Itzultzailea
Literatur itzulpenetan, itzulpengintzako beste arloetan baino areago agian, hitzak askotan ez dira azala, mamia baizik. Hitzak soinuak dira, iradokizunak eta irudiak dira; hitzez osatzen dira esaldiak, baina esaldiak ez dira hitz batuketa edo biderketa soila. Beren azpian ezkutatzen dena da garrantzia duena. Itzulpenaren erronka nagusia sorburu hizkuntzan ezkututarik dagoen hori xede hizkuntzan ematea da. Jatorrizko hitzen musika, iradokizunak eta irudiak xede hizkuntza horretan bilatuz. Azkenean, itzulitakoari jatorrizkoaren osotasuna ematean datza gakoa. Literatur lan jakin baten itzultzaileak osotasun hori ematea lortu duen ala ez jakiteko, xede hizkuntzako irakurleari galdetu ahal zaio. Horrek pertsonaia batean sinistu badu, berarekin sufritu edo goxatu badu, gauean argia itzaltzen kostatu izan bazaio, erdietsi du helburua itzultzaileak. Aldiz, lehenengo paragrafoan loak hartu badu irakurlea, agur. Gakoa da irakurleak itzulpenaren bidez idazle baten ahotsa aditzen duen –jatorrizko hizkuntzako irakurleak bezala–, ala zarata edo zurrumurrua entzuten duen. (Berria 07-11-20)
© 2009 ARGIA.com