ARGIA SARIAK 2001
SARIEN ATZEAN DAGONA
Irratia
Internet
Prentsa
idatzia
Telebista
Publizitatea
Sari
berezia
Merezimenduzko
saria
IRRATIA
Metropoli forala
Juan Kruz Lakasta eta Pello Argiñarenak
bideratzen duten Euskalerria irratiko “Metropoli forala” irratsaioak
jaso du irratiko saria. “Metropoli forala” arratsaldeko magazina
da, astelehenetik ostegunera seietatik zortziak bitartean entzungai
dena. Orain bi urte sortu zen, lehenago zegoen “Zirika” magazinaren
zabalpen eta berrikuntza gisa. Mikel Bujanda, Euskalerria irratiko
zuzendariaren aburuz saioak “planteamendu berritzailea” du,
errealitatearen beste ikuspuntu bat ematen saiatzen baitira.
Gainera, ironia dosi handia sartzen da jokoan, baita elementu
anitz ere, horrek dinamikoa bihurtzen du magazina, erritmo handikoa
eta berezko pertsonalitatea duena.
Pello Argiñarenarentzat zailena kolaboratzaile
guztiak gidatu eta koordinatzea da. Guztira 80-85 lagun inguru.
Gainera, kolaboratzaileak aukeratzerako orduan, multzo anitza
osatu nahi izan dute eta era berean eskarmentudun jendea hautatzen
saiatu dira. Horrela, kolaboratzaileen artean honelako izenak
aurki genitzake: Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Gari Berasaluze,
Usue Barkos, Paco Aristi, Asisko Urmeneta, Koldo Almandoz, Alberto
Irazu... Zentzu horretan Argiñarenak saria “kolaboratzaileek
merezi dutela” dio.
“Metropoli Forala”k atal eta eduki desberdinak
ditu: minutu bateko manifestua, non zortzi kolaboratzailek minutu
batean zehar nahi dutenari buruzko iritzia ematen duten; sukaldea,
artea, sexua bezalako gai tematikoak; aisialdiari lotutako gaiak;
komunikabideei begirada kritikoa; asteko irudia, asteko tokia
eta asteko herria; dekalogoak... Gauzak horrela, ez da harritzekoa
saioak 9.000 entzule inguru izatea ezta irratiko arduradunak
etorkizunean saioarekin jarraitzeko asmotan izatea ere.
...
INTERNET
Irratia on line
Teknologia berrien garaian Euskal
Herriko lehen irrati digitala izan da saritua Internet sailean.
Zehazki Koldo Alonso, Patxi Gaztelumendi eta Jabi Zabalak aurrera
atera duten proiektuari eman zaio saria.
www.irratia.com
helbidean aurki daitekeena garai eta teknologia berriek ahalbidetzen
dutenaren ildotik sortu da: grabatutako saioak, zuzenean eskaintzen
direnak, musika kanalak... “
Beste kulturetan zer dagoen eta zer ez
dagoen ikusi eta sareak ematen dituen baliabideak aprobetxatuz
zerbait egitea pentsatu genuen” dio Jabi Zabalak ideiaren nondik
norakoaz galdetzean. Baina irratia.com helbidean eduki desberdinak
entzuteaz gain, bideoak ikusi eta albisteak irakurtzeko aukera
ere badago. Oraingoz ordea, “denbora pasa” egiten dute lan irrati
digitalean, momentuz dirurik ez baitie ematen. Egin duten inbertsioa
diru aldetik ez da handia izan, baina laneko orduak eta nekeak
konta ezinak dira. Etorkizunari begira ideia interesgarriak
dituztela diote. Besteak beste, eduki gehiago sartuz jendea
animatuko dela uste dute eta Argia sariak nolabaiteko bultzada
emango dielakoan daude.
PRENTSA IDATZIA
Hernaniko Kronika
egunkaria
Hernaniko herrian zabaltzen den
“Kronika”ri eman
zaio prentsa idatziko saria. Euskarazko lehendabiziko herri
egunkari honek 2000ko San Juan bezperan hasi zuen bere ibilbidea
eta gaurdaino behintzat tinko dirau.
