Bernardo Estornes Lasa (Izaba 1907 - Donostia 1999)

Izaban jaiotako idazle, argitaldari, historialari eta ohorezko euskaltzaina Donostian zendu zen 1999ko abuztuaren 10ean, 92 urte zituela. Euskal Herriko historia, kultura, etnografia eta hizkuntzari buruzko ekarpen zabala utzi du Estornes Lasak idatzitako 83 liburuetan. Bere ibilbide emankorraren proiektu nagusia Euskal Herriko Entziklopedia Orokorraren argitalpena izan zen.

Argitaldari, historialari eta ohorezko euskaltzai izabarra 1907ko maiatzaren 11n sortu zen, familia aurrerakoi baten barruan. 15 urte zituela Zaragozara joan zen Merkataritza ikastera, eta paradoxikoki, bertan ikasi zuen euskara, bere kabuz; bere sorterriko zaharrak hiltzearekin batera ikasi ere erronkariera nola hiltzen den ikusten zuela. Idatzi zituen 83 liburuetatik lehena 1927an idatzi zuen, "Erronkari" deiturikoa, bizitza osoan barne-barnean eraman zuen lurrari eskainia. Liburu harekin hasi zen Euskal Herriko historia, kultura, etnografia eta hizkuntzari buruz utzi digun ekarpen zabala.

Urte bereran Eusko Ikaskuntzan sartu zen, bazkide-ikasle gisa.

1929an Donostian finkatu zen, eta Eusko Ikaskuntzako bulegari lanak jendea ezagutzeko ematen zion aukeraz baliaturik kultur munduan murgildu zen. Horrela ezagutu zituen Jose Ariztimuño Aitzol, Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Aita Donostia, Azkue, Aranzadi, Barandiaran, Piarres Lafitte eta beste hainbat. «Donostiara iritsi berritan —gogoratzen zuen— Artzai Oneko plazako arbola guztietan nik pintatutako ikurrina txiki batzuk eskegitzen ematen nuen denbora».

Bernardo Estornesek Idaztiak argitaletxea sortu zuen eta bere liburuez gain, Campion, Barandiaran, Manuel Lekuona eta beste askorenak argitaratu zituen. Halaber, bere proiektu nagusia lantzen hasi zen, Euskal Herriko Entziklopedia Orokorra, baina Gerra Zibilarekin utzi behar izan zuen.

Gerra Zibilarekin Frantziara erbesteratu zen bi anaiekin batera, eta Ignacia Zubizarretarekin ezkondu ondoren Txilera jo zuen 1940an. Han jaio ziren bere lau seme-alabak: Idoia, Garikoitz, Iziar eta Amaia. Bertan hemezortzi urte eman ostean bueltatu zen Euskal Herrira.

Itzuli ondorengo lehen lanetariko bat Auñamendi bilduma sortzea izan zuen, Itxaropena argitaletxearen babes legearekin. 1962an argitaletxe bilakatu zen bilduma, eta handik urtebetera Jorge Oteizaren "Quosque tandem" ereferentziazko lana argitaratu zuen. 1959an "Origenes de los vascos" bildumaren lehen alea kaleratu zuen eta 1966an bukatu.

1966an Euskaltzaindiako akademiko izendatu zuten eta Buenos Aireseko Eusko Ikasketen Institutu Amerikarrak gauza bera egin zuen. 1968an Euskal Herriko Entziklopediaren egitasmoa gauzatzen hasi zen, hiru ataletan banaturik: Euskal Hiztegi Entziklopedikoa, Entziklopedia Sistematikoa eta Euskal Bibliografia Orokorra.

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion 1992an eta 1993an Euskaltzaindiak ohorezko akademiko izendatu zuen. 1966an bere memoriak argitaratu zituen, eta 1997an bere azken lana "Erronkariko uskararen hiztegia".

Gure Mendea