Urte naturala akitzen den unean erdiratu ohi da “gure” literaturaren oparoena. Abendurako –abenduak dio Durango– erditzen da nasai. Nasai, ez lasai. Euskadi Sariak abenduan banatu ohi dira. Abendu ostean Urtekaria galtzarbean heldu gara hiriko plazara. Iaz Utikan Euskadi Sariak manifestuaren eragilea ekarri genuen, Jon Alonsoren kritika, hots. Harri eta Herri gogoangarri hartatik hiri, plaza eta ubide ugari korritu du “gure” literat(urak). Aurten ere, literatura “gure” bidean. (H)iRri eta SarRi.
2006ko azaroan eginako Galeusca topaketetako testuak argitaratu zituen Euskal Idazleen Elkarteak tabuaren inguruan.
Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poema liburua ingelesez kaleratu zuen Graywolf Press argitaletxeak.
60 olerki laburrez osatutako Bide ertzeko printzak liburua kaleratu zuen Andoni Salamerok. Bere lehen liburuarekin bezala, zumarragarrak autoedizioaren aldeko hautua egin zuen bigarrenarekin.
Zaldibarko liburutegiak irabazi zuen irakur zaletasuna bultzatzeko Espainia mailako Maria Moliner kanpaina.
Zarauzko Udalak antolatutako XXV. Lizardi Saria literatur lehiaketa irabazlerik gabe geratu zen.
Literaturako Nobel Sariak euskaratzeko XX. Jokin Zaitegi beka Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk irabazi zuten.
Jose Ricardo Lozano Santos gasteiztarrak irabazi zuen ipuinen ataleko euskarazko Donostia Hiria Kutxa literatur saria, Hasperenka lanarekin. Antzerki atalekoa berriz, Alegiko Luis Haranburu Altunak eskuratu zuen Josafat antzerki lanarekin.

Juan Carlos Ruiz
Jon Alonso idazleak iritzi artikulu mamitsua idatzi zuen ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian. Euskadi Sarietako Itzulpenaren Sailean epaimahaikide bezala bizi izandako esperientziatik abiatuta, Euskadi Sarien inguruko kritika zorrotza egin zuen Alonsok, eta horrek oihartzun zabala izan zuen. Otsailaren 16ean hogeitamar bat euskal idazlek Utikan Euskadi Sariak manifestua irakurri zuten Donostian, sarietan parte hartzeari uko eginez. Idazleen artean aurkitzen ziren: Txillardegi, Xabier Mendiguren, Josu Landa, Koldo Izagirre, Julen Gabiria, Iñigo Aranbarri eta Jon Alonso, besteak beste. ARGIA Urtekariko artikuluak eta Utikan manifestuak aldeko eta kontrako iritzi ugari sortu zuen euskal literaturzaleen artean.
Paul Austerren Travels in the Scriptorium eleberria euskaratu zuen Oskar Aranak. Alberdania argitaletxeak kaleratu zuen Bidaiak scriptoriumean zehar izenburupean.
Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak I. Mikro Ipuinen Saria antolatu zuten.
Susa argitaletxeak Klasikoen gordailuari 174 liburuetako testuak gehitu zizkion.
Oihan Zubizarreta arrasatearrak irabazi zuen Bergarako Jardun elkarteak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketaren 15. edizioa.
Ines Goikoetxeak laugarren olerki liburua kaleratu zuen: Orbain gabeko ihintz tanto txertatuak izeneko lana, Beta argitaletxearekin.
Amaia Iturbide bilbotarrak Lore mutuak eta tuaren ezkontzak izeneko poema liburua plazaratu zuen, Madrilgo Atenea Linguistika Aplikatuen Zentroaren eskutik.
Hiria euskal literaturan gaia ardatz hartuta Jon Kortazarrek, Miren Billelabeitiak, Ur Apalategik, Ibon Egañak, Alvaro Rabellik, Irati Arratibelek eta Amaia Munarrizek idatzitako hitzaldiak bildu zituen Cuardernos de Alzate aldizkariaren 35. zenbakiak.
EIZIEk urteko batzarra egin zuen Beatriz Zabalondo izendatu zuten lehendakari.
Uxue Alberdi elgoibartarrak Aulki bat elurretan liburua kaleratu zuen Elkarren babesean. Fertxu Izquierdo iruindarrak ere bere lehen lana kaleratu zuen Pamielarekin: Gerratearen aztarnak poema liburua.
Hasier Etxeberriak Iturrino Handia bere azken nobela aurkeztu zuen. Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorea eta Joxerra Garzia idazle eta irakaslea izan zituen lagun aurkezpen lanetarako.
Vasco Pratoliniren Maitale koitaduen kronikak eta Isaak Babelen Zalditeria gorria kaleratu zituzten euskaraz, Literatura Unibertsala bilduman. Lehen Mundu Gerran girotutako bi lanak Koldo Bigurik (italieratik euskarara) eta Olga Martinez Marigortak eta Roberto Serranok (errusieratik euskarara) itzuli zituzten, hurrenez hurren. Bi liburuak Alberdania eta Elkar argitaletxeek plazaratu zituzten.
Inazio Mujika Iraolak Sagarrak Euzkadin liburua kaleratu zuen Alberdaniaren eskutik. Jaurlaritzako Ondare zuzendari Arantza Arzamendik eskatuta idatzi zuen Kuireka izeneko 36ko gerrako gudariaren istorioa.
Katixa Agirre gasteiztarrak bere lehen liburua kaleratu zuen Elkar argitaletxearekin: Sua falta zaigu izeneko ipuin bilduma. Bestalde, idazle gazteak X. Igartza saria irabazi zuen abuztuan, Etxetik irten gabe ipuin liburuaren proiektuari esker. Irati Jimenezen Ezinen ostatua eleberriak akzesita lortu zuen sari horretan.
Galtzagorri elkarteak Animaliek hizketan zekiten garaian izeneko literatur aretoa paratu zuen Ordizian, gaztetxoen artean literatur zaletasuna suspertzeko.
Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak R.M. Azkue literatur lehiaketako sariak banatu zituzten Bilbon.
Erein-Euskadiko Kutxa saria Karlos Linazasororen Diotenez narrazio bilduma esperimentalari eman zioten. Donostia Opera Prima saria berriz, Aitziber Etxeberriak irabazi zuen 31 baioneta nobelarekin.
Susa argitaletxeak Harkaitz Zubiri donostiarraren lehen liburua argitaratu zuen, Zakur kale izenburupean.
Elkar argitaletxeak haur eta gazte literaturako hiru lan berri kaleratu zituen: Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren Mixi Marrau ipuina, Antton Kazabonen Atearen atzean eta R.L. Stine estatubatuarraren Hil ala bizi. Stineren lana Itziar Otegik euskaratu zuen.
Oihenart, Eusko Ikaskuntzaren Hizkuntza eta Literatura Koadernoak aldizkariaren 22. zenbakiak Unai Elorriaga idazlearen lanari buruzko hainbat artikulu bildu zituen.
Xabier Altubek idatzitako Aldarea lanak irabazi zuen Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa. Igor Arroiok eta Goio Ramosek eskuratu zituzten euskarazko lanen alorreko beste bi akzesitak.
Gabriel Aresti idazle bilbotarrak (1933-1975) Egan literatur aldizkarian idatzi zituen sei ipuinak berrargitaratu zituen Ikeder argitaletxeak.
Jon Alonsoren Erretzaileen eremua eta Koldo Izagirreren Rimmel lanak jaso zituzten 2007ko Espainiako Kritikaren Sariak, narratibaren eta poesiaren alorrean, hurrenez hurren. Koldo Izagirrek uko egin zion sariari.
Pio Barojaren 37 ipuin biltzen dituen Ipuinak liburua argitaratu zuten, Felipe Juaristik euskaratua.
Hans Christian Andersenen jaiotza oroitzeko Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan. Euskal Herrian ere hainbat ekimen egin ziren, Galtzagorri Elkarteak bultzatuta.
Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) liburuaren ingelesezko itzulpena aurkeztu zuen Manhattanen, New Yorken. Idazle ondarroarraren lana AEBetako eta Kanadako liburu-dendetan banatu zuten.
Sarako Idazleen 24. Biltzarrak autore ugari bildu zituen berriz ere, 150 inguru hain zuzen.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 111 Akademia sortu zuen euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura sortzeko eta irakurlearen presentzia eta parte-hartzea sendotzeko helburuarekin.
Euskaraz, galizieraz, katalanez, gaztelaniaz eta portugesez idazten duten idazleen testuak oinarri dituen Ipuin Iberiarrak ikuskizunarekin abiatu zen Zornotzan Ahozkotasunaren Nazioarteko VII. Jaialdia.
Juan Jose Agirre Lazkaoko beneditarren liburutegiko arduradunak jaso zuen Euskal PEN Klubaren 2007ko Idazluma.
Antonio Tabucchi idazle italiarraren Porto Pimeko dama eta Oker ttiki garrantzigabeak narrazio liburuak kaleratu zituzten euskaraz, Elkar eta Alberdania argitaletxeek, Literatura Unibertsala bilduman. Bi kontakizunak Fernando Reyk euskaratu zituen.
