Palestinako taupadak

Zilbor korapiloa
Aitonak esaten zidan, eta arrantza-ontzietan ibili denak zerbait badaki, munduan askatu ezin den korapilo bakarra zilborra dela. Inoiz, lokarriak zuzendu ezinik, oinetakoetako kiztua otxentaiotxo eginda eramaten banion, "hau dek hau txilbor-koapillua!" haserretuko zitzaidan. Baina askatuko zuen hala ere. Hatzik latzenak ere badaki zirrikitua bilatzen.

"Txilborretik haizia sartzen zaik!" jotzen zidan adarra maiz, eta ni, inozentea, kamisetari gora eragin, eta zilborrari beha. Denborarekin aurkitu nion hitzen korapilo hari askabidea, eta ulertu nuen umilago ibili behar nuela. Egoaren gailurra da zilborra. Amarenetik askatu ginen, eta oharkabean, gurera lotuak utzi gintuzten betiko.

Jerusalem izan zen, urte askoan, munduaren zilborra, zentroa, ustekoa. Eta oraindik hala da fededun askorentzat. Monoteista nagusiak Jerusalemera loturik gelditu dira betiko; juduak beren pareta sakratura itsatsiak, mahometarrak Arrokaren Domoaren bueltan zorabiatuak, eta kristauak Jesukristo iltzatu zuten gurutzera josiak. Sinesmen denek elkar jotzen dute hemen, eta adokin hauen artean ibiltzea polita da ateoarentzat ere, denboraren eta espazioaren espiraletan zapping bat egitea bezalakoa baita.

Koadro bat da Jerusalemgo hiri zaharra. Pintzel guztiak pasa ziren hemendik: nola egipziarrak hala babiloniarrak, hala erromatarrak nola musulmanak, otomaniarrak berdin, eta baita azterketa egunean ahaztu zitzaizkidan beste mordo bat ere. Baina hona inor ez zen tinta gorria etxean ahaztuta etorri, eta denek utzi zuten beren arrastoa geroko. Orain, koadroaren gainean dabilenak zangoz, laster sartuko du ez dagokion lekuren batean hanka: beltzez jantzitako armeniarren artean agian, beren bizarraren karraio dabiltzan judu ultraortodoxoekin bestela, zapiz estalitako emakume musulmanei kasu eginez menturaz. Azken aukera kolore guztietako sotanaz jantzita dabiltzan kristauekin du, jainkoak dakiela nongoa den bakoitza.

Kapelua, zapia, edo sotana, hemen, inork ez darama zilborrik agerian, eta esango nuke nik, haizerik ez sartzeko baino, haizeak ez alde egiteko dela. Eta horien artean ibili gara gu hasieran, ez noa esatera nola jantzita, bestela aitonak akabatuko nau zerutik. Baina akabatu aurretik azken hitza uzten baldin badit, esango diot aitonari, Mahoma zerura igo zen lekuan, jaisteko lurrera -joateko bidea egina badago etortzekoa ere egongo da noski-. Ba etor dadila aitona ikustera Jerusalemgo hiri zaharra, hauxe baita, nire begietara, zilborrari egindako koadroa.

Telefono arabiarra
Bala galdu batek beti aurkitzen du bere bidea. Beti aurkitzen du norbait, bidean, bala galdu batek. Norbait galdu zen bala baten bidean.

Beit Jallan aurkitu dugu. Ez du hitzik egiten, begi keinuren bat tartean behin. Taxi gidaria zen Nabulusen, eta orain, aulki gurpildunean dabil besteek gidatuta. Yassir du izena, eta apenas nik baino urte bete gehiago duen. Soldadu israeldar baten tiroak harrapatu zuen, orain urte bete, kasualitatez, buruan.

Elkarrizketa egitea proposatu genion, eta ez zuen ezezkorik eman. Baiezkorik ere ez zezakeen. Baina lehengusua zuen ondoan, eta hura ados, dena kontatzeko, arabieraz. Sendagileak egin zigun arabieratik ingeleserako bidea. Eta Ion itzultzaile laguna nuen ondoan ingelesetik euskarara ekartzeko hitza. Nik galdera bat egiten nuen, eta galdera ikurrak itzuli osoa ematen zuen Yassirren begietara iritsi arte. Honek keinu batez bueltan bidali, eta han ikusten nuen nola zetorkidan bueltaka-bueltaka, askotan, esklamazio ikur bihurtuta. Ramonetekin oroitu nintzen, kazetari izatea kateko lan bat bihurtua dela. Guk kate luzea osatu genuen Beit Jallako ospitalean: ni-Ion-sendagilea-lehengusua-Yassir, Yassir-lehengusua-sendagilea-Ion-ni. Marka jarriko genuela pentsatzen dut, eta bide batez Palestinako langabezia izugarriaren arazoari soluzio bide bat aurkitu, bost pertsona behar izan baikinen hitz egiten ez duen bati elkarrizketa egiteko.

Galdera erantzunak korroan zebiltzan artean txikitako jolas bat etorri zitzaidan burura: telefono arabiarra. Hala esaten genion guk. Borobilean eseritzen ginen lagun guztiak, eta batek esaldi bat pausatzen zuen aldamenekoaren belarrian. Honek esaldi bera bere ondokoari luzatzen zion hitzen bat aldatuta. Eta honek hurrengoari, eta hurrengoak hurrengokoari, aldi oro zerbait aldatuz, segi eta segi, esaldiak itzuli osoa eman arte. Azkenekoarengana iristen zenean, azkeneko horrek hasierako esaldi orijinala zein izan ote zen asmatu behar zuen. Nire jolasik gustukoenetakoa zen. Eta Yassirri elkarrizketa egin eta gero, itzulpen perfektuetan sineskaitz, horixe pentsatu nuen, inork ez duela jakiten txikitako jolasak gero zenbateraino balioko dioten.

Nabulus
(Oraintxe iritsi gara hotelera, eta idazten jarri naiz, "hau bai benetako egunekoa egitea" esan dit Txominek, « egunekoa ez, hau gauekoa izan duk " erantzun diot. Ilargi gorriko anbulantziaren zentralean pasa baitugu gau osoa erreportajea egiten).

Ilargi bete-betea dago Nabulusen, pusketatan ebaki eta etxez etxe banatzeko modukoa. Baina ez dute palestinarrek ilargi zatirik nahi etxean, "ilargi zati gorria" anbulantziaren izena baita hemen. Eta anbulantziak, zoritxarrez, badaki zer den argi egitea Nabuluseko gauean.

Nabulus izena sugeari kendutako hortzetik omen dator ; sionistek "terrorismoaren sehaska" esaten diote , eta gauero etortzen dira sugeari letagin berriak erauztera. Orain hurrena bederatzi garbitu zituzten. Bart gauean ere sartu dira, hamabiak jo dutenean, eta gure begien aurretik pasatzen ikusi ditugu, harro, sei karro, anbulantziaren egoitza azpitik. Auzo oso bat esnatu dute tiroka. Danbada handi batzuk entzuten ziren hasieran, eta tartean-tartean haizeari ere pultsu egin ezin zioten tirotxo batzuk. Ez dago esan beharrik zein aldetatik zetorren bakoitza. "Baina zertara sartzen dira gauero Nabulusera?" galdetzen badu norbaitek, euskarak egoki asko erantzungo dio: miaka ibiltzen dira, ba ote dabilen inor.

Ilargi gorrian telefonoak behin baino gehiagotan jo du gauean, eta ez da harritzekoa, bi furgoneta baino ez baitaude 350.000 biztanleko herriaren zerbitzura. Gu zentralean egon gara gau osoan, anbulantzien sartu irtenak ikusten. Anbulantziaren barruan joan izan bagina check pointetan doble denbora galduko zuketen, eta doble asko da, normala ordu bete izan daitekenean. Ordulariak buelta osoa eman artean edukitzen dute anbulantzia geldituta check pointean, eta Heriok ez du beti hainbesteko pazientzia izaten. Maiz, anbulantzia iristerako, ez da gehiago zauriturik egoten.

Agian harrituta egongo dira aspaldian check pointetako israeldarrak. Anbulantzia palestinarraren barruan kaliforniar gazte bat dabil, boluntario. Hogeita hiru urte ditu, eta judu baten semea da. Ez die kontatu gurasoei non dabilen, gezurrezko emailak bidaltzen dizkie tarteka, ez kezkatzeko esanaz, Kalifornian dabilela. Izan ere, hain handia da Amerika. Eta berarekin batera palestinar adineko bat doa anbulantzia barruan. Goizean, furgoneta gorrixka aparkatutakoan, auto horia hartuko du; taxi txofer bihurtuko da. Eta hilabeteko oporrak tokatzen zaizkionean Israelera joaten da sukaldari bezala lan egitera. "Denaren beharra dago, habibi, etxeko poltsikoa berdintzeko". Eta hiru lan gutxi bailiran, zauritu edo hildako bat jaso behar duenean, argazkia ateratzen dio mugikorrarekin, hartara inork ez du esango gertatu ez denik. "Soldaduek badakite argazkiak ateratzen dituzula?" galdera inozoa nirea, "bai zera ! Ikusiko banindute tiro bat joko lidakete, bertan akabatu!". Inoiz gertatzen bada, desio ez dudan arren, agian, norbaitek esan beharko die hiltzaileei gizon hori hamaika soldadu israeldar salbatutakoa zela.

Goizeko hiruak aldera berriz hasi dira tiro hotsak inguruan. Gaueko isiltasunean garbi-garbi entzuten dira. Anbulantziaren zentralean telefonoak jo du. Badoaz hiru lagun ziztuan. Ordu erdian egon gara beraien zain. Etorri dira bueltan. "Good work?" galdetu diet. "Bai, haurdun zegoen emakume bat zen, gauean taxia hartzea arriskutsuegia da eta guri deitu digu. Ospitalera eraman dugu".

Bihar, ez da inongo egunkaritan irakurriko, baina gaur, Nabulusen, haur bat jaio da gauean.

Al Quds
Bolivia ez dago Israeletik oso urrun. Kolonoak kolonizatzaileengandik bezala. La Paz jarri zioten batzuk izena hiriari, eta besteek Jerusalem, bakearen hiria hebraieraz. Aitortu beharra dago izen asmatzailea oso ironia fineko jendea izan dela beti. Baina ironi hitzak inori bezala, badute Boliviak eta Jerusalemek ere beren infrentzua. Bata bi hiriburuko herrialdea da, Sucre eta La Paz ditu, eta bestea bi herrialdetako hiriburua, Palestinak eta Israelek dute.

