Felix Likiniano

Beltza

Adio, laguna, adiskidea. Eri zinela bagenekien, baina desagertzeko zoria beti urrun ikusi nahi dugu, eta heriotzea beti sobera goiz heltzen da. Bai, arina izan dakizula lurraren pisua.

Halere, ez zenuen gutxi bizi izan. Gure aintzineko historia eta gure gaurko borroka ulertu nahiaz, ordu asko eman dut zure ondoan. Errepublika eta Gerla garaietako guraso nazionalistek utzi ziguten iduria begi kritikoz, baina zeharo euskaldunen bidez aztertu nahi izan genuenean, zure lekukotasuna preziatua izan zitzaigun; Miarritzeko merkatuaren ondoan alemanen bota astunen urrats trinkoak ixilarazi izan ezin zuen erresistentziaren piru mehe eta kartsua, zuregan aurkitu genuen; fededunismo geldiaren orbel astunaren zehar ETAko lehenek Iparraldean egin zuten agerpenaren laguna zinen; ETAk langilerian gihar zezan bere kemen askatzailea, anarkismoaren libertate gosea eta marxismoaren analisi sarkorrak batzen saiatu ginenean, zu zinen gure entseguen lekuko eta partaide; eta demokrazia triste eta zapaltzailearen kontra borrokatzeko aukera egin dutenak, beste borrokalari bat izan zaituzte.

Eta zuregan gehien mirestu izan dudana borrokan zuzenki eta duda gaberik sartzeko gaitasuna da. Bai, irakurtzen zenuen, teorietan sartzen zinen, eta zure pentsakera politikoaren zeharkak bihurriak ziren noizbehinka; baina ezagutza edo teoriaren oztopoak ez zaizkizu inoiz eszeptiko edo geldia izateko estakuruak gertatu. Eta hau dut zuregan, Felix borrokalaria, Felix, bihotz zabaleko gizon aktiboa, miresten eta bekaizten dizuna: zure euskalduntasuna eta iraultza sozialarekiko nahikunde bizia, nortasunaren parte ezinbereiztekoak zenituen, eta berehala non jo eta nondik joan bazenekien, egoeren arpegi aldakorrak gorabehera.

Hil zara iraultzaren garaipena ikusi gaberik, baina zure bizitzaren egun guztiak iraultza honen parte bat izan dira; mila ezker.

Beltza, Argia, 1982-XII-22

Gure Mendea