Bernardo Atxagak Markak. Gernika 1937 saiakera aurkeztu zuen, Gernikan. Jose Labauria 1937an Gernikako alkate zenak Gernikako bonbardaketa nazioartean salatzeko garai hartako Euzko Jaurlaritzak kaleratu zuen liburuxkatik abiatuta idatzi zuen Atxagak Pamielak argitaratutako saiakera. Pamielak Euzko Jaurlaritzaren 1937ko agiriaren faksimila ere argitaratu zuen.
Euskal Herriko Unibertsitateak Egungo eleberriaren historia liburua argitaratu zuen. Iratxe Retolaza literatur kritikariaren zuzendaritzapean, 80ko eta 90eko hamarkadetako euskal eleberrigintza aztertzen du lan horrek.
Beñat Sarasola donostiarrak Kaxa huts bat liburua plazaratu zuen Susa argitaletxearekin.
Erein argitaletxeak Karlos Linazasororen Diotenez narrazio laburrez osatutako liburua eta Aitziber Etxeberriaren 31 baioneta nobela historikoa kaleratu zituen.
Fertxu Izquierdok irabazi zuen euskarazko literatur egitasmoentzako Iruñea Hiria beka.
Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara Iruñeko Biurdana Institutuak zortzigarrenez irakurketa publikoa antolatu zuen.
Aritz Gorrotxategik Zaldi hustuak izenburuko bere bigarren poema liburua kaleratu zuen Erein argitaletxearekin. Egilearen esanetan, Troiako zaldia da poemen abiapuntua.
Olerti Etxearen De re bibliographica aldizkariaren 2. zenbakiak, ustez Tomas Kempisek idatzitako De imitatione Christi edo Kempisa liburuaren euskarazko bertsio guztien berri eman zuen.
Juan Luis Zabala idazleak txirrindulari baten kezkak eta zalantzak bildu zituen Bideak, aldapak eta bihurguneak izeneko narrazio laburrean. Elkarren Bizi Taupadak sailean argitaratu zuten gazteentzat idatzitako lana.
Elkar Fundazioak Joseba Jaka beken seigarren edizioko irabazleen berri eman zuen. Joxean Agirre (La lutte finale) eta Unai Elorriaga (Londres kartoizkoa da) saritu zituzten nobelan, Xabi Borda (Zutabe eraitsiak) eta Castillo Suarez (Bidegurutzeak) poesian, Uxue Alberdi (Hamaika makila) eta Isabel Etxeberria (Mambo number five) haur eta gazte literaturan eta azkenik, Juan Bautista Bengoetxea (Cyborgaren otzantasuna) eta Joxe Manuel Odriozola (Abertzaleak eta euskara) saiakeran.
Euskal Idazleen Elkarteak zuzendaritza batzordea berritu zuen Donostian egindako urteko batzar nagusian. Asel Luzarraga, Gerardo Elorza, Ixabel Etxeberria eta Mikel Peruarena aukeratu zituzten zuzendaritza batzordeko kide.
Pahl-Rugenstein argitaletxeak euskal literaturari eskainitako bilduma abiatuko zuela iragarri zuen. Zubiak-Baskische Bibliothek izeneko bilduman Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Edorta Jiimenezen Kilkerren hotsak kaleratu zituzten alemanez.
OEPLI Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak Mariasun Landa idazlea aukeratu zuen IBBY elkarteak antolatzen duen Hans Christian Andersen sarirako, idazleen atalean. Galtzagorri Elkarteak aurkeztu zuen Mariasun Landaren hautagaitza. Irabazleen izenak 2008ko irailean jakinaraziko dira, Kopenhagen egingo den IBBYko kongresuan.
Josetxo Oruetak Pol eta Val gazteei zuzendutako liburua kaleratu zuen Pamiela argitaletxearekin.
Pablo Sastrek Gauzen presentzia liburua kaleratu zuen Elkar argitaletxearen Eztabaida sailean. Sastrek egungo gizarteaz gogoeta egin du objektuen eta haien erabileraren bitartez.
Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Liburulibre izeneko ekimena jarri zuen martxan, Bookcrossing deiturikoaren antzekoa.
Karmele Jaiok Beterriko Liburua Literatur Aipamena jaso zuen Larraulgo kultur etxean.
JosAnton Artzek 1969an kaleratu zuen bere kabuz Isturitzetik Tolosan barru lana. Liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuten Pamiela argitaletxeak eta Arteola elkarteak.

Juan Carlos Ruiz
Eva Forest idazle eta argitaratzailea hil zen, 79 urterekin. Forest Bartzelonan jaio zen. Espainiako gerran, aita hil ostean, Suitzara eraman zuten errefuxiatuen umeentzako haurtzaindegi batera. 1947an Bartzelonara itzuli zen eta Madrilen Alfonso Sastre antzerkigilea ezagutu zuen medikuntza ikasketak egiten ari zela. Azken 30 urteetan Euskal Herrian bizi izan zen. Bere liburu arrakastatsuenen artean Operación Ogro (1974), Diario y cartas desde la cárcel ( 1975), Tortura y Democracia (1987) eta Proceso al jurado (1997) daude. 1990ean Hiru argitaletxea jarri zuen abian.
