Piarres Lafitte (Luhuso 1901 - Baiona 1985)
Zazpi urte zituela umezurtz
geratu eta, Zuberoa aldeko ahaideekin hezi zen. Beloken eta Baionan
ikasketak egin ondoren, kostaldeko hirian apaiztu zen. Uztaritzeko Seminarioan
irakasle zela lortu zuen Tolosan hasitako lizentziatura.
Euskaltzaletasuna
barneraturik zuen. Lafitteri, Euzkadi
aldizkarian idazteko eragozpenik ez zuen Saint-Pierre apezpikuak piztu zion
abertzaletasuna. Ondoren, 1932an, Eugene Goihenetxeren eskutik Aitzol ezagutu
zuen. Hegoaldeko politikagintza hitzez eta ekintzez jarraitu zuen, EAJko ideietatik
hurbil, 1933an, Euskal Herriaren alde
programa politikoa idatzi zuen. Gerrak moztu zuen, muga topalekua bilakatzeko
hasitako bidea. Hegoaldetik etorritakoei laguntzen jardun zen, II. Mundu Gerran mobilizatua, ondoren Erresistentziara pasa zen.
Antolatzaile
aparta izaki, Ipar Euskal Herriko kultur agerpen gehienetan, guztietan ez
bada, aurkituko duzu Lafitte. Aintzina
hilabetekaria (1934-1937) Labegerie, Lartzabal, Legasse anaiak eta Xarritonekin
batera martxan jarri zuen, azkenik, 1944an, Eskualduna
desagertua ordezkatzera etorri zen Herria
aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria izan zen. Egun, Ipar Euskal Herrian
zabalkunderik handien duen kazetak, elizarekiko harremana mantendu arren,
haize berriak ekarri zituen euskalgintzara, alta, ez Mirande onartzeko bezainbestekoak.
Urte oparoak zituen Lafittek, ordukoak baitira, Monzon eta Sotaren laguntzaz
abian jarritako Gure Herria kultur
aldizkaria eta bere obra nagusitzat hartzen den "Grammaire basque"
oinarrizko gramatika-liburua.
Euskaltzain osoa 1952az geroztik, gramatika eta hiztegintzaz gain, antzerkia, poesia, biografia eta entsegua landu zituen. EHUko honoris causa 1982an izendatu zuten. Hil zeneko urtean egin zioten omenaldiaren karitik argitara emandako liburua Lafitteren garrantziaren argigarria da. Ipar Euskal Herriko Atlas Linguistikoa egiten ari zela jaso zuen herioaren bisita.
Patxi Larrion