Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Net Hurbil

Sarekada

Jon Torner

jontorner@argia.com

Coca-Colaren aurkako kanpaina

Jon Torner

2003-08-02


Jon Torner
mailto:jontorner@argia.com

Kolonbiako Sinaltrainal sindikatuak Coca-Colaren aurka boikota egitera deitu ditu mundu osoko herritarrak. Sindikatuak adierazi duenez, Estatu Batuetako multinazionalak harreman zuzena du langileen aldarrikapenak errepresio bidez isildu nahi dituzten paramilitarrekin. Coca-Cola botilaratzen duten Bebidas y Alimentos eta Panamerican Beverages konpainietako langileek -bereziki sindikatuetako kide direnek- mehatxuak pairatzen omen dituzte etengabe. Paramilitarrek, halaber, urrats bat haratago joanez, zazpi langile hil dituzte jada. Honen aurrean, joan den urtarrilean Porto Alegren eginiko Gizarte Foroak uztailaren 22a Coca-Colaren Aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Bestalde, AEBeko auzitegi batek United Steelworkers of America sindikatuak bi konpainia horien aurka jarritako salaketa onartu zuen pasa den apirilean. Coca-Colaren aurkakoa ordea atzera bota zuen.

Coca-Cola eta paramilitarrak

Elikagai-Industriaren Sindikatu Nazionalak -Sinaltrainalek-, salatu duenez, paramilitarrek euren eskubideen alde borroka egiten duten Kolonbiako Bebidas y Alimentos de Urabá eta Panamerican Beverages konpainietako langileak etengabe mehatxatzen dituzte. Mehatxu hauek sarri eraso bilakatzen dira, eta hainbat kasutan, hilketa. Azken urteotan paramilitarrek bi enpresa hauetako zazpi langile hil dituzte. Bebidas y Alimentos eta Panamerican Beverages-ek Coca-Cola enpresek botilaratzen dute eta Sinaltrainek Estatu Batuetako multinazionalak langileek sufritzen dituzten erasoekin lotura zuzena duela dio.

Hau guztiagatik United Steelworkers of America sindikatuak Coca-Cola eta botilaratzeaz arduratzen diren bi enpresen aurkako salaketa jarri zuen. Martxoaren 31n Floridako epaitegi batek azken hauen kontrako salaketa onartu zuen paramilitarrekin duten loturagatik. Aitzitik, Coca-Colaren aurkakoa atzera bota zuen multinazionalak beste bi konpainietako lan baldintzak ezartzean ez omen duelako parte hartzen.

Mundu osoko hainbat sindikatuk eta erakundek ordea Coca-Colak paramilitarrek erakusten duten jarreraren sustatzaile dela diote eta bat egin dute Sinaltrainal sindikatuak abian jarritako Coca-Colaren aurkako kanpainarekin. Kanpaina horretan, zeresan berezia izan zuen uztailaren 22ak. Izan ere, joan den urtarrilean Brasilgo Porto Alegre hirian eginiko Gizarte Foroak egun hori Coca-Colaren Aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hori dela-eta, hamaika mobilizazio izan zen han-hemenka.

Multinazional askoren taktika

Coca-Cola ez da ordea Kolonbiako langileen eskubideak bortxatzen dituen multinazional bakarra. Ermelina Mosquera Sinaltrainal sindikatuko kideak "Gara" egunkariari eskainitako elkarrizketa batean zioenez ("Con el boicot defendemos nuestro derecho a la vida". "Gara", 2003/07/22), azken bost urteetan Coca-Colak 10.000 langile baino gehiago ordezkatu ditu lan agentzien bidez. Eta hala egin omen du ere Nestlé multinazionalak, esate baterako. Enpresak eramaten dituzte, ekoizpen-kateak itxi, mozkin sindikalak murriztu... Eta larriagoa dena, langileen kontrako biolentzia sustatu dute. Honen aurrean, Gobernuak ezer gutxi egiten duela salatu du Mosquerak. Are gehiago, multinazionalek bultzatzen duten politikarekin bat egin eta zerbitzu publikoak, hezkuntza, osasuna eta abar pribatizatu ditu. Gainera, Nestlé-ren kasuan adibidez bertan lan egiten zuten zortzi langile hil dituzte paramilitarrek. Egoera arras gogorra da ehunaka langile kolonbiarrentzat eta horregatik Sinaltrainalek dei egin die mundu osoko herritarrei Coca-Colaren aurkako kanpainan parte har dezaten.

Gasteizko txosnetan ez dute Coca-Colarik zerbitzatuko

Abuztuaren 4tik 9ra bitartean Andre Mari Zuriaren jaiez gozatu asmoz Gasteizera joan eta txosnetara hurbiltzen bazarete, ez Coca-Colarik eskatu, ez baitute izango. Orotara 21 kolektibok paratuko dute euren txosna Unibertsitate ondoko esparruan eta inortxok ez du Coca-Colarik zerbitzatuko, Kolonbian multinazional honen aurka abian jarritako kanpainarekiko elkartasun moduan.

Informazio gehiago:

Killer Coke. Coca-Colaren kontra mundu osoan abian jarritako kanpainiaren inguruko informazio ugari eskaintzen du gune honek, ingelesez.

Indymedia Colombia. Web gune honetan Coca-Colaren aurkako kanpainari buruzko informazioa irakurri dezakezu.

Boycott Coca-Cola. Stop the violence. Coca-Colaren kontrako kanpaina Ingalaterran.

Coca-Cola FEMSA konpainia. Iazko abenduan Panamco (Panamerican Beverages) konpainia eskuratzeko akordioa sinatu eta maiatzean erosi egin zuen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan