
Alfonso Irigoien (1929 - 1996)
Sasoia baino lehen
Alfontso Irigoienen heriotzeak ustekabean harrapatu nau. Egun batean beragaz gozatsu berbetan egon, eta klinikara ikustaldia egiteko nagoen egun berean, «Irigoien hil da» entzuteak ia adore barik utzi nau. Baina naizenetik asko zor diodan maisu eta irakaslea gura nahi ez idatziz gogora araztea dagokit trantze mingots honetan.
Alfontso Irigoienen urruntzeak duela hamazazpi urte hil zen Mikel Zaraterena dakarkit gogora. Euskararen alde lanean lehiarik bizienaz ziharduten unean joan dira biak: asmoz eta adorez bete-bete ziren unean. Egindakoa baino aurrean zuten egitekoa handiagoa zela uste zutenean. Baina, alperrik inon diren ahaleginak egin, munduak ez du atzerarik; alferrik beragaz solasaldi edo eztabaida bat eduki gura, haren arpegirik ez dugu Deustuko gelako ateetan, igarobideetan, ikasgeletan ikusiko. Alferrik gure borondateak baietz esan, ez zaio berriz omenaldirik egingo bera aurrean dela, Bertsolarien Elkarteak aspaldi edo Labayru Ikastegiak lehengo uztailaren 13an Derion egin izan dioten legez.
Alfontsok geratu bako trena eroan du azken urteotan euskararen ikerkuntzan: behin antroponimia eta toponimia gaietan, behin gramatika historiaren alorrean, behin fonetikan, literatur sorkuntza ere baztertu gabe, "De re philologica" liburukiak nork ez ditu ezagun? Berak bere diruz ordaindurik atereak, bere lanik gehienak bezala. Irakasle-lagunak sarri doan jaso izan ditugun opariak, eta han jaso izan ditugun opariak, eta Deustuko Euskal Filologiako ikasle belaunaldi askok erosi eta irakurri dituztenak. Durangoko Azokan aurkeztu zuen bere azken emaitza: Bibliako eta Grezia Zaharreko pertsona-izenak, beti berak ohi zuen moduan: apal baina txukun, apainduri barik baina duintasunez.
Eta zergatik euskal ikaskuntzen aldeko lehia tinko hori? Euskaltzale eta abertzale handi bat izan delako, Bilboren bihotzean jaio, hazi, zaildu eta heldu zen gizona. Ezerezetik gora egin zuen gizona.
Mutikotxoa zela gerra ezagutu zuen eta kaskondu zenean are gehiago gerra osteko Bilboren miseria tristea. Gazterik izan zuen garaiko arte eta kultura giroarekin hartu-emana. Eta gazterik hasi zen berpiztu berri zen Euskaltzaindiaren babesean euskararen alde (...).
Alfontso Irigoienen galera asko sentitu dugu euskaltzale-lagunok, eta utzi digun hutsune sakona ez dugu betetzen erraz edukiko, holako gizonak noiz edo noiz baino ez baitira sortzen mundura.
Adolfo Arejita, Deia, 1996-XII-12