EHUko irakaslea
Jon Alonsok iaz txoko honetan bertan idatzitako artikulua aitzakia ezin hobea izan zitekeen euskal kulturari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, baina, Alonsok kritikagai zuena (Euskadi Literatur Sariak) sintomatzat hartu beharrean, sari dontsu horien inguruko ika-mika zalapartatsu bezain antzuan agortu zen artikuluraren eragina.
Hala ere, artikulu honi azken ukituak ematen ari naizela, Euskadi Literatur Sarietan aldaketak egiteko garaia ote den iragarri du Miren Azkarate sailburu andreak, eta izango da noski iragarpen horretan Jon Alonsoren artikuluaren eragina ikusi nahiko duenik ere.
Gainerakoan, ez da azken urte honetan apartekorik ezer gertatu, ez behintzat gure kultur politikan norabide aldaketa iradoki dezakeenik. Efemeride dezente izan denez, atzera begira denbora gehiago eman dugu aurrera begira baino. Zaharrak berri eta berriak zahar, euskal kulturaren ura betiko bere bidean doala esatea ere baikorkeria iruditzen zait oraintxe, euskal kulturarentzat metafora egoki baten bila hasita ibaia gabe aska etortzen baitzait behin eta berriz gogora.
Egia esan, albiste pozgarririk ere izan da azken urte honetan. Haizeen Orrazia eskulturaren inaugurazio berantiarrak, esaterako, badu bere xarma. Izan ere, Peña Gancheguiren plaza eta Txillidaren burdina bihurrituak aurten inauguratu dira, Txubillo mendiaren itsasertzean hogeita hamar urte ikusgai egon eta gero.
Jeneralean, ordea, alderantziz egiten dira gauzak gurean: aurrena inauguratu, eta gero hasi pentsatzen inauguratutako horrekin zer egin. Horren adibide, Gipuzkoan bada Hipomamua izeneko egitasmoa, bere garaian sekulako publizitatea egin zitzaiona. Asteasu alde horretan etxe bat ba omen zela, eta hantxe zerbait antolatzea otuko zitzaion noski kultur arduradun buruargiren bati. Inauguratu eta urte batzuetara, etxea hantxe dago, bere lekuan geldi, mamu huts bihurturik. Egitasmoa nola edo hala aurrera ateratzeko, Newcastle aldera joatea besterik ez zitzaion bururatu kultur arduradun horri, han antzeko egitasmoren bat bazela eta hura ikusiz Hipomamua berpizteko moduko ideiaren bat aurkituko zuelakoan.
Ez aurkituta ere berdin dio, ordea, ez baita ezer gertatzen. Kultur arduradun horrek berak berehala aurkituko du beste etxeren bat, eta han beste inaugurazio handi bat egingo du, sistema bera erabiliz. Bigarren etxe horrek ere funtzionatzen ez badu, hirugarren bat inauguratuko du, teilatutik hasita beti ere. Eta bere alderdiak hauteskundeak galtzen baditu ere, bilatuko diote lekua beste sailen batean, aholkulari edo. Ez da galduko, lasai egon.
Etxea non, inaugurazioa han, hori da sistema. Mamirik gabeko egitasmoak nolabait jantzi behar, eta beti ezaugarri berberak aipatzen dira, edozein dela ere inauguratutako etxea: garaikide, ireki, mundu-mundukoa, globalizatua, teknologia berriak baliatuko dituena...
Horri esaten diot nik haizea orraztea. Bide batez esanda, Txillidaren obrak ematen dio orain izena Ondarretako hondartzaren mutur horri: Haizeen Orrazia. Koldo Izagirreri non edo han irakurria nion leku horrek bazuela noski bere izen propioa, eta saiatu naiz Interneten jatorrizko toponimo hori aurkitzen, baina ez dut ezer lortu. Antza denez, dotore orraztutako haizeak eraman du betiko. Horra hor haizea orraztu zaleen jardunaren ezaugarri unibertsal bat: moderno eta munduko izateko, tokian tokikoari uko egitea beste biderik ez dagoela pentsatzea.
