Jon Etxaide (Donostia 1920 – 1998)

Hamabost urte zituelarik, Inazio Maria Etxaide bere aitak zuzentzen zuen La Cruz asterokoan hasi zen kolaboratzen. Pizkundearen bigarren belaunaldia osatzera deitua zena, gerra ondorengo desgiro kulturalaren adibiderik garbiena dugu. Bakarkako saioak ziren Jon Etxaiderenak eta akaso sentimentu hori izan zen Miranderekin izan zuen adiskidantzaren oinarria.

Etxaidek, bakardaderik handienean jaso zuen euskal nobela historikoa goien mailara. Horren adibide ditugu, "Alostorrea", "Joanak joan" edota eskola irakurgaia behar genuen "Gorrotoa lege", non gerra garaian jasotakoa azaltzen digun, «Frankismoak Euskal Herrian egin zuen jenozidioa gaurko belaunaldiak ondotxo konturatzen ez diren modukoa izan zen».

Antzerkia ere landu zuen, eta bere itzulpenak ez dira urri. Bizitzaren hondarrean EIZIEkoen esker ona jaso zuen.

Etxaidek izengoitiak maite zituen, Karranka, Uarrain, Igeldo, Etxaithar, menturaz, hori baliatzen zuen bere izana ezkutatzeko edota gerra ostekoan, idazle anitz zirela erakusteko. 

Egan, Eusko Gogoa, Jakin, Gure Herria, Karmel, asko dira Etxaide kolaboratzaile izan zuten aldizkariak. Euskal literaturan, gorbatadunen taldea handitu zuenak, bestelako lanak ere egin behar izan zituen, Jokin Zaitiegik Guatemalan eta Isidoro Fagoagak Buenos Airesen argitaratzen zuten, Euzko Gogoa eta Gernika zabaltzen ibili zen, horietako batean poliziak atxilotu eta Martutene eta Gasteizko kartzelak ezagutu zituen.

Atxilotua, desgiro garaian bizi, Etxaidek bazekien baloratzen lortutakoa. Euskararen batasuna zela eta, bizitzaren akabera arte, talde lana egiten jardun zuen, «Otoi, bada, Euskaltzaindiaren alorretik kanpora zabiltzaten euskaltzaleak, zatozte beronen barrutira, egingo duzuen sakrifizioaz ez baitzarete damutuko. Honetaz zertxobait dakien honetxek esaten dizue. Eta eduki gogoan beti hau: hizkuntza zatitu batek —herri zatitu batek bezala— ez du sekula bere bururik salbatu. Merezi du, bada, sakrifizioak!» Jon Etxaidek bazekien 1200ean dagoela askatu beharko korapiloa. 

Patxi Larrion

Gure Mendea