Iratxe Esnaola donostiarrak irabazi zuen Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako ipuin erotikoen lehiaketa, Egin mesedea izeneko lanarekin.
Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Gerlari handia lanak irabazi zuen Nafarroako hainbat euskara zerbitzuk antolatutako Etxepare Literatur Saria.
Jose Basterretxea Oskillasok idatzitako Kurloiak nobelaren edizio berritua argitaratu zuen Labayru ikastegiak, Adolfo Arejita Labayruko kide eta euskaltzainak egokitua.
Jon Mirandek idatziko Haur besoetakoa sarean jarri zuen Susa argitaletxeak, Klasikoen Gordailuan. Nobelarekin batera 1951 eta 1963 artean plazaratutako Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak ere zintzilikatu zituzten Interneten.
Mikel Asurmendi ARGIAko kazetariak Komatxo artean 1. Elkarrizketa literarioak eta Komatxo artean 2. Mahai-inguruak liburuak aurkeztu zituen Donostian. Herri Irratiko Komatxo artean saioan 2000 eta 2006 artean egindako 30 elkarrizketa eta 10 mahai-inguru bildu dituzten liburuak Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu zituen.
Ttarttalo argitaletxeak Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak nobelaren gaztelaniazko itzulpena kaleratu zuen El Canto de los grillos izenburupean.
Juan Kruz Igerabidek Zaku bete hauts haurrentzako ipuin bilduma kaleratu zuen Aizkorri argitaletxearekin. Joxe Arratibel, Joxe Miel Baranadiaran, Xabier Etxaniz eta Joxe Mari Satrustegik idatzitako hainbat ipuin jaso eta moldatu zituen Igerabidek lan horretan.
Katuaren irribarrea haurrentzako ipuina kaleratu zuen Pako Sagarzazuk Elkar argitaletxearekin.
Duela sei urte hil zen Salbador Zapirain Atañoren beste bi eleberri plazaratu zituen Sendoa argitaletxeak Auspoa sailean. Berezko iltzailea eta Ovni nobelak.
Patxi Iturregi idazle laudiotarrak Dioramak izeneko liburua kaleratu zuen. 66 ipuin bildu ditu Iturregik bere hirugarren ipuin bilduman.
Raul Guerra Garridoren ipuinak euskaraz kaleratu zituen Bermingham argitaletxeak. Jende iluna izeneko liburua osatzen duten zazpi ipuinak Luis Padronek eta Pello Otxotekok itzuli zituzten.

Juan Carlos Ruiz
Elena Odriozolak Espainiako Haur eta Gazteen Liburuen Ilustrazio Onenaren bigarren saria irabazi zuen. Bestalde International Board on Books for Young People (IBBY) erakundeak bi urtez behin osatzen duen ohorezko zerrendan sartzeko hautatu zuen Miren Agur Meaberen Urtebete itsasargian liburua (Elkar). Eta Elena Odriozolak Begira-begira liburuan egindako ilustrazioek ere zerrenda horretan sartzeko aukera zuen.
Pamiela argitaletxeak Juan Carlos Etxegoienek idatzitako Orhipean. Gure herria ezagutzen liburua ingelesez (Orhipean. The Country of Basque) kaleratu zuen.
Pedro Alberdi eibartarrak irabazi zuen Bildoko Udalak antolatzen duen Miguel Unamuno saiakera saria, Carlos esaten zioten gizona lanarekin.
Luis Garde iruindarrak Haize hegoaren aroak poema liburua kaleratu zuen, Pamiela argitaletxearen eskutik. Gardek 53 poema bildu ditu bere bigarren liburuan. ztutakoen artean onenetakoa delako, literatur kritikarien ustez.
Oskar Arana itzultzaile arabarrak George Orwellen 1984 nobela ezaguna euskaraz kaleratu zuen, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Bestalde, Xabier Mendigurenek Lierni eta morrokoa (Elkar) umeei zuzendutako liburua argitaratu zuen. Jose Belmontek egin zituen ilustrazioak.
Juan Kruz Igerabidek Kakotxen k herrialdea liburua kaleratu zuen. Haur eta gazteentzat idatzitako lanentzako SM Fundazioaren Baporea saria irabazi zuen 2006an lan horrek. Bestalde, Josetxo Oruetaren Los Planes de Lidia (Lidiaren asmoak) komedia futurista plazaratu zuen Erein argitaletxeak. Halaber, Pamielak Rufino Larreche politikari errepublikarraren biografia kaleratu zuen, García Larrache, un republicano navarro euskaldun (Garcia Larrache, errepublikar nafar euskaldun bat) izenburupean.
