Joxemi Zumalabe (1950 - 1993)

Bide luzeak nola labur bihurtzen ahal diren ikasia zuen Joxemi Zumalabe Goenagak. Eta ikasitakoak kemenez erakutsi dizkigu, ARGIA astekaria atakatik ateratzen asmatu eta hamar urteren buruan Euskaldunon Egunkaria martxan jarrita. Lankide egokiak erakarri eta amets eginerazten jakinik, euskal prentsaren eta kulturgintzaren historian mugarria ezarri duen egintzaren kudeatzaile nagusia izan da. Bizitza luzea nola labur bihurtzen ahal den ikasia zuen maratoilaria, bere buruari derrigortutako helmugara iritsi eta hil egin zen minbiziak jota, 1993ko urtarrilaren 12an, 42 urte besterik ez zituela. Adiskide eta lankideek libreago izaten ikasi dugu Joxemirengandik.

Maratoilariaren abiapundua

Familia euskaltzale batean sortua, gaztetandik ernaldu zitzaion Joxemi Zumalaberi euskara eta kulturaren hazia, Santo Tomas Lizeoan ikasia, bertako adiskide eta irakasleekin batera barneratu zen kultur proiektu eta jardunbidean: Artzaiak taldea, Zeruko Argia, antzerkia. 1979an, gaztetan hasitako bideari ekin zion berriro, eta inoiz ez uzteko, lanean urte batzuk igaro ondoren.

Etxean izan zuen giroak eta gurasoek emandako heziketak erakutsi zioten Joxemi Zumalaberi bizitzan jarraitu duen bidea. «Euskararekiko maitasuna gurasoengandik jaso dugu», esan digu Koro Zumalabe arrebak.

Joxemiren aitak eta Martin Ugaldek Euskaltzaindiko kide izendatu zituztenean ezagutu zuten elkar. «Elkarrekin sartu ginen. Anaia, Agustin, Donibane-Lohizunen ezagutu nuen. Bera eskola hartako zuzendaria zen, eta gero Eusko Ikaskuntzan ere aritu zen Joxemiel Barandiaranekin. Joxemiel ere irakasle genuen Donibanen Agustin Zumalaberen zuzendaritzapean», adierazi digu Martin Ugaldek.

Amaren etxean, goenagatarrenean, Elbira Zipitria andereñoak eskola ematen zuen. «Gu txikitatik ikastolara bidali gintuzten —gogoratzen du Korok—, orduko ezkutuko ikastolara, eta horrela piztu zitzaigun irakurtzeko eta euskal kulturarekiko zaletasuna».

Harreman onak izan zituen Joxemik aitarekin. Lankide eta lagun izan zuen Jon Barandiaranen esanetan, «bere aita EAJ alderdikoa izanik, eztabaidatu baino, nahiago izaten zuen berarekin hitz egin, eta kontatzen zizkion gauzak entzutea». Gerra bizi izan zuen belaunaldikoa zen Jose Migel Zumalabe, jende asko ezagutzen zuen, «eta Joxemik gustokoa zuen kontu horiek jakitea berarekin eztabaidatzea baino». Pertsona interesgarri bat ikusten zuen aitarengan.

Bera izan zen Santo Tomas Lizeoko sortzaileetariko bat, Karlos Santamariarekin batera.

Bederatzi urte zituenean elkar ezagutu zuten Antton Santamaria eta Joxemik, bien gurasoak lagunak izaki. Elkarrekin ikasi zuten Lizeoan. «Haurtzaroa zoriontsua izan zuen, etxeko giroa oso ona. Garai horretan, gure berezitasuna zen euskaraz hitz egiten genuela. 11-12 urte genituenean Donostian ez zuen inork ere euskaraz hitz egiten. Berezitasun garrantzitsua izan zen», zehaztu du Antton Santamariak.

Santo Tomas Lizeoan bildu zen hurrengo urteetan euskalgintzaren bidetik abiatu zen lagunartea. Hantxe ezagutu zuen Rafa Egigurenek Joxemi. Ikastetxetik at zeuzkaten kezkak asetzeko modua, dena den, Lizeoan bertan topatu zuten. Irakasle zuten Rikardo Arregi eta honen lagun Ramon Saizarbitoria oso garrantzitsuak izan ziren beren bizimoduetan. Garai horretan piztu zen eurengan, «kontzientzia kulturala eta politikoa. Mendian solasaldiak entzun eta eztabaidak izaten genituen, eta arteari buruz ere hitz egiten genuen Mikel Forkadarekin. Giro abertzalea zen», gogoratzen ditu Egigurenek. Urte haietan Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Mari Karmen Garmendia orrialde bat egiten hasi ziren Zeruko Argia-n, "Gazte naiz" izenekoa.

