Federiko Krutwig (Getxo 1921 - Bilbo 1998)
Federiko
Krutwig, familia oneko semea izaki, giro kultu batean hezi zen. Neskamearen
gelako ohepean ondu zuen bere euskara, giro aristokratikoak gure hizkuntza batere
estimatzen ez zuen garaian. Euskaltzaindiara hamazortzi urte zituela hurbildu
zen, 26 zituen euskaltzain oso izendatu zutenean. Federiko germaniar gaztearen
ahotik aditu behar izan zuten, «batua
egina dago, Leizarragak batu zuen XVI. mendean. Batua lapurtera klasikoa da».
Bestaldetik, ordukoa zuen bizitza guztian baztertu ez zuen helenismoaren aldeko
apostua, euskara europar eta greziar kultura klasikoaz jantzi beharra aldarrikatzen
zuena. Krutwigen aburuz, ezintasuna ezkutatzen zen garbizalekeria defendatzen
zuten askoren artean.
Inguruko euskaltzaleei euskara
prestigiatzeko ekintzak etengabe proposatzen zizkien, igandeetan, praka eta
kapelu luzea jantzi eta euskaraz berba egiten herriz herri joatearena horietako
bat.
Euskaltzaindiaren jarduera
bideratu zuen Federikok, Eliza Katolikoak euskararekiko erakutsi zabarkeria
salatzeagatik, erbesterako bidea hartu behar izan zuen 1952ko maiatzean. Miarritze
utzi beharra, erabateko erbestea, 1963az geroztik ezagutu zuen, Fernando Sarrailh
de Ihartza ezizenaren pean argitara emandako Vasconia liburua ez omen zen De Gaulleren
gustokoa izan.
"Vasconia"-k euskal gaztediaren
egarria asetu zuen, ETAren ondorengo urteetako garapena bete-betean baldintzatuz.
Liburuan egin zenbait hausnarketa eta iragarpenek, egun ere, gaurkotasun handia
dute. Bestaldetik, ari denak egiten ditu hutsak, ezer egiten ez duena ez da
sekulan tronpatzen, ezta aitzinatzen ere, hori ere erakutsi zuen Krutwigek.
Politikaz nazkaturik azaldu
zen behin baino gehiagotan, alta, ez zuen barnean zeraman politikaren sua amatatzerik
lortu, hil baino hilabete batzuk lehenago, Euskal Herritarrok taldearen sustengatzaile
gisa agertu baitzen.
Diktadorea hil ondoren,
1978an, Hego Euskal Herrira itzuli eta besteak beste, Bilbon sorturiko Jakintza Baitha elkartearen zabaltzeari
ekin zion, bere aburuz, greko klasikoa jakitea ezinbestekoa zen kulturaduna
izateko. Bidaietan, zazpi maleta liburuz mukuru mugitzen zituen Krutwigek. Hizkuntzetan
zen aditu. Gazte zelarik, gaztelera, alemana, frantsesa eta euskara menperatzen
zituen, bere bizitzan zehar, grekoa, latina, hungariera, nederlandera, ingelera,
errusiera, arabiera, koptoa, hebraiera, pertsiera, Indiako hizkuntzak, txinera,
georgiera, eta beste hainbat hizkuntza ezagutzera iritsi zen.
Euskaltzaindiak, bizitzaren
hondarraldean, omendu zuenerako, Grezia aldean sari ugari jasoak zituen.
Patxi Larrion