Isabel Celaa PSE-EEko legebiltzarkideak Euskadi Sarien oinarriak berrikusteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eta Fernando Aranburu, eta Francisco Javier Irazoki idazleek sarietan ezin parte hartzea salatu zuen baldintzetako bat betetzen ez zutelako.
Donostiako Liburu eta Disko Azoka ospatu zen. 42 erakusmahai eta 50 erakusle bildu zituen 32. edizioak.
Marguerite Yourcenarrek 1938an idatzi zuen Le coup de grâce eleberria euskaraz argitaratu zuen Alberdania etxeak. Itzulpena Josu Zabaletak egin zuen.
Nazioarteko PEN Klubak Dakarren (Senegal) egin zuen bere kongresua. Bertan 400 idazle bildu ziren, horien artean Euskal PEN Klubeko hiru ordezkari: Paul Bilbao, Asier Serrano eta Laura Mintegi.

Dani Blanco
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zuela 50 urte pasa ziren. Hori zela-eta, Euskaltzaindiaren Literatur Ikerketa batzordeak hitzaldi orta antolatu zuen.
IBBY zerrendak kalitate handiko Haur eta Gazte Liburuak bildu zituen. Patxi Zubizarretaren Urrezko Giltza (Erein) jatorrizko lana eta Juan Mari Mendizabalen Bidaia munduaren amaierara (Erein) itzulpena sartu zituzten zerrendan.
Asun Balzola ilustratzaile bilbotarra zendu zela urte bete igaro zenean, bere kultur ondasuna Donostiako Udal Liburutegi Nagusiaren esku uztea erabaki zuen haren alargunak, Sante Bonaccik.
Eako Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatutako Poesia Egunak ekimenak emakumezkoan literatura izan zuen ardatz. Besteak beste, Iratxe Retolaza, Edorta Jimenez, Eider Rodriguez, Leire Bilbao, Maria Do Cabreiro eta Daniel Salgado idazleek parte hartu zuten bertan.
Oiartzungo Udalak Juan Mari Lekuonaren (1927-2005) ibilbide poetikoaren inguruko DVDa argitaratu zuen: Berez doana zertan behartu.
Bernardo Atxaga, Rikardo Arregi eta Miren Agur Meabe idazleek Six Basque Poets (Sei euskal poeta) liburua aurkeztu zuten Eskozian, Edinburgoko Literatur Jaialdian. Mari Jose Olaziregik hautatu eta Miren Gabantxok ingelesera itzulitako poemak biltzen ditu liburuak. Felipe Juaristi, Kirmen Uribe eta Joseba Sarrionandiaren poemak ere jaso zituen Arc argitaletxe ingelesak kaleratu zuen lanak.
Jon Arretxek idatzitako Sustrai beltzak ipuin liburua gaztelaniaz kaleratu zuen Elea argitaletxeak. Beldurrezko ipuinen itzulpenak Ander Izagirre idazleak egin zituen.
Donostiako XXII. Liburu Zahar eta Aukerakoen Feria egin zen Donostiako Gipuzkoa plazan.
Virus argitaletxeak Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa) nobela katalanez argitaratu zuen 2006an. Michelle Angiolillo anarkistak Canovas del Castillo agintari espainiarra tiroz hil zuela 110 urte pasa zirenean, Izagirreren nobelaren katalanezko bertsioa Interneten jarri zuen Susak irakurgai.
EIZIEk Literatur Itzultzaileen lantegia antolatu zuen laugarren urtez Durangon. Lantegi honen helburua da euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzea. 2006an Euskadi Saria jaso zuen Iban Zaldua izan zen idazle gonbidatua eta haren Itzalak liburuko izen bereko narrazioa itzuli zuten frantsera, alemanera, italierara eta gaztelaniara. Ondoren, mahainguru batean itzulpen guztiak entzuteko aukera izan zen.

Dani Blanco
Asier Serrano idazle eibartarrak Picassoren zaldia (Elkar) poema liburua plazaratu zuen. Serranok “amodioaren eta iraultzaren inguruan dagoen hiztegiari buelta bat eman eta desmitifikatzea” bilatu du liburuan. Bestalde Eskuetan Mapak (Txalaparta) eleberria ere kaleratu zuen Serranok, 90eko hamarkadako Eibarren kokatua.
Xabier Mendiguren Elizegik zortzi urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako Gurpil gainean noa (Giltza) liburua plazaratu zuen. Patxi Gallegok egin ditu liburu horretako ilustrazioak.
Donostiako Meettok argitaletxeak euskaraz kaleratu zuen Woody Allen-en azken liburua: Anarkia hutsa ipuin bilduma.
