Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Net Hurbil

Sarekada

Jon Torner

jontorner@argia.com

Kirolari telegidatuak?

Jon Torner

2006-10-28

Kaká Milango jokalaria

Kirola joko hutsa denik inork gutxik uste du gaur egun. Are gutxiago futbolaz hitz egitean. Hedabideetan betetzen duen lekua, gizartean duen oihartzuna, inguratzen duen parafernalia guztia eta, batez ere, mugitzen duen diru kopurua ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Telebistak berdegunean jokatzen diren norgehiagokak eskaintzen ditu egunero. Egia da hango emaitzek uzten dituztela taldeak leku batean ala bestean, baina partidak beste hainbat esparrutan ere jokatzen dira. Laborategietan adibidez. Eta badirudi geroz eta zeresan handiagoa izango dutela. Entrenatzailerik ez izan arren, lan-talde zabalak ari dira bertan futbolarien zerbitzura. Futbolaren zerbitzura? Hori beste kontu bat da…

Alemanian jokatutako Munduko Txapelketan Buffon, Cannavaro, Pirlo, Materazzi eta enparauak izan ziren protagonista nagusiak. Italiak laugarren kopa irabazi zuen, finalean Frantzia garaitu ostean. Selekzio horretan jokatzen zuen Zidanek, munduko txapelketen historian tarte berezia izango duen beste jokalariak. Alde batetik bestera korrika aritu ziren kirolari horiez gain, euren ostikoak jasan behar izan zituen objektuak ere ikusleen arreta bereganatu zuen, batez ere txapelketa hasi aurretik. Adidas Teamgeist baloiaz ari gara. Gainerako baloien larruazala 32 pentagono eta hexagonok osatzen duten bitartean, Teamgeist-ak 14 panel ditu. Hala, leku gutxiagotatik “josi” behar izan da eta ondorioz bere azala lauagoa eta esferikoagoa da. Horri esker, jaurtiketetan prezisio handiagoa lortzen da. Abantaila horiek eskaini arren, txapelketako baloi ofizial izendatu arte froga ugari pasa behar izan zituen Adidasek Alemaniako Herzogenaurach hirian dituen laborategietan. Bere forma eta erresistentzia egokiak zirela ziurtatzeaz gain, airean bere norabidea ez zela aldatuko egiaztatu beharra zegoen. Horretarako, besteak beste, datu guztiak jaso zituen hanka robotiko batek behin eta berriro jipoitu zuen baloia, modelo perfektua topatu bitartean.

 

Aurrez, 2005eko 17 urtez azpiko Munduko Txapelketan, barnean 15 gramoko txipa zeukan baloia erabili zuten. Baloiak ateko marra gainditzean txipak irrati bidezko seinalea bidaltzen du eta hala, jokaldi polemikoen aurrean, epaileak ziur jakin dezake gola eman ala ez. FIFAk, aldaketak oso gustuko ez dituen erakundeak, oraindik ez du baloia homologatu, baina ezingo die aurrerapenei bizkarra luzaroan eman.

 

Teknologia aurreratuenek zelaietara egin dute salto. Berdegunea euren erakusleiho bihurtu da. Baina zein punturaino dute eraginik arbitroak partidaren hasiera adierazten duenean? Orain arte, teknologia bereziki jokalarien teknika edo egoera fisikoa hobetzera zuzendurik zegoen, baina aurki euren erabaki ahalmena baldintzatzera hel daiteke. Tira, neurri batean entrenatzaileak ere paper hori betetzen du, baina goi mailako kirola zer norabide hartzen ari den ikusita, auskalo noraino helduko garen. Holandan, adibidez, kamiseta oso bereziak probatzen ari dira. Kamisetek sentsoreak dituzte eta entrenatzaileak, eskuan duen aparailuaren botoiak sakatuta, sentsoreak pizten ditu. Jokalariari aurrerantz, atzerantz, ezkerrerantz edo eskuinerantz mugitu behar den adierazten diote sentsoreek.

