Nemesio Etxaniz (1899 - 1982)
36ko gerra piztu aurreko olerkaririk nabarmenenetako bat zen Nemesio Etxaniz azkoitiarra. Lekaroz eta Comillasko apaiztegietan ikasi eta bertan Orixe ezagutu zuen. Apaiztu zenean Bergarara aldatu zuten.
Gerra garaian atxilotu eta Burgosera eraman zuten. Aske utzi zutenean eta Deba, Zumaia eta Azkoitian apaiz-lanetan ibili bitartean, gerra aurreko literatur giroa berpizten saiatu zen. Olerkari ausarta izan zen eta euskal olerkigintza berritu nahi izan zuen gaiaren eta formaren aldetik. "Lur berri billa" olerki-bilduma argitaratu zuen 1967an eta antzerkiak ("Izeko aberatsa!", "Irulearen negarra",) eta itzulpenak ere ondu zituen Erratzu, Artiztar Xabier eta Amillaitz ezizenak erabiliz.
Ikastolen mugimendua bultzatu, hainbat aldizkari indartu, kantagintza berriari eragin eta irratirako zenbait gidoi ere prestatu zituen. Euskaltzain urgazlea zen 1955 ezkeroztik eta euskaltzain ohorezko egin zuten 1979an.