Karmele Jaio idazle gasteiztarrak Zu bezain ahul (Elkar) liburua argitaratu zuen. Bestalde, Josu Zabaletak Gesualdo Bufalino idazlearen Gaueko gezurrak liburua euskaratu zuen, Mikel Garmendiak Ernesto Sabatoren Tunela eta Alberto Martinez de la Cuadrak Chinua Acheberen Gainbehera dator dena.
Gasteizko Okasioko Liburuen Azoka kateak zabaldu zituen. 32 stand jarri zituzten Gasteiz hiribidean.
Aitor Aranaren Hilezkorrak eleberriak irabazi zuen Baporea Literatur Saria. Liburuak XXV. mendera garamatza, gizateriak hilezkortasuna eskuratu duen garaira.
Euskal Editoreen Elkarteak Bartzelonako Liber eta Frankfurteko nazioarteko liburu azoketarako ekimenak antolatu zituen euskal liburuaren presentzia nazioartean indartzeko helburuarekin. Euskal editoreek standa izan zuten azoka horietan.
Idazle eta ikasleen artean nolabaiteko harremana sortzeko helburuz, ikasturtean zehar 420 saio antolatu zituen Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), aurrekoan baino 50 gehiago. Idazleak ikastetxeetan ekimenean, ikastetxeek idazle bat eta haren liburu bat hautatu zuten; liburua gelan landu eta gero, idazlearen bisita jaso zuten.
Joxe Azurmendi filosofo eta idazleak Volksgeist-Herri Gogoa. Ilustraziotik nazismora liburua kaleratu zuen, ia 200 urtean 'Volksgeist' hitzak izan duen bilakaera islatzeko. Elkar argitaletxeak plazaratu zuen liburu berria eta pentsamendu politiko modernoaren ibilbidea ere egin zuen Azurmendik.
Miel Anjel Elustondo idazle eta kazetariak Western Basque Festival (Susa) liburua kaleratu zuen. 1959ko ekainean lehenengo Western Basque Festival jaialdia egin zen Nevadako (AEB) Sparks herrian, eta ekitaldi hura izan zuen hizpide Elustondok liburu berrian. Bere hitzetan, AEBetako euskaldunen historian, jaialdi hura “giltzarri” izan zen.
Edorta Jimenezek eta Joxe Arregik Jainkorik bai ala ez? Erlijioari buruz eztabaidan (Elkar) elkarrizketa-liburua kaleratu zuten. Bestalde, Aitor Aranak Oscar Wilde idazle irlandarraren De profundis lana euskaratu zuen. Txalapartak argitaratu zuen liburua.
Euskal literaturako nahiz literatura unibertsaleko 75 eleberri itsuek irakur ahal izateko egokituko zituztela jakinarazi zuten, Eusko Jaurlaritzak eta ONCEk egindako hitzarmenari esker. Eusko Jaurlaritzak 70.000 euro emango ditu egokitzapenerako eta ONCE arduratuko da hura gauzatzeaz.
Literatura Eskola ekimenak Larrabetzutik Euskal Herriko beste hainbat hiritara egin zuen salto. Hilean behin, literaturaren inguruko hitzaldi-eztabaidak egin ziren, pasa den ikasturtean parte hartu zuten ikasleek proposatutako gaiak ardatz gisa hartuta. Iñigo Aranbarrik eta Anarik eskainitako hitzaldiak eman zien hasiera egitasmoari, Larrabetzun. Jon Benito, Harkaitz Cano eta Jon Alonso izan ziren hizlari, besteak beste, hurrengo hilabeteetan.
Mikel Olanok irabazi zuen euskarazko nobela saileko Irun Hiriko Kutxa literatur lehiaketa, Azkuko belagaian liburuari esker. Poesia atalean Mikel Ibarguren gailendu zen, Ahapetik lanarekin. Gaztelaniazko sailean bestalde, Alvarez Gilen Concierto para una violinista eleberria eta Santos Dominguez Ramosen La flor de las cenizas poesia liburua saritu zituzten.
Miren Agur Meabe lekeitiarrak Haur eta Gazte Literaturari dagokion Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, Urtebete itsasargian (Elkar) liburuarekin. Juan Bas bilbotarrak, bestalde, Gaztelerazko Literaturari dagokion saria jaso zuen, Voracidad (Ediciones B) lanari esker. Bestalde, Iñaki Gomez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendariak sari-banaketan adierazi zuenez, Gaztelaniazko Literaturako Euskadi sariko oinarriak aldatu egingo dituzte. Orain arte ez bezala, 2008tik aurrera Euskal Herrian jaiotako idazle guztien lanak hartuko dituzte kontutan, idazlea kanpoan bizi den arren.
Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko idazleen Galeusca kongresua egin zen Lugon (Galizia), Imaxinario na literatura (Iruditerea literaturan) lelopean. Iruditeriak literatura klasikoan nahiz garaikidean duen eragina aztertu zuten idazleek. Horien artean izango ziren, besteak beste, Leire Bilbao, Aritz Gorrotxategi, Fito Rodriguez, Oier Guillan eta Iratxe Retolaza. 2007ko edizioan Xose Estevez eta Basilio Losada idazle galiziarrak omendu zituzten.

Dani Blanco
Xabier Montoia gasteiztarrak irabazi zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ematen duen Euskadi Literatur Saria, euskarazko arloan, Euskal hiria sutan (Elkar) narrazio bildumari esker. Itzulpengintzako Euskadi Saria, berriz, Fernando Reyri eman zioten, Antonio Tabucchi italiarraren Sostiene Pereira nobela euskararatzeagatik. Pereirak dioenez (Igela) izenburupean kaleratu zuen liburua.
Alberdania argitaletxeak Kessmann Taylorren Ainsi rêvent les femmes, Lydia Flemen Lettres D'amour en héritage eta Jean-Paul Duboisen Vos plaisantez, monsieur Tanner nobelak plazaratu zituen euskaraz. Aurreneko biak Joxan Elosegik itzuli zituen. Horrela egiten dute emakumeek amets eta Amodio gutunak oinordetzan izenburupean argitaratu zituzten. Hirugarrena Txantxetan ari zara, Tanner jauna Mikel Garmendiak euskaratu zuen.
Bere aurreko bi eleberrietan bezala, Zubigileak (Susa) nobelan ere amaiera aldera batu egiten diren bi istorio tartekatu zituen Lutxo Egiak.
Alberdaniak hiru liburu plazaratu zituen euskaraz: John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (The Boy in the Striped Pyjamas), Luis Sepulvedaren Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena (Historia de una gaviota y del gato que le enseño a volar) eta Patrick Suskinden Perfumea. Hiltzaile baten historia (Das Parfum. Die Geschichte eines Mörders). Aurrenekoa Mirentxu Larrañagak itzuli zuen, bigarrena Jesus Mari Mendizabal Bizargorri-k eta hirugarrena Miren Arratibelek.
Miren Agur Meabe, Hoda Hussein (Egipto), Mercedes Abad (Katalunia) eta Judith Kaatzir (Israel) idazleek hartu zuten parte Emakume Idazleen XX. Topaketetan. Donostiako Alde Zaharreko Liburutegi Nagusian izan ziren Donostiako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza Sailak antolatzen dituen jardunaldiak.
Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarrak 1977ko errealitate soziala islatu zuen Elvis hil zen urtean (Elkar) liburuan. Istorioa herri industrializatu batean gertatzen da, “euskaldunak eta erdaldunak kopuruz berdintsu izango diren herrian”.
Charles Bukowski (1920-1994) idazle estatubatuarrak 70 urte zituela argitaratu zuen Septuagenarian stew narrazio bilduma. 21 narrazio horiek euskaraz kaleratu zituen Elkarrek. Liburua Mikel Olanok itzuli zuen.
Fernando Morillok liburu berria idatzi zuen, bereziki nerabeei zuzendua: Seximenduz (Elkar). Ligatzeko zer egin behar den erakusten duen eskuliburu gisakoa da.
Markos Zapiain idazle irundarrak Txillardegi eta ziminoa (Susa) saiakera literarioa argitaratu zuen. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren eleberrietan, 1957an idatzitako Orangutanen ugartea liburutik hasi eta kaleratu berri duen Horretaz saiakera bilduma arte, animaliek –tximinoek bereziki– duten presentzia aztertu zuen Zapiainek liburu horretan.
Felipe Juaristik Ez da gaua begietara etortzen (Erein) nobela argitara eman zuen. Hiltzea erabakita zuena ez, beste pertsona bat hil zuten ETAko kide batzuen istorioa da. Bestalde Etxearen negarra (Elkar) gazteei zuzendutako eleberria ere plazaratu zuen Juaristik.
Aitor Aranaren Ordaina ipuina, Oier Guillanen Ate hautsiak poesia liburua eta Manu Lopez Gaseniren Mozorroa ispiluan saiakerak irabazi zituzten Arabako Foru Aldundiak antolatutako Ignacio Aldecoa, Ernestina de Champourcin eta Becerro de Bengoa sariak, euskarazko atalean.
Pako Aristik Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n idatzi dituen 80 zutabe bildu zituen Udan lana egiten zuen gizona (Erein) liburuan.
Gotzon Barandiaran idazleak Katamalo (Susa) poema liburua kaleratu zuen. Liburuko poema batzuk izen bereko diskoan bildu zituzten Bihotz Bakartien Klubeko Katamalo taldeko idazle eta musikariek. Diskoa Gor-ek plazaratu zuen.