 

Hainbat taldek, bestalde, kamiseta adimendunak erabiltzen dituzte. Kasu honetan, sentsoreek jokalarien bihotz-frekuentzia, gorputz-tenperatura eta egoera fisikoari buruzko datuak bidaltzen dizkiote taldeko medikuari. Aldaketak noiz egin jakiteko edo nekeak eragindako lesioak ekiditeko lagungarri izan daitezke kamiseta horiek. Zentzu horretan, oinetakoek ere zeresan franko dute. Veit Senner Municheko Unibertsitate Teknikoko zientzialariak adibidez, takoen diseinuak ohikoen diren lesioekin loturarik duen aztertu du, bideoen eta belaun birtual baten laguntzarekin. Halaber, Duisburg-Essengo Unibertsitateko ikertzaileak Nike konpainiaren oinetakoen prototipoekin hainbat froga egiten ari dira, jokalariek irrist egin ez dezaten oinarri sendoa eta trakzio egokia izango dituen oinetakoa (200 gramo baino gutxiago izango ditu) diseinatzeko.

 

Milan taldea eredu

 

Futbolak ukitzen dituen gainerako esparruetan bezala, teknologiaren kasuan ere punta-puntako taldeak dira aitzindari eta ikur. Horien guztien artean Milan taldea gailentzen da. Italiarren kirol zentro erraldoia (Milanello) biomekanikaren eta medikuntzaren alorretan erreferentzia bilakatu da. Entrenamendu zelaiez, korrika egiteko pistez eta igerilekuez gain, Milan Lab laborategia dago bertan. Lurpean dago eta zientzialari, terapeuta eta zuzendari tekniko gutxi batzuk besterik ezin dira han sartu. Eurek soilik kontsulta dezakete jokalarien datu mordoa jasotzen dituen software sofistikatua. Besteak beste futbolarien hezurren, muskuluen, hortzen, ikusmenaren eta gernu nahiz odolaren inguruko datuak jasotzen ditu software horrek, entrenatzen zein partidak jokatzen ari direnean. Gainera, jokalarien historial klinikoa (lesioak…) ere biltzen du. Horri esker, softwareak %90eko ziurtasunarekin aurreikusi dezake futbolari batek lesioa jasateko arriskua noiz duen. Era berean, gimnasioan dauden aparatuek jasotako datuak (koipe tasa…) kontuan hartzen dira jokalari bakoitzaren dieta zehaztean.

 

Matteo Motterlini Milan Lab laborategiko aholkulariak dioenez, ordea, ez gara alderdi fisikoa zaintzera mugatu behar: “Parametro fisiologiko, biokimiko eta mentalen arteko oreka lortzea da gure xedea”. Hala, tarteka Milango jokalariek test psikologikoak egin behar izaten dituzte, euren lidergo gaitasuna eta motibazio maila neurtzeko, besteak beste. Gainera, hurrengo denboraldian, Milanellon Mind Room izeneko gela irekiko dute. Futbolariak zortziko taldeetan sartuko dira hara partiden ostean, 90 minututan bildutako estresa arintzeko. Besaulki erosoetan eseriko dira eta 20 minutuz pantaila batean irudi erlaxagarriak ikusi eta entzungailuetatik psikologoen hitzak jasoko dituzte. Bitartean, makina batek pultsazioak, izerdi-maila, tentsio arteriala eta beste parametro batzuk neurtuko ditu. Helburua hauxe da: jokalariek pentsamendu ezkorrak kontrolatzera iritsi daitezen lortzea, euren kontzentrazio ahalmena hobetzea eta, azken batean, zelaian errendimendu hobea izan dezaten lortzea.

 

Aurrerapen teknologikoek lesioak murriztu edo jokalarien ahalmena hobetzen duten bitartean ez gara kexaka hasiko, baina hainbat adituk honen guztiaren inguruan duten iritziarekin bat egiten dut. Alegia, ikuskizunaren izenean goi-mailako kirola bide “arriskutsua” hartzen ari da. Eta ez gara inguruan mugitzen den makineria izugarriaz hitz egiten ari, kirol lehiari dagozkien kontuez baizik. Kirolariek roboten geroz eta antz handiagoa dute. Egia da norberaren sasoia, teknika, irudimena eta abarrak faktore oso garrantzitsuak izango direla beti, baina kamiseta adimendunei edo txirrindulariek eramaten dituzten “pinganilloei” buruzko komentarioak entzutean, atzera begiratu eta batzuetan faltan sumatzen ditugu apur bat “anarkikoagoak” ziren kirolariak. Ez ziren hain indartsuak, hain perfektuak izango, baina xarma berezia zuten…

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan