ARGIAk 1997an egin zuen Interneten murgiltzeko jauzia, komunikazioaren alorrean iraultza zekarrela ohartuta. Aurreko urteetan landutako digitalizazioaren eta multimedia asmoen ildoan –ARGIAren elkarrizketa guztien data base osoa CDan eskainia zen, esaterako– Interneten abiatzea urrats handia zen baina derrigorrezkoa.
Bidea posible egin du astekaria egiten duen kooperatibarekin talde berean inprimategia (Antza) eta informatika enpresa (Adur) elkarlanean aritzeak.
Inkognita asko ikusten zitzaizkion teknologia berriari, baina apustu egin beharraz zalantzarik ez zuten eduki Ametzagaiña taldeko kooperatibek: enpresa eta komunikabide gisa aurrera egiteko funtsezkoa zen baina gainera euskarazko kulturari eta irakurleei lagundu behar zitzaien garai berrietan ere bizirauten. Erantzun argirik gabeko galdera asko zeuden: nola eboluzionatuko zuen Internetek, zein zerbitzutan aurreratuko zen gehien, nola aldatuko ziren irakurlearen ohitura eta zaletasunak, nondik pagatuko ziren inbertsioak...
Horien artean, ARGIAk hasieratik lehenetsi zuen bere eduki guztiak sarean dohainik eta libre eskaintzea, ahalegintzea -arazoak eta kontraesanak saihestu gabe- teknologia berrien aukerak gizarte euskaldunak modu aurreratuan landu eta goza ditzan.
Diruz laguntzeko gunea