ARGIA SARIAK 2001
KOMUNIKAZIOAREN ZAZPI SARIAK ARGITUAK
Urtarrilaren 26an banatu ziren Argia Sariak 2001. Komunikazio
Biziagoak emandako zazpi sariak jasotzera joandakoek eta gonbidatuek
Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxea bete-bete egin zuten. Hamabigarren
edizio honetan “betiko” harpideei eman zitzaien sari berezia.
Euri jasa galanta ari zuen joan den
ostiraleko eguerdi aldera. Ehundik gora dezente lagunek Lasarteko
Txitxardin Beltxa jatetxean izan zuten aterpea. Han banatu zituen
Komunikazio Biziagoak hamabigarren aldiz Argia Sariak 2001.
Sari banaketa baino lehen ordea, hezea eta hotz kirria gainetik
kendu behar ziren. Horretarako lehendabizi bazkaritarako berotzeko
mokadu bat edo beste eta txanpain goxoa. Mahaietara ehundik
gora lagun bildu zirenean Pello Zubiria, ARGIA aldizkariko zuzendariak
ongietorria eta ondo bazkaltzeko gonbitea luzatu zien guztiei.
Txokolatezko tarta eta laranjazko izozkia
platerean genituela Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoa-ko
lehendakariak 2000. urtean komunikabideak egindako urratsak
gogoratu nahi izan zituen. Ez zituen ahaztu, nolanahi ere, AEKren
auziperatzeak, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak eta
Zabaltzen banatzaileak jasandako miaketa.
Ondoren Antton Mendizabalek egindako
sari sinbolikoak banatzeko ordua heldu zen. Irratiko saria Iruñeko
Euskalerria irratiko “Metropoli forala” saioak jaso zuen. Prentsa
idatzian “Hernaniko Kronika”ri eman zitzaion eta saria jasotzera
egunkariko hiru kazetariak hurbildu ziren: Jexux Mari Irazu,
Unai Agirre eta Aritz Zerain. Telebista atalean berriz, “Bihar
ere argituko dik, Felix” saioa izan zen sariduna eta Asier Arangurenek
eta Andoni Egañak jaso zuten saria. Internet sailean irratiak
sarean sartzeko asmoz ahalegina egin duten hiru gazte saritu
ziren, irratia.com proiektuarekin. Publizitateko saria berriz
Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako “Bizkaia, turismo argia”
kanpainak eraman zuen. Merezimenduzko saria Nafarroarantz joan
zen. “Sarea” proiektua garatu dute hiru irrati nafarrek. Saria,
beraz, Beleixe, Esan Erran eta Aralar irratiek jaso zuten. Zazpigarren
saria eta azkena eman zena izan zen hunkigarriena. Lutxi Zaldua
ordiziarrak jaso zuen sari berezia. Gerra Zibila aurretik “Zeruko
Argia”ra harpidetu eta orain ARGIA aldizkaria jasotzen duen
emakume honi eman zitzaion saria. Nola ez, ordiziarra aspalditik
harpidedun zaituztegun irakurle finen ordezkaria izan zen.