2006-09-23
Duela bi aste Pirinioetara joan ginen sei laguneko koadrila, Balaitous mendia igotzeko asmoz. Sallent de Gallegora bidean, autoan irratia piztu genuen, gidariak eramandako euskal musika errepertorioak belarriak gehiegitxo zigortu zizkigula-eta (barka diezagula Benitok!). Horrelakoetan ohikoena guztion gustuak ase ditzakeen musika katea bilatzea izan ohi da (misio benetan zaila), eta horretan genbiltzan irrati batean meteorologo bati egiten ari ziren elkarrizketarekin topo egin genuenean. Foehn izeneko haize korronteez ari zen hitz egiten eta kopilotuak huraxe utzi zuen, auskalo zergatik. Gehien kezkatzen gintuena iragarritako laino potolo horiek azaltzea zelako agian. Lagunak asmatu zuen, elkarrizketa labur baina interesgarria izan zelako.
Meteorologoak haize hori dabilenean jendearen aldartea gaiztotu egiten dela esan zuen, eta orduantxe gertatzen direla (Alpe inguruan batik bat) istripu, suizidio eta delitu gehien. Foehn efektuak euskaldunok “ero-haizea” deitzen diogunarekin harremana duela ere esan zuen eta amaiera aldera, hurrengo kilometroetan hizpide izan genuen harribitxia bota zuen. Dirudienez, Suitza eta Alemanian, hainbat epaiketetan abokatuak Foehn efektuaren aitzakiaz baliatu dira euren akusatuen delituak arrazoitzeko eta errugabe direla erakusteko. Epaileei esaten dietenez, delitua gertatzean Foehn haizeak jotzen zuen eta horregatik izan zuten akusatuek erreakzio gaiztoa. Meteorologoak argudio horrek funtzionatzen duen ez zuen esan, baina web gune batean baietz irakurri dugu. Airean dagoen elektrizitateak osasunean duen eraginaren inguruan hainbat azterketa egin dituen Fred Soykak Witches Winds (Sorgin haizeak) izeneko artikuluan dioenez, Italia eta Suitzako hainbat epailek akusatuen zigor eskaerak murriztu dituzte delituaren unean ero-haizea zegoela erakutsi badute.
Foehn edo Föhn izen alemaniarrak Alpeetako iparraldean jotzen duen haizeari egiten dio erreferentzia. Izen bereko efektua mendi inguruetan gertatzen da, aire epel eta hezeko masa batek mendiarekin topo egin eta hura gainditzeko igotzera behartuta dagoenean. Masa tontorrerantz igotzean, uraren lurruna hoztu egiten da eta kondentsazio edo sublimazio prozesu horrek eurijasak eragiten ditu. Ondorioz, kontraste klimatiko handia sortzen da: mendiaren alde batean hezetasun handia izango da eta euria ariko du; bestean, zerua garbi egongo da eta tenperatura dezente altuagoa izango da. Masak zekarren airea lehortu eta tontorraren beste aldetik abiadura bizian jaisten delako gertatzen da hori. Presio atmosferiko handia eta tenperatura altua eragiten ditu efektu horrek.
Foehn efektuaren ezaugarriei buruzko informazio gehiago Frantsesezko Wikipedian aurki dezakezue.
Foehn haizea dabilenean termometroak 30 gradura hel daitezke ordu gutxiren buruan, eta horrek bereziki arriskutsu bihurtzen ditu mendialdeko zenbait zonalde, elurra azkar urtu eta elur-jauziak sortzen baitira. Gainera, suteak oso azkar zabaltzen ditu. Halaxe gertatu zen, adibidez, Santanderren (Espainia), 1941eko martxoaren 14an eta 15ean. Cádiz kalean hasitako sute batek hiriaren erdigunea suntsitu zuen, hegoaldeko haize bolada gogorrek ez baitzuten atsedenik hartu bi egunez. Espainiako Meteorologia Behatokiak jaso zuenez, Igeldon (Donostia) haizeak 196 km/orduko abiaduraz jo zuen 1941eko martxoaren 15ean, gaueko 23:00etan.
Eguraldia soilik ez. Foehn haizeak pertsonak ere erotzen ditu. Buruko mina eragiten du, goragalea, insomnioa, nekea eta haserrea. Horrek jendearen aldartea gaiztotzen du eta suizidio, istripu eta hilketa tasek gora egiten dute sorgin haizea dabilenean. Municheko (Alemania) Ludwig Maximilians Unibertsitateak kaleratutako ikerketa baten arabera, suizidio eta istripu kopurua %10 hazi da Foehn haizeak Europa Erdialdea astindu izan duenean.
Alpeetako Foehn haizeak senide ugari dauzka mundu osoan. Haize katabatiko hotz eta lehorrak dira guztiak, beheranzko aire-korronteek sortutakoak. Honatx horietako batzuk:
2010-03-27 Estitxu Eizagirre Larraulgo eskola Eusko Legebiltzarrean
2010-03-20 Gorka Bereziartua Bi klik eta akabo sareko askatasuna
2010-03-13 Jon Torner Antibirusak eta galtzontziloak
2010-03-06 Jon Torner Force with control, teknologiaren indarra
2010-03-06 Jon Torner errusia...
2010-02-27 Joxe Rojas i-Zurrumurruaren amaiera
2010-02-20 Jon Torner Palestina, Bosnia, Iran, Afganistan... nobela grafikoak gatazken bihotzean
2010-02-13 Patxi Zubizarreta Salinger-en bidea
2010-02-06 Jon Torner "Guardiola paradigma" eta Bulgaria anarkikoa
2010-01-30
Grebaorokorra.info, Interneteko ARGIA Saria
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa