Daniel Txopitea sorkuntza bideetan

Arte ekimenak sorkuntza du bere helburu nagusi eta aspalditik hortik abiatua zen Daniel Txopitea, eta orain pinturaren sorkuntzazko bideetatik etenik gelditu da bere heldutasunaren gailurretara iristean, ustegabean iragan urtarrilaren 27an Donostian minbiziak jota hil denez, 46 urte zituela.

1971. urteko Anaitasuna astekarian argitaratu nuen artikulu batean nioen estetika berrien sorketazko mugetara eraman nahiak bultzaturik sortu zutela Eibarren Goruntz taldea. Daniel Txopitea, guzietan gazteena eta kementsua ere bai noski, eta aurrera begira etorkizun zabala espero niola. Adorerik ez zitzaiola fata, bazekiela artearen berri eta estudiatzen jarraitzeko gogo bizia nabari zuela. Talde hartatik ofizioari entregatuena eta aldi berean bide seguru batean goruntza ari zela.

Herriak ulertzeko eran lan egin nahi zuen, irudi bidez jardun arren, irudiok abstrazioz inguratzen zituen. Baina bere sentimenezko ideiak adierazteko koloreekin jokatzen zekien, hauek eramateko erak kolorez gama bizien barnean giroturik agerraraziak zituenez. Bistan zegoen ondo ari zela eta, hala ere, bere buruarentzat kontentagaitza zela. Hainbat hobe. Honek erakusten zigun artista gaztearen etorkizun oparotsua.

Goruntz talde hura, ibili labur baten ondotik eta era askotako aburuak jasoaz gero, hiruk baizik ez zuten jarraitu irekitako bide berria: Fernando Beorlegi, Iñaki Larrañaga eta Daniel Txopiteak, beraien jokabidea nabarmen agertuz 1975ean Lankide Aurrezkiak argitara eman zuen liburuxka batean ikus daitekeenez. Hiru artista soil, zenbait kritiko eta idazle ezagunek aurkeztuak.

Danielek "Gauzak" zeritzan pintura saila azaltzen zuen bertan. Edorta Kortadik ongi zioen Txopitearen errealitate majikoa, hirurogeigarren hamarkada hartan hiperrealismoaren eraginez Euskal Herrian piztu zen aldakuntzen bideak irekitzetik ari zela gure herriaren iraganean sartzen, barne gogoetatik berebiziko plastika burutzean, bere estetika ereduak markatuz dijoala gure gizarteak bizi zuen egunerokotasunera.

Izan ere, Txopiteak betidanikoa zuen irakurtze zaletasuna eta hortik hartzen zituen berritze ideiak. Hor oinarritzen zuen bere jokabidea. Eta oroi Jurgi Oteizak aspaldi bortizki zioena: «Nor da edermenari buruz ez dela deus idatzirik esaten duena? Gezurra! Bada idatzirik asko. Gertatzen da, ez dugula irakurtzen. Eta hori besterik ez da».

Askok besterik uste izan arren, sortzaile den artistak beharrezko du bere ofizioan materiaren erabileraz jabetzea, antzinako ikerketa historian oinarrituta denez eta, gainera, irakur, ikus eta gogoetak eginez bere garaiko gizarte giroari loturik aurrez aurre hausnar egin eta berekiko emaitzetatik ikuspegi berriak agertzea. Hor dago artista bakoitzak berakin dakarren sortzaile ahalmena.

Badakigu hori ez dela biderik errazena gizarte gehiengoak ulertzeko eta horregatik, maiz, bere garaikoen jaramonik eza leporatu beharko du, bereziki, behar bezalako kritikorik ez den gizartean.

Hori gertatu zitzaion, adibidez, duela ehun urte inpresionismoaz aritu zen Regoyosi eta gauza bera duela laurogei urte postinpresionismo bidea hartu zuten euskal pintoreei. Eta, gaur badirudi, galeria gehienek erakusten dutenaren arabera, hura dela baliozko bide bakarra. Baina, arren, inoiz ez ahantzi sortzaile jatorrarentzat zein beharrezkoa den egunerokotasuna.

Geroztik, gure astista honek, bide luzea egin du, baina artegintzaren gailurrak lortzean joan zaigu. Sorkuntzarako adinik egokienean. Sorketa lana Euskal Herrian bertan ez ezik hemendik kanpora ere eramanaz, Madril, Mallorca, Bartzelona, Chicago, Murcia, Tenerife, La Laguna, Perugia, Zaragoza..., horietako batzuetan erakusketak eginaz. Baina hori ez zen nahikoa bere obraren zabalkunderako, batez ere emaitzen gailurrera iritsi zen ezkero.

Bere obrak ikus daiteke Bilbo eta Arabako Arte Ederretako Museoetan, Gipuzkoako Diputazioan, Lankide Aurrezkian, Gipuzkoako Kutxan, eta Ipar Amerian Connecticut-eko Hardford Fines Art Museum delakoan.

Bere buruari hainbat, beste artistei laguntzen zekiena genuen. Inorekin horrenbeste arduratu ez balitz, nork daki bere izenez ospe handiagoa ez ote zuen lortuko. Baietz esango nuke. Baina, horrelakoa izan ohi da lagunurkoaz arduratzen den gizona.

Juan San Martin, Argia, 1997-II-9

Gure Mendea