
Karlos Santamaria (1909 - 1997)
Irakasle, kultur eragile eta idazlea. Madrilgo Unibertsitatean zientzia zehatzak ikasi ondoren, matematikako irakasle izan zen Donostian. Gipuzkoan goi-ikasketak antolatzen eta unibertsitatea bideratzen saiatu zen: Donostiako Zientzi ikastetxea sortzea gain (1932an, Eusko Ikaskuntzaren babesean), ingeniariak prestatzeko Goi-Ikastetxearen eraikitzailea (Donosita, 1940) eta bertako irakaslea izan zen, eta gero Donostiako EUTG unibertsitate-ikastetxea sortzen parte hartu zuen (1956); bertako irakasle eta Zientzien saileko dekanoa izan zen. Gipuzkoako Unibertsitatea Sustatzeko Batzordeko kide zelarik (1964), Zuzenbide Fakultatearen eta Kimika Fakultateko sorrera bultzatu zuen.
Europako kristau intelektualen arteko hartu-eman eta elkarrizketa sustatzeko, Donostiako Nazioarteko Solasaldi Katolikoak bideratu zituen (1947) eta horien zuzendaria izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren sorturiko nazioarteko bakearen aldeko Pax Christi kristau-mugimenduko idazkaria izan zen eta herrien arteko bakearen aldeko eta gerraren aurkako iritzi publikoa lantzen saiatu zen idazlan eta hitzaldien bidez.
Euskara modernotzeko eta erabilera zabaltzeko hainbat ekintzatan parte hartu zuen, bereziki eskola alorrean (Donostiako Santo Tomas lizeoaren sorrera, 1961), Jakin kultur aldizkariaren sustatzaile eta zuzendaritzakoa izan zen eta Euskaldunon Egunkaria sustatzeko 1989an eraturiko Egunkaria Sortzen taldean ere esku hartu zuen.
Hiru urtez Eusko Kontseilu Nagusiko hezkuntza-kontseilaria izan zen. Egunkari eta aldizkarietako erdarazko nahiz euskarazko idazlanez gain, liburuak ere argitaratu zituen. 1991n Manuel Lekuona saria eman zion Eusko Ikaskuntzak eta EHUk honoris causa doktore izendatu zuen 1992an.
Kristau-pertsonalismoan oinarritu zuen bere pentsamendu kritiko, sozial eta politikoa, humanismo izpirituala errealitatearen analisi zientifiko-teknikoari lotuz; Biblian ez ezik, Ghandiren bortxarik gabeko borroka aktiboaren irakatsian edan zuen bereziki bakeari eta gerrari buruzko beraren gogoeta etikoak.