
Manex Erdozaintzi-Etxart (1934 - 1984)
Poeta eta kultur eragile behenafarra , Herriz Herri astekaria eta Gure Irratiaren sorrera gertutik ezagutu zituen. Bi liburu zituen argitara emanak hil zenean: "Hinki Hanka" poesi liburua eta "Gauaren atzekaldean" nobela. 1984ko apirilaren 29an zendu zen Okzitaniako Tolosan.
Honela zioen Artasok Argia-n, 1984ko maiatzaren 6an:
«Oso gaizki jarria zela jakin berriak izaki, ezustean harrapatu gaitu Manex Erdozaintziren heriotzak. Eta presaka batean idazten dugu Ipar Euskal Herrian hainbeste garrantzi izan duen gizon eta fraide honen aipamen urjentziazko bat. Gizon garrantzizkoa diogu, eta berezia. Nola deitu bestela Frantziako estatuko hegoalde osoko frantziskotarren nagusi izanez hauteskunde batzuen aurrean publikoki bere atxikimendua Herri Batasunari aitortzen dion gizon bati? Iparraldean hain ezagun eta Hegoaldean ia erabat ezezagun izan bada, zor dio bere historiako leku ttiki bat berak hainbeste indarrez bultzatu zuen Euskadi batuak.
Apiril honen 29an hil zen Okzitaniako Tolosan, eguerdiz, Manex Erdozainzi-Etxart, 50 urte betetzeko hilabete gutxi falta zituela. Juxtu mugaren bi aldeetako hainbeste euskaldun Nafarroako Baigorrin Nafarroaren Eguna ospatzen ari ginen bitartean Toulouse frantsestu hartako desterruan ematen zuen bere azken hatsa mugaren bi aldeetara ezin bizian lehiatzen garen euskaldunen trajeria hain garbi kantatu duen poeta nafar bat.
Manex Erdozaintziren bizitza Euskal Herrian dabilen borrokari era berezi batean lotu zaion gizon baten historia da. 1934ko uztailean Oztibarreko Ibarlan sorturik (Garazitik ez urrun), fraile joan zen gaztetan, frantziskotarrek Donapaleun duten komentu txikiak erakarririk. Ikasketek eta geroagoko fraile bizitzak laster eramango dute urrun samar, Toulouse edo Tolosara. Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen, eta geroago baita Sikologia Soziala ere, eta hain zuzen horren inguruko gaiak jorratzen zituen Zuberoako Etxarriko Laborari Eskolan.
1978tik Frantziako Estatuko ia hegoalde osoa hartzen duen probintzia frantziskotarreko nagusi zen, probintzial deitzen dioten karguan. Horrek eduki zuen luzaz Tolosan, azkenean desterru hartatik berriro Donapaleura etortzea erdietsi zuen arte. Aste gutxi barru uztekotan zen kargua, Euskal Herriko aferei zuzenkiago heltzeko asmoz.
Frantziskotar bat HBren alde
Kristau ezkertiarren artean sortu den "Fededunak" taldeko partaide zen Manex Erdozaintzi, eta alde horretatik makina bat bileratan parte hartua zen Ipar eta Hegoaldeko kristauekin, apezekin bereziki. Eta bere belaunaldiko askok bezala kristautasuna eta Euskal Herriarenganako zaletasuna elkarrekin ulertzen zituen. Beste izenen artean Joan Mari Torreladaik bere "Euskal Idazleak gaur" liburuan Manex Erdozaintzi, Bitoriano Gandiaga, Joan Mari Lekuona, Xalbador Garmendia, Intxausti eta apaizgotik pasatako hainbatekin erlazionatzen du.
Hala ere euskalgintza inguruan mugitzen diren hainbeste apaiz, fraile eta fraile-ohi askoren alderantziz, kutsu politiko nahiko garbia duten ekintza herrikoietan hartu du parte Manexek. Ipar Euskal Herriko barrualdean hain ezaguna den "Herriz Herri" astekariko fundatzaileetako bat eta zuzendari zen, izena horretarako emateak esan nahi duen guztiarekin. Gure Irratia-ren sorrera ere gertutik ezagutua zuen. Azken aldian Amnesty International-en sarturik ere agertu da.
