Lehen jokalaria San Frantziskon,
bigarren jokalaria Argentinan, hirugarrena Bartzelonan eta azkena
Gasteizen. Ez dute elkar ezagutzen. Lau euskaldunek ordea, Euskal
Herriari eta euskal kulturari buruz duten ezagutza frogatu nahi
dute; aukera "Argiaren Mendean", "tribial" birtualak ematen
die.
Jokoak badu aurrekaririk, joan
den urtean plazaratutako mahai jokoa, baina azken honek muga
fisikoak gainditzeko aukerarik ez du ematen. Horretara dator
joko birtuala; parez pareko ordenadoretan eserita aritu daiteke
edo mila kilometrotako distantzia egon daiteke jokalarien artean.
Jokalariak, gainera, "chat" baten moduan komunika daitezke partidak
irauten duen bitartean. Mahai jokoan aritzeko gogoa izanez gero,
fitxak, dadoak edota taula bera eskuratu beharko genituzke lehenbizi.
Bada, Internet bidezko jokoan buru-belarri hasi aurretik "shockwave"
izeneko "plug-in"a ekarri behar dugu.
Orain pentsa ezazu lagun koadrila
asteburu pasa joanda ostatu batean hartu duzutela lo egiteko
tokia. Eguraldi txarra dela medio ARGIAren mahai jokoan aritzea
erabaki duzue. Asko zarete eta lau taldetan banatu zarete. Lehenengo,
bigarrengo, hirugarrengo eta laugarrengo logeletan partida bana
hasi duzue. Mahai bakoitzeko arduradun bat izendatu duzue, mahaiak
osatzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula izan: "nik bigarren
mahaian nahi dut", "nik ez dut laugarrenean jokatu nahi". Arduradunak
mahai bakoitzean jokalariaren jokatzeko eskaria onartu edo atzera
bota du eta jokoan hasi zarete. Ostatuko gela horietan gerta
daitezkeen saltsak errepika daitezke Interneteko jokoan. Horregatik,
jokatzeko gogoa erakusteaz gain, aurkariak topatu behar dira.
Mahai berri bat sortu nahi duzun
edo lehendik osatzen hasia den mahaian sartuko zaren proposatu
behar duzu. Mahai bakoitzak bere izena hartuko du eta arduradunak
izango du azken hitza. Ez dago zertan ordenadorearen aurrean
esertzea otu zaizunean halabeharrez jokaturik. Hitzorduak egin
daitezke eta asteburuan, larunbat arratsaldean jokatzeko aurkariak
zein diren jakin dezakezu. Mahai jokoarekin bezala gertatzen
da, ama, aitona, anaia, laguna edo auzokidea konbentzitu behar
dira jokatzeko, edo lehiakide bat, bi edo hiru. Beraz, zure
burua aurkeztu eta jokatzeko irrikitan zarela adierazi eta lehiakide
gehiagok izena ematen dutenean, elkar onartu duzutenean ekin
jokoari! Euskal merkatuan gazteleraz eta frantsesez eginiko
antzeko produktu ugari den arren, euskarazko eskaintza oso urria
da. Joko moduan badira puzzleren batzuk eta baita Gipuzkoako
Foru Aldundiak argitaratu berri duen estropadetako jokoa ere.
Joko hauek ordea, CD-ROMetan kaleratu dira. Euskal Herria eta
euskal kultura osotasunean hartzen dituen joko birtualik ez
da. Ametzagaiña taldeak, ARGIAren eskariz egin duen "Argiaren
Mendean" joko elektronikoa, joko aitzindaria dela esan daiteke.
Gure Mendeak, aisialdirako oinarritzat euskararen erabilera
eta euskal kultura hartzeaz gain, Interneten euskararen erabilera
bultzatzen baitu.
Orain ez dago aitzakiarik. Jokatu,
ikasi eta bide batez, Internetaren laguntzarik gabe ziurrenik
ezagutuko ez genituen euskaldunak bisitatu.