
Joseba Elosegi, gudari zaharra, ekintza gizona
Joseba Elosegi azaroak bostean hil zen, 75 urte betetzeko hilabete falta zituenean. Bere hilketak abertzale guztiak hunkitu ditu eta berekin batera gudari izandako borrokalariaren istorio luzea lurperatu da.
Donostian 1915ean jaio zen Joseba Elosegi eta oso gazte zela, Espainiako gudan borrokatu zuen. «Gaztetan hartu behar izan zituen armak bere herriaren alde», dio Kepa Ordokik, «Abertzalea zen erabat eta borrokarako kemenik ez zitzaion falta». Guda aurrera zioala, euskal gudari ugari erori zen eta tartean baita Ordoki eta Elosegi ere. «Gartzelan ginela oso tratu txarrak jaso genituen baina hala ere berak ederra egin zuen. Patioan gartzelero batek guda galdua zela esan zionean, berak oraindik gudak irauten zuela eta presoekin kontu izateko esan zion, ondo tratatzeko auskalo zer gerta zitekeen oraindik eta. Hori esan eta gero, izugarrizko jipola jaso zuen».
Beste fronteko preso batengatik trukatua izan ondoren Bartzelonan zegoela berriz frontera itzuli eta komandante izendatu zuten. Frankistek Catalunia hartu zutenean, Frantziara ihes egin zuen Agirre lehendakariarekin batera. Ez zuen horregatik borroka uzteko asmorik. Eusko Gobernua Iparraldean jarri zela eta, Joseba Elosegi barnekaldera pasa zen 1942an, borrokara.
Baina guda galdu eta aliatuek bizkarra eman zioten euskal borrokari. «Arazoak sortu ziren gudariengan. Barnekaldekoak, Elosegi barne, borroka tinko jarraitzekoaren aldekoak ziren eta Iparraldekoak aldiz, Eusko Jaurlaritza, beste era batera jokatzearen alde agertu ziren. Hala ere bera alderdikidea zen, PNVko militantea eta oso disziplinatua, eta borroka militarra uztea onartu behar izan zuen».
Gerora ETA sortu zen eta Eusko Jaurlaritzak sortutako Informazio Zerbitzuan jardun zuen Pepe Mitxelenaren agindupean.
Disziplina onartu behar
Baina Aliatuei eta Eusko Jaurlaritzari informazioa pasa eta gudariek ekintzak egin zitzaten azpiegitura antolatzeaz gain beste lan bat ere egiten zuen Elosegik, «alderdia antolatzen zebilen; ekintza gizona zen eta azpiegitura eta bestelako lanez gain beti egiten zuen ikurriña jartze bat edota biztanleen morala igotzen zuen beste edozein ekintza».
Ordokik dioskunez, «bai nik eta baita Elosegi bezalako abertzale sutsuek oso gustora jaso genuen gazteek gure borroka jarraitu nahi zutenaren berria, baina fidela zen, alderdiari fidela zitzaion».
ETAkoen identifikazioa
Ekintza gizona zen Joseba, Emilio Lopez Adan Beltza-ren ustez ere. Urte luzeetako geldikeria eraman ezinik, 1970eko iraileko ekintza erabaki omen zuen, bere buruari su eman eta Francoren aurrera bota. Erabaki pertsonala izan zen, baina une hartan aktiboan ari zirenak berehala identifikatu omen ziren harekin; ETAko askoren etxeetan ikusten ahal zen bere "Quiero morir por algo". Beltzak dioenez ekintzak lotzen zituen Elosegi eta militante haiek.
Jakingarria da liburu hori EAJri ez baina Monzoni eman ziola Josebak, argitaratu zezan. Monzon eta Elosegiren artean, biek independentziaren aldeko ekintzaren beharra sentitzen zuten aldetik, «paralelismo bat ikusten dut» dio Beltzak. Biak gerran ibili ziren noski, Elosegi trintxeretan gainera baina Joseba Elosegik ez zuen inoiz ezker abertzalearengana joko, baina «lehengo gudariak eta oraingoak» Monzonek zioen horretan oso ongi sartzen zen gizona zen Beltzaren ustetan. «Azkenetarikoa izango zen, oraingo EAJko zuzendaritzan independentziaren helburua baino munduko ekonomian Euskal Herriak bere txokotxoa aurkitu dezan asmoa nagusitu bait da».
Traizio berrl bat
Franco hil zenean Elosegik beste abertzale guztiek bezala, euskaldunok hainbat urtez borrokatutakoa eskuratuko genuela pentsatzen zuen. Alderdi demokratikoek ikurrinari musu eman eta ohore egin zioten eta Josebak bihotzez zuten imajina hura gorderik. Hala ere zin egindakoa ez zen bete eta eusko gudariak berriz ere bakarrik geratu ziren, «traizionatuta».
1977an Askatasunaren Martxa antolatu zela eta, Telesforo Monzonekin batera protesta martxa honetan parte hartu zuen. «Baina alderdiak debekua luzatu eta ezin izan zuen aurrera egin» azaltzen digu Kepa Ordokik. Hala eta guztiz ere, politikan tinko jarraitu nahi izan zuen eta Francoren osteko lehen hauteskundeetan diputatu izateko hautagaitzat aurkeztu zen PNVren eskutik.
Hauteskundeak izan eta Gasteizko Gobernua osatuta, Elosegik nahikoa egin ez zenaren susmoa zuen, Ordokiren ustetan. ETAk Espainiako Gobernuarekin zituen kontaktuak etekinik ateratzen ez zutela eta, Ordokik Txomin Iturberekin kontaktatu eta Madrilekin posible ez zenez ea gutxienez Gasteizekin frente komun bat egitea posible zen aztertu nahi zuten. «Garaikoetxea zen lehendakari eta beregana iristeko, Elosegirengana jo nuen. Azkenean Iparraldean Garaikoetxea eta Txomin Iturbe bildu ziren eta Elosegi eta biok ere joan ginen. Hitzegiten hasterakoan Txominek, haserre handiz, ez zuen agurtu ere egin nahi izan Joseba», dio Ordokik.
Ikurriña berreskuratu
Barnean zuen sua ez zitzaion amaitzen. 1984ean «etsaiari hartutako trofeoak» izenburupean zegoen ikurrina bat lapurtu zuen Museo del Ejercito Español-etik. Abertzale sutsu honek bere bizitzaren azken egunak hainbat urtez bere alderdia izan zenetik kanpo egin zituen. Ordokiren ustetan Garaikoetxea Espainiako Kostituzioak eskaintzen duen guztia exijitzeko prest agertzen zen eta Madrid aldiz ez zen atzera egitekotan. «Horregatik izugarrizko tentsioa izan zen Garaikoetxearen Gobernua eta Estatukoaren artean, geldiune bat. Eta PNVren barnean frente egitea baztertu zen, Garaikotxea baztertuz». Baina Elosegik, agian lehen aldiz, ez omen zuen alderdiak esandakoa onartu eta bizitza osoan erakutsitako disziplina hautsiz alderdia utzi zuen. Azkenean guda, borroka armatua, erbestea, errefuxiatu, preso izatea, traizioa... ezagutu zituen euskal borrokalari hau hil egin da. Berak zioen bezala zerbaitengatik hil nahi zuen, berak ezagututakoak behin betirako amaitzea eta Euskal Herria askatasunean bizitzea. «Hori lortu ez dela argia bada ere, ezin esan bere helburuak hil direnik», dio komandante zaharrak, Kepa Ordotik.
B. Artola, Argia, 1990