70eko hamarkadaren hasieran kultur giroan bete-betean murgilduta zebiltzan Joxemi zumalabe eta lagunak. Bildu zen inguruarekin zorte ikaragarria izan zutela uste du Rafa Egigurenek. «Orduko gazteria ez zegoen horrela ohitura. Ez zegoen ezer, hau basamortua zen, eta horrelako jendea topatzea zorte handia izan zen. Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoria izan ziren, gehienbat, guretzat sustatzaile eta liderrak. Saizarbitoria zuzenkiago».

Unibertsitate aurreko ikasturtea gainditu ondoren, arkitektura ikasten hasi zen. Bartzelonara joan zen, baina bigarren urtean ikasketak utzi egin zituen. Bartzelonatik etorri zenean, soldadutza egin, Mikel Forkada lagunarekin aritu egurra lantzen Donostian, eta ondoren, Ordiziako Producciones Metalicas Gaztañaga enpresan hasi zen lanean. Nahiz eta bertan bizi, Donostiara ere joaten zen maiz. Gaztañaga galda-enpresan delineatzaile jardun zuen. Bizpahiru urte egin ondoren, Donostiara itzuli eta Egia auzoan zegoen Fotocomposición Egia tailerrean lan egin zuen hiru urtez. Enpresa honek Zeruko Argia-rako lanak egiten zituen. Joxemik aldizkarian lanean aritzen zirenak ezagutzen zituen: Pilar Iparragirre, Elixabete Garmendia, Rotu marrazkilaria... eta batez ere, lehendik adiskide zuen Joxe Mari Ostolaza Xalbardin. Azken honek luzatutako eskaintzari eutsi zion eta 1977an Zeruko Argia-n sartu zen. Tailerrean egiten zituenak —diseinu eta montajea— izan ziren bere lehen lanak Zeruko Argia-n. Marrazkiez, eta beranduago, azalaz ere arduratu zen.

Zerurik gabeko ARGIA

Joxemi sartu eta gutxira Jon Barandiaran ere Zeruko Argia-n hasi zen lanean. Okendo kalean fraile kaputxinoek zuten lokal batean lan egiten zuten, baina enpresa ixtear zegoen, eta hori ikusirik, Zumalabe eta Ostolaza joan ziren kaputxinoengana aldizkariaren etorkizunari buruz hitz egitera. Hauen ideia Zeruko Argia saltzea zen, eta beste erosle bat ere azaldu zen arren, Joxemik eta Xalbardinek, Santanderretik etorritako kaputxinoen probintzialarekin bildu ondoren, aldizkaria erostea lortu zuten. 1980 urtea zen. Fraileek jarritako baldintza bakarrak izen bera ez erabiltzea eta Okendoko lokala uztea izan ziren. Harpidedunen zerrenda eta gainerako materiala eskuratu zituzten Ostolazak eta Zumalabek. Letrak sinatu ziren eta ARGIA izena hartu zuen. Zeruko Argia-tik ARGIAra Joxemi eta Ostolaza bakarrik pasatu ziren. Biak, eta nola-hala estali beharreko 8 milioi pezetako zorra.

1986rako euskarazko egunkari bat martxan jartzeko proiektua aurkeztu zuen Zumalabek. Hori izan zen bere lehen ahalegina helburu horretan, baina orduan ez zen posible izan aurrera eramaterik. Bitartean, ARGIAko administrazioaz eta aldizkariaren maketazio eta fotokonposizioaz arduratzen jarraitu zuen.

Euskarazko prentsaren sinesgarritasunaren bermea

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, ARGIA indarturik eta talde sendo baten jabe ordurako, euskal egunkari baten premiaz iritzi artikulu ugari argitaratu ziren han hemenka, baita arazoari buruzko mahainguruak antolatu ere. Nahiz eta instituzio publikoen aldetik borondate politiko eskasa ikusi horrelako proiektu bat martxan jarri eta laguntzeko, ARGIAko taldearen baitan present zegoen euskal egunkariaren erronkari eutsi beharra.

1986 urtean Eusko Jaurlaritzaren bitartez pausotxo batzuk eman ziren egunkariaren bidean. Urte hartako martxoaren 23an ateratako "Deia euskaraz" hura kasu. Fruitu makaleko saioa, egunkariaren proiektuan instituzioen gidaritza beharra azpimarratu nahi izan zuena.

