Leire Goñi Iradi
2008-10-25
Badira urte batzuk, Komunikazioaren Aroari hasiera eman geniola. Badirudi, gainera, komunikazioa eta teknologia berriak eskutik helduta dabiltzala. Aldi berean, Internet eta mundu birtualari lotuta daude biak. Gero eta aurrerapen teknologiko gehiago ematen dira, mundu birtualak erreala zapaltzen duela dirudi, eta guztiak, komunikazioa errazteko eta azkartzeko, informazioa zabaltzeko balio du. Hala dio behintzat, IKT (TIC gaztelaniaz eta frantsesez) terminoak. Baina mundu errealetik mundu birtuala ikusteko irekitako leihoen bestaldera begiratuz gero, zorabiatzeko arrisku handia dago. Hain da ezberdina mundu bakoitzak daraman erritmoa!
Punta-puntako webguneetan nabigatzen, sare sozialetan ahal den lagun kopuru handienarekin harremanak estutzen edota moda-modako musika eta bideoak jaisten gabiltzan bitartean, ordea, kalean topatzen ditugun pertsonekin komunikatzeko zein tresna erabili ahazten zaigu batzuetan. Epa! labur eta lotsati bat ahoskatu, eta zer esan jakin gabe geratzen gara. Noski, geroxeago, blogaren bitartez bion arteko “harremana” mantenduko dugu.
Hasiera batean ez zen hori izan bere asmatzailearen asmoa, baina ia instant batean munduko sare sozial garrantzitsu eta erabilienetariko bat bilakatu da. Pasa den astean Nafarroako Unibertsitatean izan zela eta, toki guztietan azaldu zaigun Marc Zuckerberg-i buruz ari naiz; Facebook-en asmatzaileari buruz, hain zuzen. 24 urteko gazteak orain lau urte sortu zuen gaur egun mundu osoan 110 milioi erabiltzaile dituen sare sozial hau baina, orduan, Harvard Unibertsitateko ikasleek beren artean apunteak, informazio akademikoa eta lan informazioa trukatzeko sortua izan zen. Pixkanaka ordea, helbide elektronikoa duen edozein erabiltzaileri ireki zizkion ateak, eta gaur egun, milaka pertsona bertan jartzen dira “harremanetan”: argazkiak eta bideoak trukatzeko, antzeko zaletasunak dituzten lagunen artean taldeak eta web guneak sortzeko, norberaren lagunen lagunak ezagutzeko eta abar luze baterako aukera ematen du. Zuckerbergek hitzaldian adierazitakoaren arabera, Europan zehar egiten ari den biraren ondoren 115 milioi erabiltzaile lortzea espero du.
Hala ere, konpetentzia birtuala ere badago, aski erreala dena. Hemen orain hasi gara Facebooka erabiltzen, eta laster iritsiko den telebista analogikoaren itzalaldirako prest ote gauden galdetzen diogu geure buruari. Baina Txinan mundu birtualaren gurpil eroak aurrea hartu du eta, ondorioz, telebista bigarren planoan dagoen marmarra izatera pasa da.
Gary Wang-ek YouTube-ren bertsio txinatarra sortu zuen 2005ean: Todou.com. Wang-en esanetan, Mendebaldean zer gertatuko den jakiteko Txinari begiratzea besterik ez dago. Berak dagoeneko ez omen du telebistarik behar. Cannesko (Frantzia) Mipcom ikus-entzunezko azokan egin ditu adierazpenok, telebista eta Internet bateratzeko bideak aztertzen dituzten lekuan, hain zuzen ere.
Hemeretzi urterekin ikastera New Yorkera joan zen Wang, eta 28 zituela Txinara itzuli zenean, biztanleen %10ak bakarrik erabiltzen zuen banda zabala. Bere asmoa, telebistak zituen ikusle guzti horiek Internetera eramatea izan zen. Hiru urteren ondoren, 14 milioi artxibo baino gehiago daude Todou.com-en, edonorekin konpartitu daitezkeenak, eta pasa den asteburuan 11 milioi bisita izan zituen egun bakar batean.
Argi dago teknologia berriak eta mundu birtuala alde batera uztea ia ezinezkoa zaigula gaur egun. Are gehiago, komenigarria ere bada aukera hauen berri jakitea eta erabiltzen ikastea. Baina tarteka, horren abiadura handian ibitzeak zorabiatu baino lehen, hobe dugu gertuko lagunekin kafe goxo baten zaporeaz dastatzeko eta aurrez-aurre hitz egiteko tartea hartzea.
2010-03-27 Estitxu Eizagirre Larraulgo eskola Eusko Legebiltzarrean
2010-03-20 Gorka Bereziartua Bi klik eta akabo sareko askatasuna
2010-03-13 Jon Torner Antibirusak eta galtzontziloak
2010-03-06 Jon Torner Force with control, teknologiaren indarra
2010-03-06 Jon Torner errusia...
2010-02-27 Joxe Rojas i-Zurrumurruaren amaiera
2010-02-20 Jon Torner Palestina, Bosnia, Iran, Afganistan... nobela grafikoak gatazken bihotzean
2010-02-13 Patxi Zubizarreta Salinger-en bidea
2010-02-06 Jon Torner "Guardiola paradigma" eta Bulgaria anarkikoa
2010-01-30
Grebaorokorra.info, Interneteko ARGIA Saria
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa