Manuel Lekuona (Oiartzun 1894 –1987)

Azkue eta Barandiaranekin batera Euskal Herriak eman duen beste biltzailetako bat da Manuel Lekuona. Oiartzuarrak, Schiller-en amorrazioz ekin zion bertso munduaren ikerketari, Eusko Ikaskuntzaren Ońatiko Batzarrean (1918), kazetari donostiar baten kalaka aditzean, «Alemanian, noski, "baserritarrak” igande arratsaldeetan, zerbeza-garagardoa edanaz, Schiller-en olerkiak irakurtzen jarduten zutela… Gure baserritarrak, berriz, sagardotegietan bertsolarien narraxkeriak entzuten egoten zirala, ordutan ta ordutan… Min eman zidan, benetan, gizon aren ariera txoroak».

Manuel Lekuona Gasteizen abadetu, eta hogei urtez bertako irakasle aritu zen. Eusko Ikaskuntzaren sorreraren urte berekoa du "Métrica vasca" bere lehen ikerlana, bertsolaritza gai kultu gisa aztertu zuen lehenbizikoa, ondoren "Poesía popular vasca" eta "Literatura oral euskérica" idatzi zituen, bi-biak gerra aurretik argitara emandakoak. Lekuona, Aitzolek bultzaturik, orduko euskaltzaleek aski bazterturik zuten ahozko literatura goratzen saiatu zen. Besteren batek, bertsolaritzari gorbata jazten lagundu zuenetako izan zela esanen luke.

Gerra garaian zigortua izan zen, eta erbestean zelarik, hasitako lana Ipar Euskal Herriko ezagupenaz hornitu zuen. Antropologo, historialari, arte plastikoetan aditu, Greco margolariak Euskal Herrian utzitako arrastoa jarraituz, artista honen zenbait obra aurkitu zituen.

Euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko lehendakaria 1967-1970 urte korapilatsuenetan. Bere lanak, euskaraz zein gaztelaraz idatzi zituen.

Arestian esan bezala, herri xehearen bizimodua eta kulturari emana, bertsolaritzaren munduaz egindako ikerketa dugu Manuel Lekuonaren ekarpenik garrantzitsuena. Bertsolaritzak bere garaian eskuraturiko gaitasun dialektikoaz ohartu zen. Lekuonaren aburuz, bertsoak, artzain ameslarien eskuetatik nekazari burutsuaren eskuetara igarotzean, dialektika-kutsua hartu zuen, berak zioen gisan, «olerki-jantzian, jantzi eder bikainean bainan dialektika, polemika giro garbia…»

Patxi Larrion

Gure Mendea