Alberto Onaindia eta Aitzol

Martin Ugalde

Joxe Ariztimuño 'Aitzol' (1896) eta Alberto Onaindia (1902) Gasteizko seminarioan ezagutu ziren. Sei urteko aldea zuten. Formazioz, biak ziren apaizak, eta biak jaso zuten Leon XXlll.ak 'Rerum novarum' (1891) enziklika bidez zabaldu zuen mezua: langileen egoera zela garrantzi haundia zuena, eta Elizak arazo sozialaz zuela arduratu beharra. Hala izandu zen «langileen aita-saindua» bezala ezagutua.

Garrantzia badu orain hau aipatzeak. Errepublika 1931n berri zenean, langileriaren mugimenduak indar-berritzen hasi ziren, eta Donostiari dagokionez, bertako Udalak zuen egoitza batean hasi ziren eratzen beren mitinak. Gauza zenak hartu zuten aurrea, noski, beti bezala; kasu honetan ezker espainol erakundeak, eta aurretik anarkistak eta komunistak.

Behin, gaiso zegoen Lizardi bisitatzetik kotxez Donostiara zetozela, Teodoro Hernandorenak esan zion Aitzoli, ea zer egiten zuten apezak Elizak langileenganako zituen konpromezuak bete gabe. Arazo sozialaren alorra, Elizaren aurkako jokabidea zutenei osorik utzia zutela eta berdin gertatzen ari zela alor politikoan ere, abertzaleek kokilduta zeudela, ez zirela aurkakoei aurpegia ematen ausartzen.

Aitzolek berehala ulertu zuen, noski.

Garai hartan, Don Alberto Buen Pastorreko elizan hitzaldi sonatu batzu ematen ari zen, eta hala, Hernandorena bera izango zen aurkezpena egingo zuena, eta Onaindia eta Aitzol arazo sozialaz hitz egingo zutenak.

Eta halaxe gertatu zen. «Aitzolek eta neuk», dio Don Albertok, «1932ko Abenduak 10ean egin genuen agerpenak eskandalizatu zuen Euskal Herri guztia. Gau hartan elkarrekin agertu ginen publikobi Donostiako "Sala de Declamación Vasca" deritzan aretoan. Entzulegoaren ehuneko larogeitahemeretzi artistak eta akratak ziren. Sozialistak, eta komunista botzuk, eta batez ere anarkistak bete zuten aretoa eta inguruko kalea». Bost milatik gora langile bildu zirela jotzen jardun ziren hurrengo egunean «El camarada cura» tituluarekin egunkarietan agertu zena.

«Hiru ordu luzez aritu ginen eztabaida gogorrean» dio Don Albertok.

Kontuan edukitzekoa da Aita Onaindiak aipatzen duen egoera hura. Eskuindarrek esan zituzten esatekoak bi apaizen aurka, Kristoren hitza gizonen aurrean defendatzera ausartu zirelako.

Halako inzendioa egin zuen berrikuntza ausart honek, aurrera jarraituz.

Hurrengoa 1933ko Urtarrilean Errenterian izan zen; ez zuen Aitzolek etortzerik izan, gaiso bait zegoen, eta Onaindiak dionez oheratuaren ondoan afaldu zuen gau hartan. Geroztik, elkar izaten ziren arazo sozialaz, maiz idazten zituztenaz hitz egiteko. Batek El Dia-ko sozial arazoetarako orrialdean, eta bizkaitarrak Bilboko Euzkadi-n.

Eskuindarrak ahalegindu ziren Mugica gotzaiaren aurrean ekintza hauek erroetatik mozten. Eta urte honetako ekainean argitaratu zuen gotzai jaunak Gasteizko Eliz-Boletinean zirkular bat, apaizei eztabaidak debekatzen eta prentsako lanak galerazten.

Aitzoli pertsonalki debekatu egin zion El Dia-n —osorik independientea zen egunkarian— idazketako kontseiluan parte hartzea.

Honelakoak ziren gure Herriko apaizen pekatuak.

Aitzol hil zuten eta bezala hilko zuten Don Alberto; hau ez zuten harrapatu ordea, eta bere anai nagusia, Zelestino, bota zuten tiroz Hernanin.

MARTIN UGALDE, Argia, 1988-VII-3

Gure Mendea