Orri nagusira

Atalak Geu
Orri nagusira

2002.ko uztailaren 27a
Net hurbil Net hurbil

Bizirik dago Ingrid Betancourt, Kolonbiako lehendakarigai ezberdina
Pello Zubiria

Uztailaren 24an Kolonbiako FARC gerrilari taldeak bideo bat bidali zien komunikabideei, non Ingrid
Betancourt
senatari ohi eta azken bozketako lehendakarigaia bizirik eta bere eskuetan dagoela frogatzen den. Bera eta azken urteotan laguntzaile eta laguna izan duen Clara Rojas azaltzen dira.

Emakume hori ezagutzen dutenek espero zuten moduan, kementsu agertu da Betancourt. Kolonbiako
gobernuaren eta hango sistema politikoaren salaketa egin du ahots argiz: bere bahiketa eragozteko ezer
ez egin izana salatu du, Uribe lehendakaritzara eraman duten hauteskundeak zikinak izan direla ere
bai. Eta bideoa ikusiko duenari ere gerrilaz ohar argia egin dio: askatasunez mintzo dela dio Ingrid
Betancourtek baina bere mezua posible dela ukituta edo manipulatuta iristea. Eta hala gertatu da: adituek
bideoak lau etenaldi dituela ohartarazi dute.

Nor da ordea Ingrid Betancourt eta zergatik ezagutzen dute askoz gehiago Frantzian eta Europa
osoan normalean Hegoamerika hain ondo kontrolatzen dugun "espainolok" baino? Arrazoi bat
segurenik Betancourten biografian datza. Haren aita Gabriel Betancourt Kolonbiako hezkuntza ministro
izan zen eta Unescon enbaxadore ere bai. Hori dela eta, ikasketak ere Parisen egin zituen alabak,
Pariseko Sciences Po (Zientzia Politikoak) karrera mitikoa. Senarra ere frantses diplomatikoa zuen eta
seme-alabak elebitasun horretan hezi ditu.

1961ean Bogotan sortua, aita bezala ama ere emakume ezaguna zuen, diputatua, eta Carlos Galan
lehendakarigaiaren laguntzailea zen 1990an narkotrafikatzaileen eskumutilek kanpainako mitin
batean tirokatu zutenean. Emakume horren besoetan hil omen zen.

"La rabia en el Corazon", (La rage au Coeur), liburuan dioenez, gertakizun hark markatu zuen betiko Ingrid. Eta hau, Seychelle ugarte paradisiakoak utzi (han diplomatiko lanetan zegoen bere senarra) eta bi haurrak hartuta Kolonbiara itzuli zen. Aitak esana baitzion gaztetan: "Kolonbiako haur bakar batek ere ezagutu ez dituen pribilejioak ezagutu dituzu, eta ordaina zor diozu aberriari". Galanen alderdi berarekin aurkeztu zen estraina, Alderdi Liberalarekin, eta 1994an diputatu kargua eskuratu.

Baina laster berezi zen alderdi horretatik eta Oxigeno Verde talde politikoa antolatu zuen eta horrekin senatari lekua eskuratu. Aurten burutu diren hauteskundeetarako Colombia Nueva hautagaitza osatu zuen, bera buru. Kanpaina horretan bahitu zuen FARCek, hain zuzen: Pastrana presidenteak bere abioian eraman nahi ez eta militarrek segurtasuna bermatzen ez ziotenez, autoz abiatu zen San Vicente de Caguanera, eta bidean galdu zen bere arrastoa... aste honetako bideoa arte.

Ingrid Betancourten liburuaren bi kapitulu Interneten daude, lehena eta azkena. Emakume honi eta munduan dituen jarraitzaileei sinestekotan, istorio epiko baten aurrean gaude. Beste batzuk, Alain Devalpo izeneko bat kasu, askoz kritikoagoak dira beren epaian. Eta askok Jeanne D'Arc heroia ikusten duten lekuan zenbaitek Juana La Loca ikusten du.

"Bere adimena, bere xarma, eta probokazio mediatikorako duen zaletasuna" azpimarratu ditu Ingrid Betancourtengan Le Mondeko korrespontsalak. XXI. menderako lider berri bat... bizirik uzten badute.

Beste zenbait lotura:

Betancourtekin elkarrizketa, Salon.com gunean.
Elkartasun gunea eta informazio garrantzizkoa Berdeen green.org lekuan.
Betancourt.info elkartasun gunea eta dokumentazioa.
Colombia dossierra, Le Monde Diplomatique hilabetekarian.

 

 

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Zirkuitu Ibilbidea, 15. pabilioia. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403