La Pazetik Sucrera hegaldi batean joan ginen, eta Jerusalemetik Al Qudsera salto batean pasatzen gara. Al Quds da, Jerusalem arabieraz, eta ez zekitenentzat barkatu lehenago esan ez izana, Jerusalem da, Al Quds, hebraieraz. Baina batetik besterako saltotxoak ez du bost hizki lekuz aldatzeko astirik uzten.

Jolas bat proposatuko nuke: irakurlea autobus batera igo eta hirian promenatu tarteka geldialdiak eginez. Geltoki bakoitzean asmatu beharko luke noiz dagoen Al Qudsen, Palestinan, eta noiz Jerusalemen, Israelen. Zin dagizuet, inoiz hiria ikusi ez duenak ere asmatuko lukeela. Baita ikusten ez duenak ere; ipurtezurrean autobuseko aulki gogorra kolpeka sentitzea Al Qudseko asfaltoaren ongietorria da. Eta kale ertzean pilatutako zaborraren usaina sudur zuloetatik sartzea Al Qudsen kosmetika berezia. Eta haurrak hamaika baino ugariagoko multzoan jolasean dabiltzala baloia bidera erori eta autobusak bere arrastoa errepidean uztea ere Al Qudseko marka. Harrigarria da txofer berdinak ere zein ezberdin gidatzen duen mugaz alde bietan. Baina azkenengo proba irakurleari: autobusean, zure aurrean, armatutako bi gazte doaz, fusil bana eskuetan. Aurrerago doan gizon batek pistola bat darama begien bistan ezkutatua, atzeko poltsikoan. Autobusa armatua doa. Non zaude? Agian, ez zenuen zalantzarik egingo, baina agian, oker egongo zara. Jerusalemen zaude, segurtasunak beldurra ematen duen herrian. Al Qudsen ez da polborarik usaintzen.

“Hanka bat zeukan Vitorian ta bestia berriz Londresen”, ez nuen uste posible zenik Txirritarena. Baina Lazkao Txikik ere posible zuen. Hemen, posible da oin bereko orpoa herri batean izatea eta behatzak bestean; lerro berde zaharra zapaltzen ari zara. Baina ez dira herri bat eta bi, hemen bi mundu ikusten dira alde banatako espaloitik elkarri begira. Alde batean Europa dago, mesfidati, begiak pausoari segika, eta bestean Hego Amerika, libre, pausoak begiari segika. Hemen bi pausoan zeharkatzen da Atlantikoa. Eta orain hobeto ulertzen dut nola ibili zen jainkoa ur gainean oinez.

Yanni
Bitxia da esanahia hitzari gertatzen zaiona. Beste hitz guziak azaltzeko gai da, eta bere buruarekin egiten du huts. Esan nahia, izatez, zerbait esan nahi eta ezina da. Definitzea, aldiz, hitzik nekatu gabe adieraztea. Gure hiztegiak, ordea, bikitzat ditu biak, esanahia eta definizioa. Nik uste dut jaiotza agiria jaso zuena despistatuta ibiliko zela, Eta azkenean, definizioa adierazteko dugun hitza, gehiago da esan nahia baino nahi gabe esana.

Akerraren adarrak baino okerragoko bertsoa bota omen zuen batek plazaren batean, mingaina ez ezik entzuten ari ziren belarriak korapilatzeko modukoa. Baina izaten baitira beti jakintsuak, entzuleetariko batek albokoari begiratu, eta txalo ozen joaz, “ño, horrek bazian esan nahia!” bota zuen. Albokoak, ahotsik altxa gabe erantzun zion puntuari: “esanahia baita gure auzoko hitz totelak ere”.

Esan nahia askok izaten dute, eta totelaldiak denek. Hizkuntza bakoitzak izaten ditu, ordea, totel une horiek gainditzeko bere tresnak. Frantsesek “eeeeeee” luze bat dute, niri “bueno” ateratzen zait sarri-sarri, eta palestinarrei berriz “yanni”. Ez da nonbait edukazio onekoa isilean pentsatzea, eta segunduko tarte hori bete egin behar hitzez. Hala, nekez entzungo diezu palestinarrei “yanni” tik abiatu gabeko esaldirik, eta nik uste dut, isildutako herri baten oiartzun txiki bat dela, palestinarren esan ezin guztien ama, “yanni” horixe baita, esan nahi dut.

Nik esan nahi dut artista eder bat ezagutu genuela lehengoan Ramallahn, Jawad Ibrahim, pintzelez eta zintzelez hitz egiten duena. Baina arte lan guztiak baitira, niretzat, esan nahiari egindako irudiak, Jawadek mingainez lagundu behar izan zion hatzari nahi zuena esaten. Eta trukean, argazkian ikusten denez, eskuak ere lagundu zion gero mingainari hizketan.

Eskultura txiki honetan Jawaden amona da ageri. Lehen intifada denboran, amonak, soldadu israeldarrak ikusi zituen bere etxeko leihotik meatzari bat xehetzen. Begiak estali zizkioetan meatzariari, behar bada, ez zezan amonarik ikusi leihoan. Baina amona, laurogeita hamar urte berekin hartuta, eskaileretan behera abiatua zen ordurako, eta fusilaren aurreraino iritsi zen, pauso txikian.