Unibertsaltasuna horrela ulertuta, ez da harritzekoa orraztu eta jantzi bezalakoak izatea ikuspegi horretatik ari direnen aditzik kutunenak. Orraztu eta jantzi, beti ere, kanpoko modaren arabera egin behar da, gure lotsagarrien estalgarri. Balentziagaren museoarena izan liteke moda, lotsakizunak eta estalgarriak modu modernoan bateratzeko eredu egokia. Uste baino hamar bat miloi euro gehiago beharko dira museoa amaitzeko, baina hori eta gehiago merezi du horrelako egitasmo munduko eta mundial batek.
Kultura errentagarri egitea da orain kontua. Duela gutxi ikasi dute hori gure kultur arduradunek, baina bai ondo ikasi ere. Niri, egia esan, onargarria iruditzen zait irizpidea, baina zehaztu behar genuke zeri esaten diogun errentagarri izatea.
Prezioaren eta ordainetan jasotzen denaren arteko erlazio egokia besterik ez da errentagarritasuna. Horrela esanda, ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik formula hori. Komediak gero datoz, formula aplikatzen hasi eta prezioa eta ordainetan jasotzen dena zehazterakoan. Kulturaren alorrean behintzat, ez dira horiek kalkulu errazak.
Zein izan da, esaterako, Guggeheimen prezioa? Dirutan zenbat kostatu den ere ez dakit nik, baina ez dut uste dirutan bakarrik kalkulatu behar genukeenik Bilboko museoaren prezioa. Egitasmoa sortu zenean kulturgintzan zihardutenei galdetu, ea zenbat buruhauste, haserre eta itolarri kostatu zitzaien titaniozko museoa.

Guggenheimek ordainetan zer eman digun galdetzen denean, Bilboren itxura-berritze harrigarria aipatzen da beti, eta badirudi horretan gehienak ados daudela. Irizpide garbiak ez ezik nortasun handia behar da adostasun ia erabatekoa duten iritziak zalantzan jartzeko, eta ez dira asko ezaugarri hori dituztenak. Nik dakidala, Anjel Lertxundi (Berria, 2007-10-17) izan da Guggenheimen ekarpen urbanistikoa zalantzan jartzera ausartu den bakarretakoa:
“Jende asko dator bat: Guggenheimek Bilbo indarberritu du; hiria ez da lehengoa; beste dinamika urbanistiko bat markatu du museoak. Eraikinaren akuilu-lan kulturalaren gainetik, eragin urbanistiko-soziala azpimarratzen da: hiritarrek beren hiriarenganako estimua berreskuratu dute, gainbehera industrialak ekarri zuen depresioaren ondoren.
Oso mataza trinkoa osatu du iritzi horrek. Topiko bihurtzerainokoa. Eta topikoekin gertatzen den bezala, jende askoren oniritzia du. Gehienenarena. Ez, ordea, guztiarena. Topikoarekin bat ez datozen ahotsen artean harrigarriena, Frank Gerhy-rena: «Guggenheim-en ingurunea ezti-poto melenga da». Museoa proiektatzerakoan ibaiko inguruek zuten aurpegi industrial gogorraren nostalgiak bizi du arkitektoa.
Logika horren hari dialektikoari tiraka: testuingururik gabeko testu bat da eraikina, edo testuinguru berriak -ezti-potoak- testua ere ezti-poto bihurtu du?”
Baina topikoa egia balitz ere, esan dut kulturgintzako gauzak kulturgintzari dagozkion irizpideen arabera ebaluatzearen aldekoa naizela, eta oraindik inork ez dit esan zer onura ekarri dion Guggenheimek euskal kulturari.
Kulturaren aldetik errentagarriak iruditzen zaizkidan egitasmoen bila hasita, Arteleku etortzen zait niri burura, eta ez bakarrik artearen alorrean, baizik eta baita pentsamenduarenean ere. Tamalez, ordea, badirudi Arteleku ez dela politikoki eta ekonomikoki errentagarria. Tabakaleraren egitasmoa ezagutarazi zenetik, inork ez du Arteleku aipatzen. Egingo nuke berez hiltzera kondenatu dutela, eta ez dut uste hiletarik ere egingo diotenik.

Gauza bat da, ordea, Guggenheimen errentagarria izan dela sinestea, eta beste bat, oso bestelakoa, aurtengo “euskaldun unibertsala” Guggenheim dela irenstea. Albistea jakin nuenean, txantxa zela pentsatu nuen. Orain ez dakit zer den, iseka edo iraina.
Neure inozoan, uste nuen euskalduntasunean sakontzea zela unibertsaltasunera iristeko bide bakarra. Horretarako, ordea, haizea orrazteari utzi eta haizea ikasten hasi behar genuke, eta horrek ez du epe laburreran etekinik ematen.
Haizea orraztearen kontrako estrategia izendatzeko izen egoki baten bila nenbilela, Jakin aldizkariaren eslogan bikaina (“Jakin: haizea dakiten orriak”) entzun nuen, eta eslogan horretatik lapurtua da “haizea ikasi” lokuzioa.
Haizea orraztea ez bezala, lan luze eta nekosoa da haizea ikastea. Horrez gain, geuretik pentsatzeko ausardia eskatzen du.
Aurrena, gure egoera aztertu behar litzateke: zein diren une honetan ditugun indargune eta ahuleziak, nondik datozkigun arriskuak eta non ditugun aukerak. Hurrena, egoera horretatik nora iritsi nahi dugun eztabaidatu eta adostu behar litzateke, Senekak zioen bezala “haize onik ez baita nora joan nahi duen ez dakienarentzat.
Hori guztia egin ezean, ez dago behar bezalako (hots, behar dugun bezalako) kultur politikarik artikulatzerik, ez eta martxan diren ekimenak behar bezala ebaluatzerik ere. Izan ere, irizpide nagusi bakarra erabili behar genuke beti kultur politikan, bai dagoeneko abian dauden ekimenak ebaluatzeko, bai ekimen berriak hautatu eta abiarazteko garaian ere: gauden egoeratik nahi genukeen egoerara iristen laguntzen edo lagunduko diguten ekimenei arre eta horretarako balio ez digutenei barre egitea, hori da nire ustez irizpide egoki bakarra.
“Izenetik izanera, gogoa zubi”, hala dio esaera zaharrak. Jakina, gogoaz gain baliabideak eta tresnak ere behar dira, baina funtsean bat nator esaerarekin: egin beharrekoa egiteko gogoa, borondatea behar da aurrena.
Haizea ikastea baino errazagoa da, ordea, haizea orraztea, horretarako ez baita ez diagnostikorik ez helbururik ez irizpiderik behar. Zoritxarrez, hori da gurean ohikoa, bai alde batean eta bai bestean.
Ez dut uste ezer berririk esaten ari naizenik. Aitzitik, Jon Sarasuak duela urte batzuk plazaratutako “Golde aroa” izeneko artikulu ausart bikainean zioena errepikatzen baino ez naiz ari:
“Trantsizio ostetik eragiten ari diren abertzale deitutako bi kultura politikoak (botere autonomikoan ardazten den nazionalismoa eta jardun politiko-militarrean ardazten den ezker abertzalea) ez dira estrategia maila sinesgarri batera iristen. (...) Nazionalismo demokratiko deitutakoaren oinarri soziala eta bere pentsamendu-zorua ez da gai euskal herriaren garapenak behar duen energia soziala aktibatzeko; (...) ezker abertzaleak 25 urteotan euskarri izan duen imajinarioak ez du balio (...) gaur egun euskal herria garatzeko oinarri moduan. (...) Bestelako kultura politiko baten beharra dugu.
