
Iñaki Eizmendi Basarri (1913 - 1999)
86 urte betetzekotan zela hil zen Donostian. Errezilgo Granadaerreka baserrian sortu zen baina gazterik joan zen Zarautzera bizitzera.
Bertsolari eta kazetari ofizioz, sona oso gaztetandik zetorkion, eta ez bakarrik bertsolari zelako. Hizketarako eta idazteko zuen trebeziak jende askoren estimua ekarri zion. Bai irratian egin eta baita prentsan idatzi ohi zuen "Nere bordatxotik" sailak oso ezagun egin zuten.
Eskola handirik gabe, gizon jantzia eta ikasia izan zen. 21 urteko mutil gaztea zela Txirritaren aurretik txapela jantzi zuen Basarrik, 1935ean antolatu zen lehen Bertsolari Egunean. Gerra ondorenean bertsolaritza galtzorian zela, bera ibili zen Uztapiderekin batera herriz herri. 49 urte zituela txapelketetan aurkezteari utzi zion. Baina ordurako jantzia zuen Euskal Herriko Txapelketa Nagusia bigarren aldikoz, 1960an hain justu.
Bertsoak kantatzeaz gain, asko eta asko idatzita utzi ditu. Bertsolaritzako lehen teorikoa izan dela esan izan da, bertsolaritza antzokietara sartu zuena, bertsolaritza duindu zuena eta bertso moldeak beste tankera batez eman zituena.
Mito bat
Xabier Amuriza
Niretzat Basarri mito bat izanez hasi zen eta berdintsu jarraitu izan du, berarekin ez baitut harreman zuzenik ia batere izan. Seminarioan, oso gaztea nintzela, gogoan daukat lagun erdaldunak txunditzen nituen, esanez: «Begira Basarrik zer egin zuen behin Parisen. Bertso batean denak negarrez ipini zituen eta hurrengoan denak barreka». Ez dakit honelako kondairak nondik etorriko zitzaizkidan, aitarengandik segurrenik. Sasoi hartan bertso-paper izengabe bat eskuratu nuen, seminarioko azpibideetatik. Gernikako bonbaketaren bertsoak ziren, zirrara ikaragarria egin zidaten eta berehalaxe ikasi nituen buruz. Oporretan etxera eroan eta aitak ere ikasi zituen. Aitak papera basora eroan eta galdu egin zuen. Hura nahigabea! Biharamona basoa arakatzen eman genuen biok, ezer aurkitu barik. Handik egunetara ustekabean agertu zen sasipe batean, euriak zimeldua eta zikindua, letrak ozta-ozta irakurtzen zirela. Egun handia izan zen gurean. Geroztik urte askotara jakingo nuen bertso-paper hura Basarrirena zela. Berau Markinako karmeldarren komentuan ezagutu nuen, Pilarika egunean han egiten zen bilera-jaian, artean apaiztua nintzela. Ni bertsotan hasterako, Basarri aspaldi erretiratua zen. Behin Irungo elkarte batean Lopategi eta biok ginela, Basarri ere hantxe azaldu zen bazkaritan, kanturako gogoz bezala. Gogoan daukat haren bertso baten erdia, batek kantatzeko eskatu zionean:
Oraintxe ere honek
handia egin du
gazteak libratu ta
zarrari agindu
Huraxe izango zen nik Basarrirekin hurbil samar hitz egin dudan egun bakarra eta bertan ere protokolo askoren inguruan, agintari eta pertsonaia asko baitziren tartean. Basarrik, batez ere gaztetako sentipen eder eta indartsu haiei esker, mito bat lez iraungo du nire gogoan.
Egunkaria, 1999-XI-5