
Jean Hiriart-Urruti (1927 - 1990)
Euskal idazlerik hobenetarikotzat jo du Jean Haritxelharrek
Jean Hiriart-Urruti Hazparnen jaio zen 1927.go otsailaren 11n. Uztaritzen, Baionan eta Erroman apaiz ikasketak burutu ondoren, Baionako apaizgaitegian irakasle izan zen. Hil zen garaian Baionako elizbarrutiko Bikario Nagusi postua betetzen zuen. Era berean, liturgiaren itzulpen taldeko partaide ere bazen.
Hazpandar apaiz hau euskaltzale giroan sortutako gizona izan zen. Osaba bera, izen berekoa, apaiz eta euskal idazle sutsua izan zen; familian bertan, anaietako bat bertsolari handia izana, beste bat euskal antzerki munduan ibilia eta beste bat, apaiza hori ere, idazlea. Bere aldetik, Jean Hiriart-Urrutik estilo xumea baina ederra erabili zuen, Haritxelharrek adierazi duenez: «iduriz landu gabeko prosa bat egiten zuen, ur xirripa garbia bezala, baina egiaz asko landutako prosa zuen eta hor dira froga bezala aldizkaritako artikuluak egiteko egiten zituen zirriborroak».
Aldizkarigintzan asko saiatua
Bere idazle gogoa Iparraldeko hainbat aldizkaritan jarri zuen. Besteak beste, Gazte, Etchea, Gure Herria eta Herria aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Azken honetan, gainera, zuzendari lanetan ere ihardun zuen bi urtez, Laffitek zuzendaritzari utzi zionean. 1968an Afrikara misiolari joan zelarik, Emile Larreri utzi zion postua. Hain zuzen ere Emile Larrek berak eman ditu argitara bere liburuak, lau guztira. Lehena 1977an argitaratu zen "Jauna dut argi-Mundu berri, eliza berri" izenpean eta bigarrena, 1981ean "Fedea gidari" izenaz.
Erroman burututako ikasketen bidez bi lizentziatura lortu zituen. Batetik teologiakoa eta bestetik soziologiakoa. Bi arlo horiek etengabe ikutu zituen bere artikuluetan. «Teologia eta soziologia inguruko gaietan idazten bazuen ere, oso modu erraz eta xumean egiten zuen, herriak konprenitzeko moduan. Iparraldeko euskara batu bat erabiltzen zuela esango nuke nik» adierazi berri du Jean Haritxelhar euskaltzainburuak.
Kultur gizon zabala
Azpimarragarria da gainera gizon honen zabaltasuna, Piarres Xarriton beraren auzokideak aitortzen duen bezala: «Oso argia zen, hotza baina goxoa. Entzuten zekien gizona zen eta oso zabala, Patxi Zabaleta ere haren botuari esker atera zen euskaltzain».
Aurreko gotzaiak euskaldunekin izandako istiluen aurrean Jean Hiriart-Urrutik hartu zuen jarrera zela medio, apaiz hau baztertua geratu zen eta bikario nagusi izateko aurkeztu zutenean ez zuten beste erremediorik izan hartzea baino.
1976an hartu zuen Euskaltzaindiko postua, Dassance apaizak utzitako lekua. Harrez gero erakunde bertako bilera nagusi guztietan hartu zuen parte, bikario nagusi lanek denbora asko kentzen bazioten ere.
P. IBAIBARRIAGA, Argia, 90-5-27