“Mesedez, aska ezazue meatzari hau” –agindu zien soldaduei-. Baina soldaduak, ez ziren agindu guziak berdin obeditu zale, eta meatzariari esku muturrak bihurritzen segitu zuten. Bere eskuz saiatu zen orduan amona meatzaria askatzen, eta hori ikusirik erruki gabe jo zuten amona ere, makila denak gastatu arte. Azkenean, meatzaria eraman egin zuten, eta amona, negarrik egin gabe itzuli zen berriro eskaileretan gora, pauso apalean, bere etxeraino. Orduak eman omen zituen leihotik begira, mutu.

Surrealismoa
Badira munduan existitzen ez diren herrixkak. Israeleko malkar emankor amaigabeen artean galdutako etxetxo palestinarrak. Alferrik ibiliko zara Google Earth-en, edo maparik zehatzenetan horien bila, ez dira inon ageri, dauden lekuan izan ezik. Errefuxiatu gabeko lurrak dira, beren olibondoei helduta gelditzea erabaki zutenak. Nor baden eta nor ez den ebazten duen ahaltsuak itzalera kondenatu zituenak, beren izen eta guzti.

Badira munduan existitzen ez diren pertsonak ere. Eta ez Ipar Poloko azken izotz puskaren azpian, ezta Amazoniako basoaren zokorik zokoenean ere, Tel Aviveko itsas ertz ederreko banku baten gainean baizik. Aita bat, ama bat, eta hogeita bat urteko semea. Ez dira pasaporterik gabe bizitzea erabaki zuten anarkistak, pasaportea, beren izen argazki eta zenbaki, kendu egin zieten, eta existentziatik kanporatuak gelditu ziren betiko. Hamar pausora dagoen enbaxada amerikarreko kamara bat hogeita lau orduan dago horiei begira, baina inondik ere gaizki enfokatua egon behar du. Ez dakit nola ikusi genituen guk.

Bizar artetik erortzen zitzaizkion hitzak aitari, bielorrusieraz, eta semeak errepikatzen zizkigun frantses eder batean. Bielorrusian jaioak dira omen, baina Israelen bizi izan ziren zenbait urtez, eta gero Frantziara aldatu ziren errefuxiatu paperak eskatuz. Ez galdetu niri bidaia bakoitzaren zergatia, nahikoa lan banuen eta ikusezinak ere hezur haragizkoak direla sinesten. Baina CIAko hegazkinak Europan bueltaka zebiltzan artean, goiz batean, semea unibertsitatera joateko prestatzen ari zela, polizia sartu zitzaien etxera, eta oinetakoak lotzeko astirik utzi gabe hegazkin batean sartu zituzten. Inork azalpenik ez. Ordu batzuk beranduago Tel Aviveko aireportuan hartu zuten lur. Maletekin batera buelta batzuk eman zituzten zinta elektrikoan, baina ez zituen inork jaso. Ezta poliziak ere. Eta orain ez dira bizi ez munduan eta ez Frantzian.

Salvador Dalik marraztu zituen ordulariak urtzen, eraiki zituen pertsona kaxoidunak, eta asmatu zuen elefante erraldoia piramidea karraiatzen. Baina surrealistarik handienak ere ez zukeen emango existitzen ez den familia honek Tel Aviveko udalean jaso zuen erantzuna : "Nola arduratuko gara zuen kasuaz ? Zuek ez zarete ofizialki estatu honetan sekula sartu, beraz, ez zaudete hemen. Ezin dugu zuekin hitz egin". Eta orduantxe konturatu nintzen egia dela sartu ez denak ezin izaten duela atera.

Tarek
Bi ametsekin lotaratzen nintzen ni mutikotan: bata, biharamunean ikastolara joateko jaiki beharrik ez izatea, eta bestea, ni hil aurretik, arren, medikuren batek asma zezala bizitza eternala emango zigun pastilla. Heriotzari beldurra nion. Baina hamabi urte eta erdirekin, ikara denak uxatu nituen, jabetu bainintzen hildakoek ez dutela biharamunean ikastolara joateko jaiki beharrik izaten.

Ez dakit Tarek txikia eskolara joaten ote zen, baina nik martirien hilerrian aurkitu nuen goiz argitan. "Begira, hau nire anaia da" esan zidan hil harri bat seinalatuz, "hemengo hau?" erantzun nion, "bai, hau, baina ez dago hemen, nire anaia paradisuan dago betiko". "…", hitz-ikara bat sentitu nuen lehenik, eta irribarrez marraztu zitzaidan harridura gero, ez nuen sekula entzun hain mutiko txikirik heriotzaz hala hizketan. Albora gerturatu zitzaidan, ordea, eta gezia baino zorrotzago sartu zidan galdera ikurra belarrira: “aizu, baina zenbat denbora da betiko?”.

Osaba batek eman zidan niri erantzuna, aspaldi. Apaiz batek nola sartzen zien hezurretarainoko beldurra Arantzazun, mutil kozkorrak zirela: "txingurri bat, poliki-poliki, mundua alderik alde zeharkatzera abiatuko da. Ibili eta ibili, buelta osoa emango dio munduari, behin, bi aldiz, hiru aldiz, lautan, bostetan, eta buelta eta buelta, bere oinekin lurra urratzen hasiko da azkenean. Eta urratu eta urratu, erretena gero eta sakonago, egun batean bi zati egingo du mundua. Eta bekatariak oraindik infernuko garretan segituko du erretzen".

