
Mendiko gaurik ilunenean
argi pirintzaren dizdira,
beltzaren beltza borrokatzera
arraildura baten mira.
Mendeetako zulo zorrotik
bi begi esnatu dira;
indigena bat handa puntatan
egunsentira begira.
Bi begi argi, hontzaren kabi,
hatzaparrak ezkutuan,
begi zabalak txapaltzen dira
matxetea estutuan.
Ulu eleak elkar igurtziz
begien mintzo mutuan
gogoeta bat jirabiraka
hegan hasteko puntuan:
"Zapaldutako aztarna zaharrak,
sendatu gabeko minak,
lur emandako hezur gogorrak
isildutako zotinak,
ipar haizeak jandako hitzak;
bizitzaren zipriztinak..."
horiek guztiak gogoan ditu
beltz ilun ikustezinak.
Loak nagiak atera eta
irri garezko indio,
hortzen artetik begiratzeak
indarra ematen dio.
Zauri guztiak itxi zirela,
ixtea zela Herio,
hemen bat bada zabalik eta
odol berria dario.
Odol erreka ur garbiko bat
tximistorratzen moduan,
mendian behera, munduan gora,
trumoi zaharren marruan.
Bide erdian bi harri begi,
biek argi bat barruan,
herri oso bat sartu berri da
zutituaren larruan.
Esperantza bat jaio berri da
nola isilpetik hitza,
elkartu dira gaueko hontza
ta egunsentiko ihintza.
Lau haizetara aldarrikatuz
kaputxadunen bizitza
begiradaren bideetatik
begiak oinez dabiltza.
Bertsoak © AMETS ARZALLUS
Argazkia © TXOMIN TXUEKA