Dobera euskara elkartearen sustapenez
jaio zen proiektu honek bi orri betetzen ditu Hernani herriko
berriak txukun-txukun bilduz. Jexux Mari Irazu, Unai Agirre
eta Aritz Zerainek osatzen dute “Kronika”ren erredakzio taldea
eta beraiek dira ostegunetik astelehenera hernaniarrek beren
eskuetan izan dezaketen egunkaria aurrera ateratzeko ardura
dutenak.
Guztien artean “Hernaniko Kronika” jende
ugarik irakurtzea lortu dute, baita erdaldunek ere, ulermenari
lehentasuna ematen saiatzen baitira, herri hizkera errespetatuz.
TELEBISTA
Felix Iñurrategi gogoratuz
Alberto eta Felix Iñurrategik
EITBrekin urte baterako proiektua sinatua zuten. Beraien ametsa
(lau zortzimilako) egi bihurtzeaz gain, esperientzia hori mundu
osoari jakinarazi nahi zioten. Felixen bapateko heriotzak ordea,
proiektuari beste norabide bat emanarazi zion.
Iñurrategi anaiekin batera lan egiten
zuen lan taldeak garbi zuen gertaera horren aurrean zerbait
egin behar zuela. Horregatik ordu erdiko dokumental bat prestatu
zuten, Felix oroituz: “Bihar ere argituko dik, Felix”. ETB1-ek
urtarrilaren 1ean emititu zuen eta ETB2-k bost egun beranduago.
Dokumental horrek jaso du hain zuzen ere, telebista saileko
Argia saria. Proiektuan Felix eta Albertoz gain, beste hiru
lagunek hartu zuten parte: Asier Aranguren (errealizadore eta
kazetari lanetan), Andoni Egaña (gidoilari) eta Gotzon Arribas
(irudiak grabatuz).
Asier Arangurenek adierazi zuenez, dokumental
hori “omenaldi bat baino, oroimen bat zen gehiago”. Maitasunez
egina, goxo eta xamur. Ez zuten zerbait tristea egin nahi. Felix
ameslaria zen eta ametsak egi bihurtzea gustatzen zitzaion.
Horregatik, “bere bizikera adierazi nahi genuen”, esan zuen
Arangurenek, “bere ametsak betetzen ari zela hil zela esan nahi
genuen”. Udaberrian Iñurrategi anaiek urte baterako sinatutako
proiektu horren emaitza ikusteko aukera izango dugu. Felixen
heriotzaren aurretik jada, irudi ugari zituzten grabatuak: Patagonia,
Nepal (Manaslu eta Anapurna), Pakistan (Gasherbrum 1 eta 2).
Azken horretan hil zen Felix. Lan taldeak ordea, ez zuen etsi
eta beste irteera bat egin zuen: Malira. Datorren otsailean
Alpeetara joatekoak dira. Irudi guzti horiek ordu erdiko dokumentalak
bihurtuko dituzte.
Publizitatea
Bizkaia turismo
argia
“Bizkaia turismo argia” Publizitatearen
atalean Bizkaiko Foru Aldundiko “Bizkaia turismo argia” kanpainak
jaso du Argia saria. Berau joan den urtean zabaldu zuten euskarri
eta forma desberdinetan. Guztira hiru kanpaina izan ziren.
Lehena, “Badakizu zenbat hizkuntza erabiltzen
diren Bizkaian?” izan zen, prentsa eta opi bidez zabaldua. Bigarrena,
“Aurten hainbat bisitari izango dogu Bizkaian. Eta zu?”, udaberrian
aurkeztu zen, aurrekoa bezala prentsa eta opi euskarritan. Hirugarren
eta azken kanpaina berriz, “Zer eman dezake honelako herri batek...?
Nerabeek harriekin olgetan badute... Gazteek ardoarekin dantzatzen
badute... Helduek tintarekin jaten badute... Guztiek antzinatik
hizkuntza baten egiten badute...?” udazkenean aurkeztu zen telebistan
.