Baina ezin nion Tareki infernuarekin azaldu zeruko denbora, eta are gutxiago, hirurogei urte lehenago, 1948an, artean bera jaio gabea zela, txingurri batek egun bakarrean zatitu baldin bazien mundua. Beste metafora bat asmatu beharra nuen mutikoari eternitatea marrazteko. Eta ideiak noraezean zebilzkidala, zeri heldu jakin gabe, harri bat jaurti zuen norbaitek nire irudimenera. Harria! Of course, horixe zen behar nuena!

Lur bakoitzak jakiten omen du berekin biziko denak zer beharko duen, eta palestinarrei harria eman zien lurrak oparo, opari. Bazekien egun batean edo bestean hari probetxua ateratzen asmatuko zutela. Eta nik, Tareki erantzuteko erabili nuen: “Ikusten duzu harri hau? –esku artean hartua erakutsi nion-. Ba begira iezaiozu paisaia eder honi, begiak harririk harri joan litezke, jauzika, zerumugara jo arte, eta segituko lukete aurrera harri berriak bilatuz, bista ez balitz galduko. Palestinako lurra harrizkoa da, eta zenbakirik luzeenak ere ez daki hemen zenbat harri dauden. Babiloniako matematikaririk onenak ere ez omen ziren kontua ateratzeko gai izan". "Eta zer zerikusi du horrek betikotasunarekin?" azkar jakin nahi zuen mutikoak. "Eseri hil harriaren gainean, eta azalduko dizut: pentsa ezazu ni nagoen leku honetara Mahoma etorri dela, eta bi eskuak hartu dizkizula, suabe-suabe, eta galdera bat luzatu dizula: "Tarek, ba al dakizu zenbat harri dauden Palestinako lur osoan?" Eta zuk baietz, jakina, harrizko herria dela zurea. “Bai Tarek, hala da, eta entzun, -segitu du profetak-. Ni zahartua nago jada, eta ezin ditut harriak bizkarrean hartu. Baina zu gaztetxoa zara, eta misio bat jarriko dizut: Palestina osoan dauden harriak karraiatu behar dituzu, hasi Golango gainetik eta Gazako puntara arte. Harri guztiengana iritsi behar duzu…" "Ez dira harriak niregana etorriko?" mutiko abila zu, Mahomak ere irri egin dizu. "Ez Tarek, zuk joan behar duzu harriengana, eta bakoitzarengana heltzean, Mekara begira otoitz egin, eta bizkarrean hartu behar duzu. Eta oinez Jerusalemeraino eraman. Baina ez du balio aldian harri bat baino gehiago karraiatzeak. Harri bakarra hartu behar duzu bidaia bakoitzeko, eta banaka-banaka, hiri zaharreraino eraman, eta han, soldadu baten zango aurrean pausatu, ezer esan gabe. Eta horrela bat, eta bi, eta hiru, eta lau, eta Palestina osoko harriak, banan-banan, hiri zaharrera karraiatu arte. Eta denak eramanak izango dituzunean, etorri zaitez atzera niregana, zure zain izango naiz".

Ordu betean egon zen Tarek, hil harriaren gainean, burua makurtuta, pentsakor. Nire azalpenarekin lo gelditu ote zen ere pentsatu nuen, eta ile kizkurrak goxo laztanduz, ahots apalez galdetu nion, esna ote zegoen jakite aldera: "zer, henezkero eramango zenuen bat ez?" Ametsetatik atera gabe erantzun zidan, "itxaron pixka bat, oraindik lehenengo check pointean nago".

Palestinako bertsolariak
Garai batean, mundu guztia linterna batekin pasata ere ez zitekeen bertsolaririk aurkitu Euskal Herrian ez beste inon. Baina zilbor hestea moztean, gure familia oso zabaldua dela ohartzen hasi ginen, eta aspaldian, harri bat ostikoz jo orduko lehengusu berri bat azaltzen zaigu. Orain, edozein joaten da Bertsozale Elkarteko idazkariarengana, hilabete bat kanpoan pasa, eta bertsolaririk ez duela aurkitu esanaz.

Niri, Palestinara abiatu baino egun gutxi batzuk lehenago jarri zidaten lehen puntua: “ia bertsolaririk atzematen duan?”  Pista bila hasi nintzen, eta palestinar euskaldundu batek esan zidan, bazirela bertsolariak, oso euskaldunen antzekoak gainera, eta joateko Jeninera.

Nabulusetik abiatu ginen Jeninerantz taxi batean. Taxi gidariak, diren, eta batez ere, ez diren bide guztiak erabili zituen check pointak saihesteko. Olibondoen artean slalomean ere ibilia ginen ia. Pentsatu nuen, Kasparovek Deep Blueri bezala, taxi gidari hark munduko GPSrik aurreratuenari ere bota ziezaiokeela erronka, halako biderik inon? Jeninera iristean, 150 shekel eta galdera bat luzatu nizkion: “is it okey?”, eta taxista mingain zorrotzekoa, “Yes, it’s okey, but next time you’ll come with a donkey”. Mekauen, eta gu Jenineraino bertsolari bila!

Kosta zitzaigun ederki Jenineraino iristea, baina asko kostatakoa hobea izaten dela esan zuenak arrazoi berriz ere. Hiru bertsolarirekin egin genuen topo, beraiek esaten duten bezala hiru poeta herrikoirekin, eta profesionalak ziren hiruak, ehun bat plaza egiten dituzte urtean. Ezkontzetan aritzen dira maizenik, ekitaldi politikoetan ere bai inoiz. Ia beti, binaka, eta a capella. Erakustaldi txiki bat egin ziguten, eta arabieraz ez dakizkit hitz asko (a eta la, baietz eta ezetz esateko, yalla, goazen esateko, inshala, jainkoak nahi badu… ia bertsoa osatzeko moduan), baina inprobisatzen ari zirela igartzeko beste bai, keinukeran antzematen da. Gure doinuak melodikoagoak baldin badira palestinarrak erritmoan dira jantziak, baina gainontzean gure antz handia hartu nien, bai tematikan, eta baita neurrien aniztasunean ere. Bi ordu inguruko saioak egiten omen dituzte. Harrigarriena, txapelketarik ba ote zuten galdetu nionean eman zidan erantzuna: “bai, bat jokatu genuen, 1996an. Izena ematea libre zen eta laurogei bat aurkeztu ginen. Epaimahai bat izendatu zuten, eta aditu batzuk hamarren gainean epaitzen zuten bertso bakoitza, aldi oro, bertsoaren forma estetikoari, esanahiari, eta kantakerari erreparatuz”. “Eta, nork irabazi zuen?” ezin kazetari ergela isilik eduki, “tira, nik -lotsagorritu zen Shaban-. Baina dena aitor dezagun, Mosa Hafez, garai hauetako bertsolaririk onena –berrehun plaza egiten ditu urtean- ez zen aurkeztu”.

Garai zailak dira hauek bertsolari palestinarrentzat. Ez gazterik ez datorrelako, tradizioak badu segida, baina israeldarrak eraikitzen ari diren hormarekin eta check pointekin, laborariek ezin dute joan olibondoetara, eta bertsolariak ere ez maiz saioetara. Eta urrutiko lehengusuak hala sufritzen ikusita, alde batera penatuta, baina bestetik esperantza baten ilusioarekin itzuli nintzen Jeninetik Nabulusera: egun batean Euskal Herrian ikusiko garela, inshala.

Kafe mingotsa
Nolako plazera den hogei egunean galderak egin eta egin ibili eta gero norbaitek elkarrizketa zuri egitea. Israeleko poliziari eta zerbitzu sekretuei gure eskerrik beroenak eman nahi genizkieke, Ionek, Txominek, eta nik. Bizitzan ez nintzen sekula Tel Aviveko aireportuan bezain garrantzitsua sentitu. Hogei lagun jarri ziren guretzat lanean. Bizpahiru gutako bakoitzari, aparte, galderak egiten, -eta kutxazainetan bezala hizkuntza hautatzeko aukera-, eta beste hamahiru apostolu nik behingoagatik halako egoki egina neukan maleta gurpilez gora jartzen.

Ordu eta erdi luze bat pasa zuten gure barrunbeetan zoko miaka, "gure izatearen arrastoen bila". "Non ibili zara? Zertan? Norekin?", inklinazio guztietako galdera ikurrak jarri zizkidan aurrean, behin eta berriz, eta amari ere esaten ez dizkiogunak hari asmatu behar. Aitor dezadan bide batez sekulako frustrazioa hartu nuela, jabetu bainintzen Mossadek ez duela gure bloga irakurtzen, ez zukeen bestela hainbeste galdera egin beharrik izango. Azkenean, gure hitzekin konforme ez, eta ibilitako bidea arakatzeko oinetakoak eraman zizkiguten. Ergelak, ez dakite oraindik oinek bidean uzten dituztela aztarnak, eta ez bideak oinetan.

Beste ordu bete bat pasa nuen gela batean, itxirik, zain. Hainbeste kaskamotzen artean burutsuren bat tokatzea ere hain harrigarri ez, eta kaferik nahi nuen galdezka azaldu zitzaidan bat. Ezetz nik. Baina hura ohitua bi aldiz galdera bera luzatzen, ea nahi nuen kaferik, ezetz ba gizona. Bitartean nire galtza galtzerdi galtzontziloei filtroak pasatzen ari zitzaizkien. Hirugarrenez ere bai, kaferik nahi nuenentz, ez nekien nik Israelekoak hainbeste fama zuenik. Eta kolpetik, maletan aurkitu zidaten Darwish poetaren liburua, eta hosto artean bila zebiltzala, poetaren kafearen lezioaz oroitu nintzen: "Kafeak, nik bezain ongi ezagutzen duen batentzat, norbere eskuz prestatua behar du. Kafea ez da beste inork zuri ekartzeko egina, kafea ez da bandeja batean ekartzeko. Bandeja dakarrenak hitzak ekartzen baititu, eta hitzek zikintzen dute lehendabiziko kafea. Kafea egunsenti isiletako ama birjina da".

Baina nik, gela ilun hartan, polizia kafezalea beharrean kafe makina txiki bat aurkitu izan banu, poltsikoan nituen txanpon guztiak oparituko nizkion nirekin hizketan hastearren.

Marwan Barghouti
Inoiz harrizko eskuak izan dituenari esku burdinak lotzen zaizkio. Eta burdinen esku erortzen denak harrizkoak ditu hankak. Ezin alde egin. Horregatik azailtzen zaio harrizko begirada bat, horregatik masailtzen zaio harrizko azala, harrizkoa egin arte norbera. Denborak egonarriari trintxaz eta zizelez ateratako irudia. Presoa. Hala da Palestinan, eta hala da Euskal Herrian ere.

