Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

ARGIA.com webgunearen hasiera

Net Hurbil

Sarekada

Jon Torner

jontorner@argia.com

Polizia teknologikoak Madrilen bilduko dira

Jon Torner

2007-10-12

Pertsona baten itzala, ordenagailua eta polizia plaka

Espainiako ekoizle diskografikoak biltzen dituen Promusicae elkarteak emandako datuen arabera, 2001ean 79 milioi CD saldu ziren Espainiako Estatuan, eta 2006an 40 milioi inguru. Horrek, noski, galera handiak ekarri dizkio sektoreari. Errudunak aski ezagunak omen dira: Internet eta pirateria. Pirateriak eta jabego intelektualak adar ugari dituzte, eta horien gaineko kontrola indartzeko neurriak praktikan jartzea da, besteak beste, Business Software Alliance (BSA) erakundeak antolatutako Polizia Teknologikoen Madrilgo Kongresuaren helburua.

Azaroaren 7an egingo dute Kongresua, SIMO azokaren baitan. Espainiako polizia nazionalek, guardia zibilek, Kataluniako Mossos de Escuadra-ko kideek eta ertzainek parte hartuko dute, Interpol eta Europol erakundeetako poliziekin batera. Europan aurrenekoz egingo dute horrelako kongresua. Delitu informatikoen aurkako borrokan bakoitzak metaturiko esperientzia elkar trukatzea da helburua. Pirateria, jabego intelektuala, iruzur elektronikoak eta antzerakoak jorratuko dituzte. Espainiako Kultura eta Barne ministerioek ere Kongresuan parte hartuko dute.

 

Antolatzaileek diotenez, pirateria fronte guztietatik borrokatu behar da, Europa osoan –eta bereziki Espainian– min handia egiten ari delako. IDC konpainiak BSArentzat egindako azterketaren arabera, Espainian software ilegalaren erabilera %46koa izan zen 2006an, Europako bateaz bestekoa baino hamar puntu altuagoa. Kopuru horrek esan nahi du 690 milioi euro irabaztea eta 4.000-6.000 lanpostu sortzea eragotzi duela.

 

Ikerketa horrek musika-enpresen galera ekonomikoei egiten die erreferentzia. Azken finean, hori da arazoaren ardatza. Dirua. Antonio Gisasola Promusicae elkarteko presidentearen hitzetan, azken urteotan “elgorri bat” izugarri zabaldu da: “musikaren doakotasuna eta produktu horren lapurreta sistematikoaren legitimazioa aldarrikatzen ditu”. Bere ustez, “ez dago pirateriaren aurkako kontzientzia sozialik ez hura borrokatzeko marko juridiko egokirik ere”. Manuel Benito Ariza SGAEko kideak dioenez, “arazoa orain Interneten dago; gazteak musika eta zinema doakoak izan behar direla sinetsita daude, eta musika ilegalki deskargatzea Ogasunari iruzur egitea bezain larria dela esan behar diegu”.

 

Iritzi horiek erabiltzaileen, hainbat erakunderen eta copyleftaren aldeko hautua egin duten musikarien –eta hala egin ez duten beste batzuen– ikuspegiarekin talka egiten dute. Santiago Ureta AMI (Asociación de Música en Internet) elkarteko presidentearen ustez, “pirateriak ez dio artistari kalterik egiten, aitzitik, mesede egiten die, batez ere copyright sistemak baztertu dituenei”.

 

Zer dio Jabetza Intelektualaren Legeak?

Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeak zehazten duenez, “kontsumitzaileak copyright lizentzia duen edozein obra kopia dezake, erabilera pribaturako baldin bada”. Halaber, kopiaren egileak, “hura komertzializatzen duenean soilik egingo du arau-hauste zibila”. Beraz, fiskaltzaren arabera, erabiltzaileek Internetetik deskargatutako artxiboak irabazi asmorik gabe trukatzen dituztenean, ez dira legea urratzen ari. Kode Penalak, ordea, ez du “irabazi asmorik gabe” kontzeptuaren esanahia argitzen...

 

Ameriketako Estatu Batuetako legeak beste zerbait dio. RIAA musika-enpresen elkarteak babestutako diskoak deskargatzea ez da delitu, baina horiek trukatzea bai, irabazi asmoa izan ala ez. Jammie Thomas 30 urteko estatubatuarra duela bi urte Kazaa sarera konektatu eta 1.702 kanta jarri zituen eskuragarri. Horietatik 24 autore eskubideen legeak babesten zituen. Bada, 24 abesti horietako bakoitzeko 9.250 (6.600 euro) dolarreko isuna ordaintzera behartu du Minnesotako auzitegi batek. Orotara 222.000 dolar (158.000 euro) ordaindu beharko ditu Thomasek! Errekurtsoa jarri ahal izango du. Cary Sherman RIAAko presidentea pozik agertu da: “musika deskargatzeak industriari min handia egiten diola jakinarazi behar genuen; emakume horrek legea hautsi du”. Ezin dugu sinetsi: 158.000 euro 24 abestirengatik! Gainera, tartean Guns N’Roses eta Aerosmith taldeen abestiak zeuden... duela 15 urte sortutakoak!

 

Eskerrak euskal internautok tamaina horretako isunei beldurrik izateko motiborik ez dugun (oraingoz behintzat), baina hala ere, mesfidantza apur batekin egiten diogu so Madrilen egingo den Polizia Teknologikoen Kongresuari. “Polizia” eta “Teknologia” hitzek, elkarren ondoan, sarea kontrolatzeko desio obsesiboa dakarkigute burura.

2010-01-30
Grebaorokorra.info, Interneteko ARGIA Saria

2010-01-23 Jon Torner Pinochetek ez luke reggaetona dantzatuko

2010-01-09 Jon Torner Las Vegas, apustu berritzaileenen lekuko

2009-11-28 Jon Torner Munillaren Seat Panda beltza

2009-11-21 Jose Inazio Basterretxea Telebista itzalezinaren ipuina

2009-11-14 Jon Torner Monarkiari bai

2009-11-07 Jon Torner In your face... book

2009-10-31 Jon Torner TAV Baskonia

2009-10-24 Ane Sasiain Sarekadak, bonbak eta kontrolak

2009-10-17 Miren Ibarluzea Bertsolari Txapelketa hedabideetara iristea xede

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan