
Heriotzeaz inor gutxi ohartu bada ere garrantzizko gizona izan da Euskal Kulturan
Iragan astean hil da Martzelino Garde apez euskaltzalea
Erriberako Zarrakaztelun sorturik, euskararen aldeko lanetan ziharduen, inoiz hertsikeriaz izan bada ere. Ikastolen sorreran, "Principe de Viana" euskal gehigarria nahiz "Diario de Navarra"-ren euskal orriak eraman ditu bere bizkarrean.
Zarrakazteluar Marcelino Garde apeza nafarroako euskalgintzan hainbat polemikatan ibilitako gizona genuen. Azken honetan bere lana Diario de Navarra-k astero ateratzen duen "nafar Izkuntza" orriaz arduratzen baldin bazen ere, Patxi Zabaleta euskaltzainak dioskun bezala, «Frankoren garaian lanean asko saiatutako gizona» izan da.
1925ean sorturik, 1950ean apezgoa eskuratzen du. Zarrakaztelu, Ustarrozen. Garde edo Genebillan ariturik Ripodas-a igorri zuten zigorturik, politika arloko ideiak medio. Patxi Zabaletak dioskunez: «Jose Agerrek sortutako talde batekoa zen, PNVko azken presoei laguntzen, publikazio ttiki batzu egiten, nor edo nor pasatzen eta honelakoetan hasia». Euskara ikasten hasi zen eta franko ikasi ere, erronkariko euskara gehien bat, nahiz mintzatzeko nekez moldatzen zen.
Batikano Bigarrenaren ondoren hautatua
Batikano Bigarrenaren ondorengo hauteskundeetan aurrerazale guztien buru gisa azaldu zen gure gizona, eta hautatu egin zuten: «momentu hartan zen gizon bat mundu guztiak progresista bezala zeukana, gero hasten da ikasten OPUS-eko unibertsitatean eta sortzen dira gainera Iruñeko ikastolako istiluak 1969-70 urte horietan, eta hau osotara bere mendean hartzen du beste apez batek, Anjel Hermoso de Mendoza izena zuen Deikazteluko batek, eta orduan anti-marxismo amorrazio ikaragarri batek hasten da jarrerak osotara aldatzen», dio Patxik. Iruñeko ikastolen aferan, Claveria, Olkotz eta talde horretin jokatu zuen, irakaskuntza konfesionalaren alde Paz de Ziganda ikastolaren aldeko apostuan, San Fermin izan zelarik bestelako bideetan abiatu zena.
Ondoren hasiko dira bere kanpainak EI pensamiento Navarro-ren bitartez, beti erdaraz. Garai hartan ateratzen da "El Akelarre de Larraiz: Ez dok amairu-Principe de Viana" izeneko artikulua. Principe de Viana euskal gehigarritik Diez de Untsaga bidaltzeko balio izan zuena: «bera hasi zen orduan gehigarri hura bideratzen, eta desastre bat izan zen, bilean behin publikatu beharean urtean bi aldiz egiten zuen... San Ferminetan Orreagan elar anitz bota zuela eta agertzen den puntua. Hortik aurrera osotara bakarrik gelditu zen, leku guztietan marxistak eta amodio librea ikasten bait zituen'' diosku euskaltzainak.
Diario de Navarra-ren euskal gehigarria
Principe de Viana gehigarria itzaltzetik, 1984ko irailetik gaurko egunak arte, Diario-ren "Nafar Izkuntza" euskal orriaz arduratu da, apirilaren 27an agertu dela azken aldiz hil baino lehen. Orriaren bereizgarriak aski ezagunak izanen ditu gure irakurleak, politikatik kanpo erabat, kultur eta erlijio gaietara bideraturik, nafar nahiz giputx hizkerak lantzen ditu batua onartu gabe, Marcelino Garde bera ere batasunaren aurkako zelarik. Diario-ra deitu dugu jakiteko orria nork hartuko duen eta zein ezaugarrik aldatuko edo segituko dituzten; arrazoi hotzen artean berdin jarraituko omen duela esan digu bertako langile batek, oraindik bilkuran komentatu ez dutela gaineratuz.
Marcelino Garderen hileta elizkizunetara komunitate autonomoko hainbat apez joan dira nafarrekin batean. Nafarroako PNV-ko buruekin batera berriz Xabier Arzalluz izan zen Zarrakaztelun maiatzaren zazpigarrenean.
IÑAKI KAMINO, Argia, 90-5-20