Koldo Tapia ere erori zen burdin artean gaztea zela, eta aita, askotan ez, baina joan zitzaion behin edo beste bisitan. Zahato bat eraman zion batean, egunak arinago joan zitezen. Denboraldi bat pasa eta kartzelako atea zabaldu ziotenean bere kasa itzuli zen Zizurkila Martutenetik. Zizurkil behean aitarekin topo, eta elkarri besarkada bat emanda, abiatu ziren biak gora, oinez. Hitz askorik ez omen zitzaien erori bidean, baina galdera bat bai zorrotza: "ekarri al duk zahatoa?", "ez aita, han utzi dut, lagunei utzi diet". Eta aitaren sententzia: "ez dut gaizki egin ez, berriz ere laster joan beharko duk eta!"

Koldoren aitak jakingo zuen hor zain egotea zer zen, bai bizitzan, eta baita futbolean ere. Futbolean, jokoz kanpo egoteari esaten baitzioten euskaldun zaharrek "hor zain", ingelesezko "off side" egoki euskaratuta. Pentsatzen egon naiz neure kasa Marwan Barghouti Al Fatahko burukide presoaren izena entzun ezkero nola esango ote luketen gure aiton-amonek. Barruan Barghouti esango liokete agian berari, preso dagoela ere zehaztu beharrik ez izateko. Eta non dagoen galdetuz gero, Askhelon kartzelari laster jarriko liokete izen berria: Marwan Barruti. Eta bat edo batek izen eta abizenak biak euskaratzen baditu, nekez bila daiteke hitz pare aproposagorik Marwan ia arnasik gabe daukaten isolamendu ziega gogorra izendatzeko: Barruan Barruti.

Yasser Arafat hil zenetik uztarrira ezin bildurik dabiltza palestinarrak. Mahmoud Abbas (Abu Mazen) ez dute oso maitea itzaitzat, eta Haniyehren fedean denek ez dute sinesten. Gaza sutan dauka elkar ikusi ezinak. Etsipen puntu batek jota, asko sumatu ditut Marwan Barghouti kalera ateratzeko zain berriz ere palestinarren familia osatzeko. Maite du jendeak, baina Israelgo justiziak ere bai, eta bost bizitza osoko zigor jarri zizkioten 2002an. Nire ustez, holako kasuetan, hiru laurdenen legea aldrebes betearazi, eta lehenengo bizitzan libre bizi beharko luke batek. Hurrengo bizitzetan beteko ditu kondenaren hiru laurdenak, eta gehiago ere bai inork nahi badu.

Baina nik, Ramallahn nenbilela, harrian margotua ikusi nuen Marwan, esku burdinak gora altxata. Palestinarren nahia hala delako, espero dut, berandu baino lehen, pareta harritik askatuko dela, lehenik esku bat, tiiiiiiiraka, gero zango bat, gero beste bat… eta margoko esku burdinak ere hautsita korrika etorriko dela herrira. Baina etorri, lehen ere etorri izan baita behin baino gehiagotan harrizko mundutik bueltan, etorri dadila oraingoan, kartzelan zahatorik ahaztu gabe.

Hiri zahar
Damu naiz lehenago idatzi ez izanaz. Orain hiru lau egun ikusi nuen laguntzaile bat bildu zitzaigula bidaiara, autobusa. Eta badirudi orain mesede trukean jartzera noala hitzak, baina sinetsi nahi ez duenari ere esango diot Jerusalemera iritsi ginenetik pentsatu nuela hiri zahar-Irizar hitz joko erreza egitea. Eta hara joaten denak ulertuko du zergatik. Hiri zaharrean Irizarreko autobusak ikusten dira hara eta hona, jendez kopetaraino, belarri luxeak aurrera. Babiloniarrak izandako lekuetan, persiarrak ibilitako bideetan, erromatarrek zapaldutako lekuetan, egun, Ormaiztegiko autobusak dabiltza, eta gu gure enbaxadorea izango balitz bezala, begira. “From the Basque Country” esan, eta jendeak "from wheeeere?" galdetzean, huraxe zen salbabidea, "autobus hori? Hori Euskal Herrian egina da: Irizar, Old city esan nahi du". Erreferentzia horrekin, ez zuten behar bada antzematen Euskal Herria non dagoen, baina badakite non dabilen. Eta hori aski guretzat, lehen galderarena azkar konpontzen zen Bilboko Athletic esanda.

Baina Olibondoen mendian, autobusetan ez ezik beste nonbait ere ikusi genuen Euskal Herria. Elizak, zerura ez dakit, baina mundura eraman izan gaitu batzuetan, eta Aita Gurea euskaraz idatzia dago Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil. Egunero milaka begi pasatzen dira hitz horien aurretik, euskararekin batera beste 147 hizkuntzatan baitago emana, baina euskarazkoa da zaharrenetakoa, XIX. mende bukaeran jarri zuten lehen hogeita hamabi Aita Gureen artean. Eta ni, bizkaierazko hitz haiek irakurtzean, gure aitez oroitu nintzen, eskolan apaizek aurpegia markatua utzi zieten guztiez, Kalbarioko gurutze-bidean ibili behar izan zuten haiez, euskara bizkarrean hartuta, eroriz bidean, eta odoletan, haurrak zirela. Eta oraindik ere zenbat Barrabas ote dabilen makila eskuan hartuta. Bitartean, euskara munduko lekurik sakratuenetako batean, umil bezain harro. Euskarak ere badituela milaka aurpegi. Eta gehienak masaileko bat jasoak.