(...) Euskalgintza, neurri batean, gorago aipatutako bi kultura politikoen logiken baitan egon da. (...) Indarrean dauden euskararen diskurtsoek ez dute aski funtsik ez euskalgintzaren muineko egitasmoak gidatzeko, ez euskaltzaleei etorkizun-ikuspegi bizigarri eta eraginkorra eskaintzeko, ez kontrako edo urrundutako gizarte sektoreekiko elkarrizketarako. (...) Etorkizun-ikuspegi beregain bat dagokio euskararen garapenari, (...) euskararen garapenaren paradigma beregaina elementu giltzarrietako bat izan daitekeelako kultura politiko baten zorua sortzeko. (...) Amaren suaren metafora erabiltzearen zentzua ez da etxegintza baztertzea, suari dagokion zentroa ematea baizik. (...) Bi grabitate-indarretan aukeratzetik edota orekak bilatzetik haratago, ikuspegi beregain bat lantzea, euskararen garapenaren zentroa hartzea, eta bestelako kultura politiko baterako elementuak ematea da euskalgintzaren zeregin historikoa une honetan.”
Urte batzuk joan dira Sarasuak hori plazaratu zuenetik, baina, Jon Alonsok eragindakoa bezalako astinaldiren bat edo beste gorabehera, urak ez du bide handirik egin euskal kulturaren askan.
Kanpotik ez dator noski laguntza handirik. Alde batetik, euskal kulturaren esparruak hainbat eraso bidegabe jasan ditu aspaldion (Egunkariaren itxiera, 18/98 sumarioa...). Bestetik, badirudi euskara eta euskal kultura nazionalista eta abertzaleen kontua baino ez dela, gainerakoei ez dagokien kontua dela hori (gurean irakurle gehien dituzten egunkarietan, esaterako, eskelen aurreko orrialde arkeologikoaren txokoa besterik ez zaio eskaintzen euskarari, eta irrati-telebistetan hori ere ez).
Errazkeria litzateke, ordea, erru guztia kanpoko eragileei egoztea. Salatu beharrekoa salatzeaz gain, eskura ditugun tresnak ondo erabiltzen ari garen galdetu behar genioke geure buruari.

Izan ere, hogeita bost urteko ibilbidea egin dute dagoeneko Euskal Herriaren zati batean, EAEn, hartu ziren kultur politikako lehen neurriek (besteak beste, Euskararen Legeak, Euskadi Irratiak eta ETB-1ek), eta penagarria litzateke efemerideok ospakizun huts bihurtzea, orain arte egindako bidearen balantzea egiteko aukera alferrik galtzen utzita.
Nire ustez, ez dago aipatu neurrion eraginkortasuna ukatzerik, aski baita EAEko egoera horrelako neurririk hartu ez duten beste euskal herrietakoarekin alderatzea horretaz jabetzeko. Nolanahi ere, EAEn bertan bada sintoma kezkagarririk. Euskararen erabilera, esaterako, ez da ezagutzaren neurri berean handitzen ari, eta horrek zer pentsatua eman behar liguke.
Nik dakidala, hezkuntza sistema eta hedabideak dira komunitate batek bere nortasunari eusteko dituen tresnarik indartsuenak. Euskararen kasuan, familiak eta lagunarteak kale egiten digutenez (Euskal Herri osoaren ikuspegitik, behintzat), are garrantzitsuagoa da hezkuntza sistema eta hedabideak behar bezala kudeatzea.
Ezer ez dago arriskutsuagorik, diagnostikoa egiteko garaian baikorregi jokatzea baino. Hezkuntza sistemak egin duen ekarpena ukatu gabe, beste hau ere onartu beharko dugu, beraz: D ereduan eskolatutako gazte asko eta askori euskarak ez die ikasteko baizik balio. Bizitzeko eta gozatzeko garaian, aldiz, erdarara jotzen dute. Asko eta askotarikoak izan litezke horretarako arrazoiak, eta horietako asko sozio-linguistikoak eta politikoak izango dira, dudarik gabe.