Eta lehen bezala orain ere, eta orain askoz gehiago gainera, hain definitzaile dena: errefuxiatuekin asko ibiltzen zen. Laguntzen. Eta bere jarrerak inorentzat zalantzarik sor ez zezan duela urtebeteren bat Herri Batasuna sostengatzen zuten pertsonalitateen artean Manex Erdozaintzik ere sinatzen zuen. Inor gutxik komentatu zuen hau Hegoaldean, baina hemengo jerarkia politikoan noren inguruan dabilen ikusiz, ez al da eskandalagarri?
Frantziskotar bat Maiatz-en
Bere burua asko agertu gabe lan egitea gustatzen omen zitzaion Manexi, Joxe Azurmendik dioskunez. Eta bere literatur produzioak holako zerbait agertzen digu. Eguneroko lan neketsuak uzten zizkion ixtanteetan poesia egitea maite bait zuen, nobela bat ere argitaratua baduen arren. Bere sentsazioak eta barruko korapiloak deskribatzeko bezainbeste askatzeko balio zion lana zuen poesia.
Autodidakta izaki, euskaraz idazten bere kasa ikasi zuen, eta goiz hasi zen hasieretako Jakin hartan kolaboratzen. Geroztik makina bat aldizkaritan idatzia du. Herria, Elgar, Gazte, Euzko Gogoa, Egan, Gure Herria, Olerti, Maiatz... Azken honek ematen digu beste pista bat ere.
Kantariek ere erabili dituzte Manex Erdozaintziren hitzak, "Ortziken" emanaldi polemiko hura egin zutenek, Gure Bidea taldeak, Nekez Ari taldeak eta Pantxoa eta Peiok.
Bi liburu ditu argitaratuak, "Hinki Hanka" eta "Gauaren atzekaldean", eleberria azken hau. Hain zuzen honen kariaz joan den urteko urtarrilean argitaratzen genuen ARGIAn Jean Louis Caussadek Manexi eginiko elkarrizketa bat. Hor adierazten zuen erlijioaganako bere atxikimenduaren ondoan Herri honenganako bere konpromezua ere. «Gure historiaren memento larrienetarik bat duk gaur geure Herriarekin bizi duguna eta Euskaldunetan nihork ez lezakek memento honi huts egin behar: hemen trenkatuko duk euskal izatearen hil ala bizi arazoa».
Frantziskotar bat borrokalariekin
Bere literatura ere hor kokatzen saiatu zen Manex. «Historia mugimendu honi datxekion literatur mugimendu azkar bat ez diat mementoan ikusten eta hau ikaragarriko falta deritziak». Eta idazten zuenak herriarengana iristeko indarrik bazuenetz galdetzen zuen, herriarengana ez iristekotan gerarik ez zuela.
Leku gehienetan apaiz progresisten garaiak alde egina dirudi. Asko edo isildu edo agintearen morrointzara pasatu da. Beste hainbat historiara: Manex Erdozaintzi hil den egun berean Brasilgo Recifen bukatzen zen Helder Camararen aroa. Eta Manex Erdozaintzik osasuna galdu du: tronbosis bat eta ondoren bihotzekoa.
Bere oroimena geratzen zaigu eta bere obra, Joxe Azurmendik dion bezala Teillhard de Chardin-ek hainbeste kutsu eman dion obra bat. Jangoikoa, izadiaren erdian gizona, gizadiarenganako baikortasuna eta Herri honen mina.
Hego eta Iparraldea
Nere lurrak dira
Mixel, Peio, Arantxa eta Terexa
Nere seme-alabak diren bezala...
Hego eta Iparraldeak
Burrukan diraute
Iñaki eta Miren
Arrosa eta Ellande
eta nere beste seme-alaba guziek
Burrukan dirauten bezala
Mendi-zelaietan eta itsasoaren zabalean
Baserri eta uzinetan eta eskoletan
Nere seme-alaba guztiek
Burrukan dirauten bezala
Esplotatuak eta alienatuak eta umiliatuak
Ez izateko
Xurgatuak eta zapalduak eta madarikatuak
Ez izateko
Beren aita-amak eta beren haurrideak
Beren auzokoak eta beren herrikoak
Egunero burrukan dirauten bezala
Hegoaldeko eta Iparraldeko
Nere lurretan
Gure lurretan
Jende libroak izateko...
ARGIAko eta SUSAko gazteokin hitz egiteko desioa omen zuen Manex Erdozainzik Joxek esan digunez. Bere garaian kasu gutxitxo egin genion poema liburu bat arakatzearekin konformatu beharko. Bihotzetik hil da, Xalbador bere auzoa bezala, Manex Erdozaintzi-Etxart.