Edorta Jimenezek Azeria eta lehoia (Txalaparta) eleberria plazaratu zuen. Baleen berbaroa eta Sukar ustelaren urtea nobelek osatzen zuten trilogiari amaiera eman zion liburu berriak. Jon Arretxek, bestalde, genero beltzari heldu zion Morto Vivace (Elkar) eleberrian. Hirugarren liburu bat ere aurkeztu zuten: Patrick Süskinden Sommer jaunaren istorioa (Erein). Liburua Lourdes Oñederrak euskaratu zuen eta hura oinarritzat hartuta, Txalo antzerki konpainiak izen bereko obra estreinatu zuen Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokan.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik bere kezka nagusiei buruzko zazpi saiakera bildu zituen Horretaz (Elkar) liburuan. Mariasun Landak, bestalde, Festa aldameneko gelan / La fiesta en la habitación de al lado obra autobiografikoa (Erein) plazaratu zuen. Joxe Arregiren liburu berriak Jainkoaz galdezka (Alberdania) du izena. Berrogei euskal idazlek Jainkoaren irudiaz duten ikuspegia bildu zuen Arregik bertan.
Igela argitaletxeak Stefan Zweig-en Twenty Four Hours in the life of a woman eta Bill S. Ballinger-en The wife of the red-haired man nobelak euskaraz kaleratu zituen. Aurrenekoa Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan Edorta Mataukok itzuli zuen eta bigarrena Ilegorriaren emaztea Xabier Olarrak. Bestalde, Juan Kruz Igerabidek gazteei zuzendutako Bagdadeko aurpegiak (Erein) eleberria plazaratu zuen, eta Eneko Bidegain kazetari eta idazleak Iparretarrak erakundearen historia jaso zuen Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia (Gatuzain) liburuan.
Durangoko azokarekin batera hainbat liburu aurkeztu zituzten: A las ocho en el Bule (Xabier Silveira, Txalaparta); Relax (Rafa Ugalde, Txalaparta); Cipayos? Policía vasca o brazo armado del PNV (Joxean Agirre, Txalaparta); Antzararen bidea (Jokin Muñoz, Alberdania); 110 bazter Donostiako. Ezagutzen duzu Donostia? (Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe, Alberdania); Orhan Pamuk turkiarraren Elurra eleberriaren itzulpena (Monika Etxebarria eta Fernando Rey, Elkar); Haragia (Eider Rodriguez, Susa); eta Javier de Diosen Arrainen bazka liburuaren itzulpena (Harkaitz Cano, Artezblai).
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadi Literatura Sariak banatu zituen, Gasteizen egindako ekitaldian. Miren Agur Meabe (Haur eta Gazte literatura ataleko sariduna), Fernando Rey (Itzulpengintza) eta Juan Bas (Gaztelaniazko literatura) han izan ziren, baina Xabier Montoia Euskarazko literatura ataleko irabazlea ez zen ekitaldira joan.
Iban Zaldua idazlearen Etorkizuna liburuaren gaztelaniazko itzulpena, Porvenir. Diecisiete cuentos casi politicos, aurkeztu zuten Bilboko Casa del Libron, Lengua de Trapo argitaletxeak kaleratua.
Nafarroako hainbat Udal eta Mankomunitateen ekimenez, haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare Bekaren lehen emaitza aurkeztu zuten, Gerlari Handia albuma, sail berri baten lehen alea. Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena marrazkilariak jaso zuten saria.
Eider Rodriguez idazleak, Eta handik gutxira gaur (Susa) lanaren itzulpena aurkeztu du Y poco después ahora (Ttarttalo) izenburupean. Hitzaurrea, Joseba Sarrionaindia idazleak idatzi zuen.
Luis Duranek (Oñati, 1967) Aljebra izeneko komiki liburua argitaratu zuen Bergarako Millaka argitaletxearekin.
Pablo Barrio, Karmele Igartua eta Julen Arriolabengoak irabazi zituzten Euskaltzaindiaren literatur sariak. Barriori, Toribio Altzaga antzerki saria eman zioten Kontrako bidetik lanagatik. Igartuari, Felipe Arrese Beitia olerki saria Hitzak orbainetan poema liburuari esker eta Arriolabengoari, berriz, Mikel Zarate saiakera arloko saria Euskara Ibarguren-Cachopin kronikan ikerketa lanagatik. Bestalde, eleberri saileko saririk ez zuten banatu.
Jon Gerediagak Jainkoa harrapatzeko tranpa (Pamiela) izeneko bere bigarren poema liburua argitaratu zuen.
Julene Azpeitia ipuin lehiaketa Mikel Zubeldiak irabazi zuen Zorionak niri lanarekin.
© 2008 Sareko Argia