Bestalde, "Euskarazko asteburuko egunkariei diru-laguntzak ematea araupetuz" izeneko proposamena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 1986ko uztailean. Balizko euskal egunkariaren baldintzak proposatzen ziren bertan: astean behin aterako zena, egunkarigintza mundutik sortua eta abar. Hiru proiektu aurkeztu ziren bertara, alde batetik Hemen izan zena, bestetik Eguna eta bestetik ARGIAn prestaturikoa. ARGIAko proiektua atzera bota zuten, aintzakotzat hartu gabe. Hemen eta Eguna egunkari formatoko astekari bilakatu ziren, benetan egunkari izateko urratsak egoki neurtu gabe. Esperientzia haiek deuserako bidea baino ez zuten hartu. ARGIAn, hala ere, euskal egunkariaren suak bizirik zirauen. Joxemi Zumalabek egoskor eutsi zion asmo hura diseinatzaile eta prestatzeari, bai premiazko azpiegitura informatiko eta humanoari, baita giro sozial eta kultura bateragilea pizteari begira ere.

Ekintzara, 1989ko udazkenean jarri zen, Eusko Jaurlaritzaren aginduz CIES etxeak egindako azterketa batek euskal kazetarentzat merkatua bazegoela erakutsi zuenean. Orduan Egunkaria Sortzen talde eragilea osatu, kazetaritza eta enpresa proiektuak egin eta kanpainari ekin zien, kulturgintzan lanean ziharduten enpresa, talde eta intelektualen bategitea lortuta.

Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Martin Ugaldek, oso gogoan du egunkariaren proposamena eginez Zumalabe joan zitzaionekoa: «ARGIAko 1989ko Urtekarirako elkarrizketa bat zen, egunkariaren aukeraz mintzatzeko. Kontu horretan noraino joango ote nintzatekeen jakin nahi zuen. Ia haiekin lan egingo ote nuen galdetu zidan, ia buruetako bat izango ote nintzen». Proposamena bi aldiz pentsatu zuela aitortu digu Martin Ugaldek, proiektuaren zailtasuna zekusalako eta argi jakin nahi zuelako nola bideratuko zen. «Komentzitu egin ninduen Zumalabek, hain kapaz lanean, hain zabal eta garbia bere planteamenduetan».

Proiektua marrazturik, 1990eko maiatzean Egunkaria Sortzenek akzio erosleak bilatu eta diru-bilketari ekin zion. Uztailaren 15ean Euskaldunon Egunkaria izeneko ale berezia kaleratu zen Donostian ospatutako jaialdian. Bezperan erredakzioan lanean aritu zirenek, iluntze hartan hantxe ikusi zuten Joxemi Zumalabe azken muntaketa lanetan ere.

Jaialdi hartarako eginiko lehen ale haren ostean, artean lan asko geratzen zen egiteko: produkzio eta publizitate saila, administrazio kontseilua, kazetari taldea... makina bat gauza. Enpresaren diseinuan asmatu behar zen, amets hura egia bihurtu.

Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari izendatu zuten Zumalabe, gurditik tiraka. Joxemi Administrazio Kontseiluan egotea egoerak bultzatutako gauza izan zela dio Josu Landak: «Norbaitek arduratu behar zuen horretaz eta berak hartu zuen pixkanaka ardura hori. Horretarako, publizitate munduko gorabehera gehienak bi urtetan menderatu zituen, derrigorrezkoa baitzen egunkaria aurrera atera ahal izateko. Horretan antzeman daiteke bere izaera. Helburu zehatz bat ezartzen zuen, eta hori betetzea lehentasunezkoa zen. Berdin zitzaion zer ikasi behar zen edo zenbat lan egin behar».

Administrazio Kontseiluan Joxemirekin izandako pasadizoaren berri eman digu Ugaldek: «Hortxe etortzen zen, uda parteko publizitate sarreren bilakaera grafikoez azaltzen. Hiru aurrikuspen egiten genituen beti. Txarra, normala eta hobea. Gu beti beherakoei begira eta bera, berriz, beti goikoari begira».

Egunkaria, azkenik, aurrera atera da. Zumalaberen paper funtsezkoaz, eta beste askoren lan eskergaz. «Neke handiz atera zuen aurrera», dio Josu Landak. «Ekonomikoa zein afektiboa. Horregatik daukat hain garbi minbiziarena ez dela kasualitatea izan. Jende asko erre zen Egunkaria lortzeko bidean, baina berak eutsi egin zion».

Zituen proiektu guztiak Euskaldunon Egunkaria-rekin loturik zeudela esan digu Ugaldek: «Berak nahi zuena guk nahi duguna da, Egunkaria ona, erderazkoak bezain ona. Lortu denetik asko Joxemigatik lortu izan da, eta hor dagoen langile gorputza, enpresaren diseinua, berari zor dizkiogu».

ARGIA, 1993-I-24

Gure Mendea