Joxe Migel Barandiaran (Ataun 1889 - 1991)

Euskal ikasketak zabaltzera, infernuraino joateko prest omen zegoen Joxe Miel Barandiaran. Ataunen, jentilbaratzatik hurbil jaio zen. Euskal kulturaren partriarka deitua izan denak, bizi zelarik, horrenbeste lan egin, sari jaso eta kargu izan zituenak, apaltasuna zuen gidari. Adiskideak izan ez zituenentzat ere lan egin zuela, esan izan da.

Apaiztu aurretik, Alemaniako Leipzig-en, Wundt irakaslearen eskutik, materialismoa ezagutu zuen. Eliza soziologiaren garrantziaz jabetu zen garaian, erlijioari buruzko buruhausteak, barne zeraman korapiloa askatu zuen, apaiz izateko benetako gogoa sortu zitzaion. 

Gasteizen apaiztu ondoren, Telesforo Aranzadi eta Enrike Egurenekin batera hogei urtez, gerra piztu zuten arte, indusketa lanetan aritu zen. Hirukote horren lanak, euskal arkeologo, etnologo eta antropologo askoren ezinbesteko abiapuntua izan dira.

Gerra aurrean ere, etnologia eta antropologiaren inguruko ikerketei ekin zien. Bi disziplina horietan nabarmendu zitzaion biltzaile izateko grina hori, eta ondoren bere lana jarraitu duten Etniker taldekoei kutsatu zien.  Barandiarenek, bazeukan txipitasunaren kontzientzia, eta bizi zuen komunitatearen partaidea izaki, tribukoa zen.

Gerra garaian erbestean ibilia, 1942an Lapurdiko Saran finkatu zen. Saratarra bezain ataundarra zela zioen, 1953an, itzultzeko baimena eskuratuta, Sara izenez bataiatu zuen, orduz geroztik, bere kabia izango zen Ataungo etxea, ateak zabalik zituen etxea.

Apaiz gaztea zen garaitik, politika kontuak alde batera uzteko bere nahia behin eta berriro azaldu zuen. Baina aldi berean, ataundarrak hainbat kultur eta giza-mugimenduetan parte hartu zuen. Arazoen aurrean bustitzen den horietakoa zen, zientzia mundura euskaldun gisa agertzeko konpromezua hartu eta zabaldu zuen Joxemiel Barandiaranek.

Patxi Larrion

Gure Mendea