Bitartean, ordea, zuzentasun hutsari dagozkion irizpideetan oinarrituta antolatzen ditugu eskolak, eta ahozkotasunak ez du teorian denek aitortzen dioten garrantziaren araberako lekurik eskolan. Nork erabaki du horrek horrela izan behar duela? Nork erabaki du eskola sistema “normala” dela guri komeni zaiguna? Nik garbi daukat: normal itxura egiten tematzen garenean gara anormalen. Egoera ez-normal bati irizpide ez-normalak dagozkio, eta irizpide horien araberako tresnak. Gainera, ondotxo dakigu zeri esaten zaion hemen gauzak normal egitea: Hegoaldean Espainian egiten dena egiteari, eta Iparraldean Frantzian egiten dena egiteari.
ETB-1en eta Euskadi Irratiaren ibilbidearen balantzea egiteko garaian ere, garbi dago euskarazko hedabideak izate hutsak sekulako aurrerakada ekarri duela. Galdera, ordea, ez da ekarpenik egin duten, behar bezalako eta behar besteko ekarpenik egin duten baizik. Eta, galdetzen hasita, aukera ezinago egokia litzateke ETB-2ren eta Radio Euskadiren kultur errentagarritasunaz galde egiteko, eta baita Euskadi Gaztearenaz ere.
Horretarako, ordea, helburu argiak eta irizpide egokiak behar dira: estrategia propio bat, alegia, Jon Sarasuak dioenaren bidetik. Estrategia aipatu orduko, ETBn lanean ari nintzen garaian zuzendari nagusi zen Josu Ortuondok Miramongo langileoi esana etorri zait burura: “guk (zuzendaritzak, alegia), garbi daukagu ETB-1 dela gure egitasmo estrategikoa. ETB-2, aldiz, egitasmo taktikoa baino ez da, ikusleak erakarri eta handik euskal kulturara eramateko zubi modukoa”. Jose Luis Moreno zen garai hartan Miramongo izar nagusia, eta jakin nahi nuke hori ote den oraindik ere EiTBren estrategia nagusia, eta zer etekin eman dituen horrek.
Instituzioetan ez ezik, bestelako erakundeetan ere izan da aurten efemeriderik. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, esaterako, hamar urte bete ditu, eta hainbat hedabidetan ikusi ahal izan dugu bere ibilbideaz egiten duen balantzea (Kontseilua Guggenheimekin bateratsu sortu izana ironia latza izan daiteke, baina ez kasualitatea). Nire iritziz, balantze horren tonua ez da instituzioek egiten dutenaren oso bestelakoa: auto-erreferentzialegia eta baikorregia, aukeran.
Askotan iruditzen zait ez dela elkarren kontrako bi estrategiaren arteko talka, haizea orrazteko eskubide esklusiboa lortzeko lehia baizik. Kultur ekimenak, ordea, kultur errentagarritasunaren arabera ebaluatu behar genituzke beti, dena dela ere ekimenon jatorria. Nik neuk, esaterako, garbi daukat Berria errentagarria dela, baina zalantza handiak ditut ezagutzen dudan Hitza ere hala denentz.
Aurrera begira, digitalizazioa da maizenik entzuten dudan hitza, bai EiTBn eta bai beste alor askotan ere, eta ez dut ukatuko behar-beharrezkoa zaigula teknologia berrien trena garaiz hartzea. Teknologia berriak, ordea, teknologia baino ez dira, eta alferrikakoak dira eduki egokiz hornitu ezean.
Teknologia berrien axaleko distirarekin itsututa edo, badirudi ezinbesteko diren edukiok funtsean hizkuntza-produktuak direla ahantzita egiten direla gurean kultura planak, euskara sektore hutsa izatera mugaturik. Ez letorke batere gaizki, beraz, Norman Fairclough-ek dioena gogora ekartzea:
“Hizkuntza-produktuen sailean sartzekoak dira, esaterako, kultur industrien objektuak, testu liburuak eta telebista programak. Baina baita harreragileak eta saltzaileak beren bezeroei hitz egiteko darabilten mintzamoldea ere. Hitz egiteko modua zerbitzuaren parte da, saltzen den horren parte”.
