Hil baino lehentxeago elkarrizketa hauxe emana zion ARGIAri:

Manuel Turrillas: «Sanferminei esker zabaldu da nire musika munduko zenbait lekutara»

1905eko urtarrilaren 1ean jaio zen Barasoainen eta hogeita bi urte zituenean Iruñera joan zen | Hala ere, Barasoaingo herriarekin harremana mantendu du | Nekazari kooperatiba batean egin du lan jubilatu arte | Laurehun konposaketa baino gehiago idatzi ditu, baina soilik hirurehun bat daude Madrilen erregistratuta | Eskaini zioten Iruñeko Udal Banda zuzentzea, baina berak uko egin zion «ni baino hobeak zeudelako eta ez naizelako pertsonarik aproposena kide bati gaizki egin duela esateko» | Bukatu berri du gaitajoleak dituen Barañaingo txaranga batentzat Larraindantzaren moldaketa.

Laurogeita hamabi urte egin berriak ditu eta, hala ere, lanpetuta jarraitzen du. Nafarroako musika herrikoiaren pertsonarik inportanteena dugu; jendeak "Turrillas maisua" esaten badio ere, ez du oso gogoko izen hori «ni baino jakintsuagoa den jende asko dagoelako, ez naiz sentitzen inoren maisu». Nahi ala ez, urte anitzez egin duen lanak herriaren onespena jaso du, nafar honentzat herria eta musika hitzak bereiztezinak baitira.

Gogoan al dituzu nolakoak izan ziren musikaren munduaren barruan eman zenituen lehenengo pausoak? Noiz hasi zen musikarekin duzun harremana?

Zazpi urte nituelarik Barasoainen, nire herrian, abesbatza sortu zuen bertako organujoleak, horren haritik pixkanaka hasi ginen solfeo ikasketak egiten.

Beranduago, musikari militarra izandako bat etorri zen herrira, musika irakasteko konpromezua hartu zuen eta haur guztiok baiezkoa ematen genuen. Aurretik abesbatzan ibilitakook, solfeo pittin bat genekienez, hasi ginen musika-tresna batzuk jotzen.

Beraz, musikarekiko zaletasuna ttipi-ttipitatik izan duzu, herrian bizi zinen garaietakoa. Herriko giro horrek izan zuen eraginik zu musikarantz bideratzeko orduan?

Horretan, beste gauzen artean, aitak zuen zaletasunak izan zuen garrantzia. Eta bestetik, herrian bertan zegoena ere, aipatutako militar horrek aldegin zuenean musika irakaslerik gabe geratu ginen eta talde ttikietan hasi ginen biltzen, entseatzen eta herritako festetan jotzen. Hiruzpalau talde arituko ginen aldi berean, guztiak Barasoaingoak, eta musikarien herria bezala ezagutzen gintuzten.

Barasoainen egin zenuen musikaren mundura lehendabiziko hurbilketa hori, baina Iruñera joan zinen arte ez zenion modu serioago batez ekin, ezta?

Kontuan hartu behar da oso gazte nintzelarik hasi nintzela nekazari lanetan eta horretan ematen nuela denbora gehien. Hogeita bi urte nituenean Iruñera joan ginen familia osoa. Horrela, Iruñeko udal bandan, La Pamplonesan, berehala sartzea lortu nuen eta handik gutxira, gainera, klarinete-jole bezala leku bat eskuratu nuen.

Zuk beti azpimarratu duzu La Pamplonesan aritzea zuretzat oso garrantzitsua izan dela. Udal bandan hainbeste ikasi al zenuen?

Bai, noski. Berrogeita hamar urte inguruz aritu naiz Iruñeko Udal Bandan, klarinetea jotzen ia urte guztietan. Niretzat La Pamplonesa eskola paregabea izan da, beti oso musikalari onez lagunduta egon naiz eta haiengandik asko ikasi dut hasieratik. Kontuan hartu behar da nik burutu ditudan ikasketa musikalak nahiko mugatuak izan direla, eta bandan aritze hori lagungarria izan zait.

Dena den, La Pamplonesan aritzeaz gain, berehala hasi zinen musika herrikoiaren arloan murgiltzen, bereziki peñendako kantak eginez. Nola sortu zen harreman hori?

Bi urtez aritu nintzen armonia ikasten eta horren ondotik hasi nintzen zenbait gauza konposatzen. Egun batean, Garesko lagun batzuk etorri zitzaizkidan esanez peña batek kontratatuta jo behar zutela eta ez zekitela zer jo, pasodobleak, vals eta halakoak, ez baitzuten egoki ikusten peña batendako. Niri bururatu zitzaidan biribilketa eta jotaren arteko nahasketa sortzea eta horrela egin nuen.

Oso arrakastatsua suertatu zen eta gerra ostean peña guztiak hasi zitzaizkidan "pasacalles" deitutakoak eskatzen.

Harrotasun apur bat ez al dizu ematen Iruñeko peña gehienen momentu on asko zure musikaren laguntzaz lortu direla jakiteak?

Neurri batean horrek pozten nau, peñendako abestiak oso gustukoak izan ditut betidanik eta haien aldetik esker ona baino ez dut jaso, izan ere, omenaldi ugari egin dizkidate haiendako egin dudan lan guztia eskertzearren.

Baina, beste alde batetik, iritsi zen momentu bat non konturatu nintzen ezin nuela horrekin jarraitu, beste motako konposaketak ere egin behar nituela, herri musikaren alorrean beti ere. Bestela, errepikatzearen arriskua hor dago beti, norbaitek esan dezake: «Abesti hau duela berrogeita hamar urte Oberenarentzat egin zenuen haren bezalatsua da». Eta hori ez gertatzeko, beraz, aldaketa eman behar da.

Zeintzuk dira peñen kantek dituzten ezkutuko osagaiak, hala baldin badira, hain arrakastatsuak suertatzeko?

Jendeari gustatzen zaizkio, eta ez soilik bertakoei. San Ferminetan jende anitz etortzen zen Iruñera eta musika hori gustatzen zitzaion, modu honetan nire musika Frantzia eta Espainian ere zabaldu da, esate baterako. Musika horrek alaitasuna behar du, jaiendako espreski egina baita, musika alaia, dantza eta jauzi egiteko aproposa. Hitzek betiko topikoak dituzte, ezin da beste modu batez egin, hortaz beti ageri dira neska eta mutil ederrak, ardoa, jaia eta gero tokian tokiko berezitasunen bat.

Peñendako musika berehala erlazionatzen da Iruñeko jai nagusiekin. Zein izan da musika mailan zuk Sanferminei egin diezun ekarpena?

Nik San Ferminendako kanta ugari egin ditut, horietako batzuk jendeak gogo onez hartu ditu eta arrakasta izan dute eta beste batzuk, berriz, ez horrenbeste. Egun horietan Iruñean jende andana biltzen da eta arraroa da kanpoko jendeari kantu horiek nola gustatzen zaizkion ikustea. Hein handi batean, Sanfermin jaiei esker nire musika zabaladu egin da munduko zenbait lekutara.

Honen inguruan, Sanferminetan entzierroa baino lehen korrikalariek santuari abesten dioten kanta zuk egindakoa zen ustea nahiko zabalduta dago.

Arrazoia duzu, jendeak hala uste du eta esan behar dut hori ez dela egia. Nik abesti bat egin nuen peña batendako eta Iruñako taldea hasi zen jotzen. Antza denez, laburregia zen eta haiek nik egindako abestian pasarte hori tartekatu zuten: «A San Fermin pedimos...». Ondorioz, argi eta garbi esan behar dut, horren meritua ez dela nirea, Iruñako taldearena baizik.

Horrez gain, oso famatua den zure beste kantu bat Osasunaren himnoa da. Taldearen egungo egoera ikusita, «El once de Osasuna, valiente y luchador» dioen zatia aldatu egin beharko dela uste al duzu?

Nik hitza egin nuenean, duela hogeita bost bat urte, Osasuna gorantza zihoan eta, beraz, ondo egokitzen zitzaion pasarte hori. Ez dut uste aldatu behar denik, haiek ahalegin guztiak egiten baitituzte. Baina zorte txarra dute, arerioak indartsuagoak direlako.

Dena den, nik jarraitzen ditut taldearen partiduak, zelaira jadanik ez naiz joaten, baina irratiz entzuten dut. Ea igotzea lortzen duten...

Zure izena eta, batez ere, zure musika oso lotuta egon dira betidanik musika herrikoiarekin. Musikagintza zenbaitetan kutsu elitista izan da, ez al da zure kasua nahiko arraroa?

Nik ezin izan ditut sekula musika ikasketa sakonak burutu, eta ziurrenik horregatik herri musikara bideratu nuen nire jarduera, horretan hasi eta bizitza oso bat eman dut mota horretako musika egiten.

Nik egiten dudan musika jendearengana ailegatzen da eta jendeak eskertu egiten dizu, gainera, zuk egiten duzun lana. Zer gertatzen da, ordea, "goi mailakoa" esaten zaion musikarekin? Ez dela gehienetan jendearengana iristen eta zenbat konpositore handi miseria gorrian hil diren ikus besterik ez dugu. Herriak ez zuelako euren musika ulertzen eta orain arte ez da onartu haien musikaren balioa.

Herri musikan aritzeagatik ez al duzu inoiz sumatu zure lana ez zela behar bezala baloratzen, bigarren mailako konpositore izango bazina bezala?

Bigarren edo hirugarren mailakoa, zer axola? Herriak nire musika baloratu du behar den moduan, eta egin dizkidaten omenaldiak horren lekuko dira. Baina hemendik kanpo ere entzun dira nire kantak, Argentinan eta beste hainbat lekutan. Nire musikak jende asko alaitzeko balio izan badu, horrekin pozik.

Zu, eta hain zuzen ere zure musika, gaur egun Nafarroak duen ikur bezala erabilia izan da sarritan. Zein sentsazio sortzen dizu ematen zaizun garrantziak?

Ni ez naiz Nafarroako musikaren adierazlea, baizik eta Nafarroako herri musikarena. Eta, zentzu horretan, ikusi ahal izan dugu orain egiten den musikaren barruan, zenbaitek nik jorratutako ildoetatik jarraitzen dutela. Jendeari gustatu izan zaio egin dudana eta batzuk saiatzen ari dira lan horri nolabaiteko jarraipena ematen eta hau pozgarria da, noski.

Dena den, Nafarroa bat izanik bere barruan mundu anitz eta zeharo ezberdinak ditu. Nola saiatu zara aniztasun hau zure lanetan islatzen?

Betidanik saiatu naiz Nafarroak duen aberastasuna islatzen nire musikan eta, aldi berean, nik uste dut honek musikari lagundu diola. Nik berdin-berdin erabili ditut Luzaideko dantzak, Otsagiko jotak, txistua sartu dut beste batzuetan, Tuterako estanpak... Azken finean, nire konposizioak aztertzen baldin badira, Nafarroa barruan dauden estilo, joera eta musika-tresna gehienak aurkituko dira.

Musika jolea izan zara, baina ahalegin handienak konposiziora bideratu dituzu. Zerekin lotzen duzu gehiago zure burua, musika jotzearekin ala sortzearekin?

Nire benetako pasioa musika da, bi gauza egin ditut aldi berean. Lehen aipatu dudan bezala, Iruñeko udal bandan jo dut urte luzez, horrez gain "auroro" talde batean aritu naiz. Horrekin batera, beti aritu izan naiz konposatzen, niretzat zaletasun bat dena. Laurehun kanta inguru idatzi ditut, horietako batzuk galdu dira, baina asko erregistratuta daude eta horrela enteratzen naiz nik egindako abestia, adibidez, Holandan erabilia izan dela, eta ezin dut imajinatu ere egin nola iritsi den haraino.

Gaur egun jotzeari utzi diozu, baina ez ordea konposatzeari. Ez al duzu inoiz atsedenik hartzeko beharra sentitzen?

Ez pentsa, lan egiteko erritmoa aldatu dut. Orain egiten ditudan gauzak txikiagoak dira, esana diet lan handiegirik ez ekartzeko. Hala ere, lanpetuta ibiltzen naiz, alde batetik zein bestetik beti eskatzen dizkidate gauzak. Hori bat, patxadaz hartzen ditut lanak eta ez dut presarik bukatzeko, baldin eta larritasunen bat ez bada, noski. Jubilatu nintzenetik, beste lana izan baitut beti musikaz aparte, ez diot lan egiteari utzi, baina musika ez dudalako inoiz lantzat hartu, bazik eta zaletasun bezala.

Horrenbeste urtez musikagintzan aritu ondoren, zer da musikak horren ordainean eman dizuna?

Musikak ez dit bizimodua konpondu, ezta gutxiago ere. Baina musikarekin izan dudan harreman horri esker poztasun handiak izan ditut, harreman oso onak, jende zoragarria ezagutzeko aukera izan dut. Hau guztia musikari esker izan da, beste askok ezin izan dute horrelako esperientziarik izan. Poztasunak besterik ez, musikak ez dit sekula atsekaberik sortu.

Eta zer da zuk musikari eman diozuna?

Ni saiatu naiz musika herrikoiaren esparrua zabaltzen, irtenbide berriak bilatuz honetarako. Gaita eta txistua entzuten bazenuen, musika mota zehatz batekin lotzen zenuen; orain, berriz, horiek entzutean ez duzu zergatik folklore hutsarekin erlazionatu behar. Hori lortu ahal izan da betiko doinuen moldaketen bidez, betiko doinuak garai berriei egokituz, hain zuzen ere.

Zure esperientziatik abiatuta, zeintzuk dira musika munduak izan dituen aldaketarik nagusienak?

Ukaezina da eboluzio izugarria egon dela maila horretan. Eta eboluzio horiekin guztiekin gertatzen den moduan, inportanteena da horri ematen zaion erabilera zehatza, aurrerapauso edo atzerapausorik izan den edo ez ikusteko. Arlo askotan gertatu da eboluzio hori, baina, ziur aski, ikusgarriena teknika mailan izan da, lehengo musika askoz ere oinarrizkoagoa zen, gehiago landu behar genuen, gure baliabide teknikoak oso urriak zirelako. Egun, aldiz, botoi bat sakatuz dena konpontzen dute.

Gontzal Agote, Argia, 1997-II-2

Gure Mendea