Haragia zirraragarria. Eta idazleak pentsatzen du nobelaren zentralitatearen mitoa auzitan jarri beharra dagoela, behingoz, euskal literaturari buruz ari garenean, horren zergatiak garatzeko lekurik ez duen arren.
Itzuli dira, noski, itzulpenen inguruko kontuak: euskarara egiten direnei buruzkoak, eta gure literaturaren balizko esportazioari dagozkionak. Lehenengoez, aurreko urteetako joerak berretsi dira: literatura oso garaikideko zenbait liburu gurera ekartzea (Auster, Taia, Boyne…) positibotzat baino ezin daiteke jo; gehienak nobelak, bide batez esanda, eta agian, I. Egaña adiskideak iradoki bezala, gure literaturak produzitzen ez dituen horien ordezkoak, nolabait. Ifrentzua: gure literatura ez zaio, berez, ia inori interesatzen, eta hortik bueltaka dauzkagun bizpahiru idazleekin ondo baino hobeto hornitzen dugu Letren Errepublika Unibertsalak onartzen duen euskal exotismoaren kuota. Gainontzekoak, gure agintarien diru-konpromiso sendoagoen zain (euskal liburuen itzulpenerako programez ari da idazlea), kasualitatearen mende egoten jarraituko du.
Itzuli da, zer esanik ez, irakurlegoaren inguruko kezka: gure mal du siècle da, eta mendea hasi baino ez da egin. Argi dago aspaldi igaro zirela irakurle militantearen garai onenak, eta badago dioenik euskal literatura euskal idazleek baino ez dutela irakurtzen. Eta hortxe egon daiteke, bururatzen zaio idazleari, soluzioa: bihur ditzagun euskaldun guztiak idazle, eta irakurleak izango ditu, azkenik, gure literaturak, literatura metastasiko bilakatuko den arren. Bidea hortxe bertan dago, telefono-hariaren beste aldean, blogen munduan adibidez.
Itzuli da, azkenik, Gauza: beste noizbaiterako utzi beharko dugu gerraosteko balizko literatura hori. Historia errepikatzen denean ez da tragedia bezala izaten, fartsa bezala baizik, Karl zaharrak zioen moduan, eta idazleak bere buruari galdetzen dio ea zein formapean egiten duen hirugarren edo laugarren aldiz errepikatzen denean: egloga bezala? Sainete moduan? Epigrama gisa? Auskalo; ahalik eta laburrena izan dadila, behintzat. Edonola ere, euskal literaturak jarraituko du, zer erremedio, asuntoaren inguruko berri ematen.
© 2009 ARGIA.com