2006ko ekaina, Bartzelona, Vicent Partal Vilawebeko erredakzioan Pello Zubiria eta Xabier Letonari azaltzen haiek nola egiten ari ziren Vilaweb telebistako lehen urratsak. Handik bi egunera autoan bueltan adostasun erabatekoa: “Guk ere egin zezakeagu hori”. Ia aldi berean, Amets Arzalluz eta Txomin Txueka Boliviarantz atera ziren ARGIArako erreportaje zabal bat egitera. Bideo aparailu bat erosi eta irailean, ARGIAk bere produkzioko lehen bideoa jarri zuen sarean, produktu izarra baliatuz: Amets Arzalluzek Evo Moralesi egindako elkarrizketa. Harrezkero ehunka elkarrizketa eta lan etorri dira, baina hemen ikus dezakezue hedabide batek sarerako propio egindako lehen euskarazko bideoa.
Interneten abiatu ginenean, nork pentsatuko zuen telebista ere egingo genuenik? Guk geuk ere ez genukeen sinetsiko, baina bidea egin eta Interneten barrenak ezagutu ahala gero eta garbiago ikusten genuen, gureak ere proiektu multimedia behar zuela. Hasieran besteen bideoak jartzea zen lorpena, baina gero gureak nahi genituen eta teknologiak eskura jartzen zigun hori egitea. Oraindik bide luzea dugu ikus-entzunekoen mundua arakatzen eta frogatzen, baina aurreikuspenak oparoak dira, lehen handiek bakarrik egin zezaketen gauza asko egin dezakegulako orain txikiek.
Groenlandiako independentzia prozesuari buruz egindako bideoa jartzen dugu ondoren, Evorena egin genuenetik 6 urte pasa diren honetan, eboluzioa ikus dezazuen.
Diruz laguntzeko gunea