MEREZIMENDUZKO SARIA
Nafarroako hiru irrati
batera lanean
Beleixe, Esan-Erran eta Aralar
irratiek “Sarea” izeneko programazio modu berria jarri zuten
abian joan den urteko urriaren 2an. Era horretara, orain entzuleek
hiru irratiek hartzen dituzten eremuen berri dute. Irrati sare
berriak Basaburua, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu eta Sakanako
informazioa eskaintzen du. Guk lan bateratu hori saritu nahi
izan dugu, hiru irratiei merezimenduzko saria emanez.
Esan-Erran irratiko Fermintxo Gartxitorenak
esan zuenez irrati topaketa batzutan hiru irratiak elkarrekin
funtzionatzen zutela konturatu ziren. Hau da, jasotzen zuten
informazio eta albiste ugari berdina edo oso antzekoa zela nabaritu
zuten. Horrela sortu zen “Sarea” proiektua. 2000. urte osoa
proiektua mamitzen aritu ondoren, urriaren 2tik aurrera astelehenetik
ostiralera Beleixe, Esan-Erran eta Aralar irratiak 10:30etatik
12:30etara elkarrekin lanean aritzen dira. Haseran egunkarien
errepasoa egiten dute eta ondoren magazin bat. Proiektu horrek
ekar zezakeenak haseran arduradunak beldurtu bazituen ere, orain
oso gustora daude.“Irrati hauek lokaltasuna lantzeko sortu ziren
eta horregatik haseran lokaltasun hori galtzeko beldurra zegoen”
esan zuen Femintxok.
Orain ordea, etorkizuna itxaropenez ikusten
dute eta hemendik aurrera beste kide bat bereganatzea nahiko
lukete, Leitza irratia hain zuzen ere.
Sari berezia
Gure harpidedunentzat
Aurtengoan gure harpidedunak saritu
nahi izan ditugu. Baina saria guztiei ematea ezinezkoa zenez,
zaharrenetariko bat etorri zen berau jasotzera: Lutxi Zaldua
ordiziarra. 80 urte baino gehiago dituen emakume hau duela 60
urte inguru hasi zen Zeruko ARGIA jasotzen, “euskara debekatua
zegoen garaian”. Emakume honek aldizkariaren aldaketak ezagutu
ditu eta orain lehen baino sail eta gai gehiago lantzen direla
dio.
Baina Lutxik bezala, beste harpidedun
guztiek merezi dute errekonozimendu hau. Gainera, horietako
asko ordiziar hau bezala, urte askotan zehar izan dira harpidedun
eta aldizkariaren gora behera guztiak ezagutu dituzte.
Zeruko ARGIA hilabetekari bezala sortu
zen 1919an aita kaputxinoen eskutik. Haseran biblia itxura zuen
eta A3 formatoan hemengo eta mundu zabaleko berriak lantzen
zituen.
1921. urtean “Argia” astekaria sortu
zen. Hortik aurrera Zeruko ARGIA hilabetekaria eta “Argia” astekaria
Euskal Herriko errealitatearen alde lanean aritu ziren, harik
eta Frankoren diktaduraren etorrerak eten zituen arte.
60ko hamarkadaren hasieran Zeruko ARGIAk
berpizteko saiakerak egin zituen, baina 1963. urtera arte ez
zuen lortu. Orduan hura bultzatzeko sortu zen taldeak beregan
bildu zituen gerra aurreko Zeruko ARGIAren eta “Argia”ren ildoak.
Garai latz horiek gogoratzeko asmotan
aurtengo Sari bereziak 60ko hamarkada hasieran kaleratutako
Zeruko ARGIAren ale baten faksimile itxura hartu du.
1980an Zeruko ARGIA gaur egungo ARGIA
bihurtu zen, nahiz eta 1992an itxura berria hartu eta 1997ko
martxoan kolorez hornitu. Agian aldaketa horiengatik esango
du Lutxik orain “gustukoago” duela aldizkaria.