Eta azken belarrondokoa kantu israeldar batena, hamaika masail gorritu duen kantua. Naomi Shemer zenak konposatu zuen, Jerusalem of Gold, eta himno bat bezain handia da Israelen. Nik ere entzun nuen, eta ez zuen eskapabiderik, hasierako nota haiek euskal jatorrikoak dira. Hil aurretik aitortu zion Shemerrek bere lagun konposatzaile bati kanta hura Ihes betea zilegi balitz euskal kantua plagiatuz egina zuela. Baina kuriosoena eta politena, interneten aurkitu nuena. Plagioen gaian aditua omen den frantses batek, bere ikerlan batean, historiako plagiorik handientzat jotzen du Jerusalem of Gold-en kasua. Dioenez, Naomi Shemer israeldarrak Pello Joxepe izeneko euskal kantutik kopiatu zituen notak. Pello Joxepe, alegia "Les cheveux de Joseph"  frantsesez, "Joseperen ileak" euskaraz. Ez dut uste gizon horrek bere ikerketa lan sakonean plagiorik egingo zuenik

Ume jolasak
Aitak beti esan izan du Goiatz dela Gipuzkoako herririk altuena. Elgeta ote den ere entzuna naiz. Baina jakin, ez dakit, aitaren hitzetan beti ez da erreza izaten egi gezurrak bereizten. Eta metroa hartu eta neurtzera ez gara joan sekula. Baina istorio hau berdin-berdin gerta zitekeen Elgetan, edo Goiatzen, bietan ere, txikiak izaki, galtzea ez baita oso erreza, eta galduta hara iristea, are zailagoa. Baina denetik behar omen da mundu bat egiteko, eta badagoenez, Volkswagen handi bat izan zen Goiatzen kordea galtzeko bezain abila. Bide bazterrean mutil kozkorrak jolasean, eta konturatu autoa ez ezik gidaria ere nahastuta zebilela, barre murritz egin zioten. Gidariak, leihoa jaitsi, eta lotsatatik ateratzeko biderik laburrenaren bila: "Erromara hemendik joaten al da?" ilea hartu nahi izan zien mutikoei. "Gu behintzat hemendik joaten gara!" Eta txoferra burusoil gelditu zen betiko.

Guk ere maite genuen, batez ere udarako turistak, hondartzara nahi zutenean mendi aldera bidaltzea, eta norbaitek "nondik joaten da Espainiara?" galdetzen bazuen, “handik!” erakusten genion Baiona edo Biarritzeko bidea. Izan ere, Espainiara aireportutik azkarrena. Baina inor oker joan eta atzera zuzen etortzeko gai bazen, eta leihoa jaitsita begiratu okerra botatzen bazigun, koadrilan bagenuen guk ere begi oker bat, eta hura joaten zen barkamena eskatzera. Gogoan dut paristar bat nola haserretu zitzaigun Mercedes baten barrutik, "gaztetxotako jolasek erakusten dute handitan zer bihurtuko den bakoitza, eta zuek, ez izan zalantzarik, handitan kabroi batzuk izango zarete!" Eta gu gustura, inork ez zigun halako lorerik bota.

Palestinan "non dago herriko ostatua?" galdetu nuenean inork ez zidan kontrako biderik seinalatu. Are gehiago, palestinarra izugarri lagunkoia da, eta gehienetan zurekin batera joango da galdetu diozun lekuraino, baita bidea luzea bada ere. Bidean, gai da hiru hitzekin zure lagun egiteko. Eskua emanda agurtu ninduen ni mutiko txikiak herriko tabernako atean, "hauxe da ostatua" izan ziren bere azken hitzak, eta ez zidan eskupekorik eskatu. "Zu handitan munduko pertsonarik onena izango zara" esango niokeen pozik, baina isildu egin nintzen. Horretarako handi izaten utzi beharko diote aurrena.

Palestinar umetxoen jolasetatik zail da igartzen handitzen utziko dieten edo ez. Nabuluseko nerabeek denbora-pasa berezia zuten: bi lagunek bata bestearen ahoan hatz bat sartu, eta biek aldi berean bestearen hatza hortzen artean estutzen dute, eta estutzen, eta estutzen, eta est… batek amore eman arte. Errenditzen denak, hortzak askatu eta lagunaren hatza libre utziko du. Lezioa sinplea da: galtzen duenak bi aldiz galtzen du, lagunari ez baitio min gehiagorik ematen, eta berak mina hartzen segitzen baitu. Orduak pasatzen omen dituzte hortzak estututa. "Urteak ere bai" esango luke batek baino gehiagok. Baina urtetan atzera eginez, haurtxo batzuk ikusi nituen Ramallahko kalean jolasean. Kukugordeka zebiltzan. Han aurkitu nituen, batzuk fruta postuen atzean, besteak kale kantoitik begira, eta bat edo beste polizia palestinarraren auto azpian sartuta. Eta hura ikustean jabetu nintzen paristarrak arrazoi pixka bat bazukeela agian.