Teknologiak teknologia, beraz, edukiei eman behar genieke lehentasuna, edukion muina hizkuntza dela ahantzi gabe. Bestalde, inon ez da antolatzen gurean hainbat musikaldi, dantzaldi, zinemaldi eta zernahialdi distiratsurik. Aldian aldiko glamour aldia pasatu eta gero, musikari edo dantzari izan nahi duten gazteek kanpora joan behar dute, eta zinema zaleei ez zaie geratzen zirkuito komertzialetatik kanpoko filmik eskainiko dien areto bakarrik ere, inork kultur-zergarik ezartzen ez dienez bere horretan agortzen baitira glamour aldiok guztiok, zenbait hiritako jaien ikur diren su-festak bezalatsu. Eta antzeko zerbait gertatzen da antzerkian eta beste hainbat alorretan ere.
Paradigmatikoa da ahozkotasunaren alorrean gertatzen ari dena. Munduko aditu gehienak bat datoz ahozkotasunak teknologia berrien gizartean duen garrantzia azpimarratzerakoan. Gurean, aldiz, kultur ondarearekin lotzen da ahozkotasuna, eta hori ere kasurik onenean. Euskararen alortxoan sartzen da beraz, eta ez teknologienetan, eta laguntzak ere euskarari dagokion eskalakoak izaten dira, ez teknologiei dagokioen eskalakoak. Bien bitartean, gero eta handiagoa da ahozko komunikazio gaitasuna lantzeko eskaera, eta instituzioek ez dute ezer egiten eskaera horri erantzun egokia emateko. Teknologia zaharra ez ezik, zaharkitua ere irizten diote, nonbait, ahozkotasunari. Gauzak horrela, instituzioen esku dauden zenbait erakundek (Irale, Berritzegune eta gisako beste hainbatek) gizartera jotzen dute laguntza eske, edo gizarteko hainbat gizarajorengana, eta ez ustez horretarako sortutako erakundeetara (HABEra, adibidez, zeinaren errentagarritasuna ez bide duen hala ere inork zalantzan jartzen).
Ematen zaion laguntzaren neurrikoa bada alor bakoitzari ematen zaion garrantzi estrategikoa, liburugintzarena ere teknologia zaharkituen sailean jarri beharko dugu noski. Joan Mari Torrealdaik oraindik orain esan duen bezala, Eusko Jaurlaritzak ematen duen laguntza (liburu kopuru jakin bat erostea) oso egokia dela liburutegi publikoak hornitzeko, baina guztiz eskasa da argitalpen industriaren ikuspegitik, eta distortsio handiak sortzen ditu, gainera. Eta hori konpontzea ez ote da Euskadi Literatur Sariei aurpegia garbitzea baino garrantzitsuagoa?
Luze joko liguke, ordea, alorrez alorreko azterketa egiteak, eta lehen esana berriz esanda emango diot amaiera kronika baldar honi, hitza berriro Jon Sarasuari emanda:
“Bi grabitate-indarretan aukeratzetik edota orekak bilatzetik haratago, ikuspegi beregain bat lantzea, euskararen garapenaren zentroa hartzea, eta bestelako kultura politiko baterako elementuak ematea da euskalgintzaren zeregin historikoa une honetan.”
Garenetik izan nahi genukeena iristen lagunduko digun estrategia orokor bat denon artean finkatu, hortik irizpide argi eta garbiak adostu, eta irizpide horien arabera ebaluatu eta erabaki zer zaigun herri moduan errentagarri eta zer ez, hori da haizea orrazteari utzi eta haizea ikasten hasteko bide bakarra.
© 2009 ARGIA.com