Elbira Zipitria hil da

Elbira, andereñoen andereño

Joxemi Zumalabe

Berarekin Gaztelu aldera, gaztain pilongak biltzera joaten ginen une haiek nituen nik gogoko, eta bera zirika, orbel horixtak biltzeko ahaleginetan, ea nork multzo handiena osatu ibiltzen ginenekoak.

Gela txiki txukun hartan ere ez ginen gaizki egoten, larrean txotxekin, edo harbelean igeltsuz kontuk ikasten, batuketetan eta kenduketetan, txikienak larrean eserita, eta haundiak berriz mahai inguruan. Mahai haren inguruan ikasi genituen letrak, hizkiak, eta makina bat kaxkarreko ere bai letren azken isatsa motz uzteagaitik. Gure ikas-nagiak kentzen han saiatu zitzaigun gaur hilotz, gorputz, Euskal Herriko larrak bere babesean hartu duen emakumea.

Baina bai, Gaztelura igotzen ginekoak ziren unerik atseginenak, eta harrigarria zera huan, Gaztelura joaten ez ginen egunetan ere, norbaitek ikastola atari edo ingurutan galdeginez gero, menditik gentozela esan behar hura. "Señorita de compañia"rekin edo? Ez genuen orduan, bospasei urteko haurrak, gure bizietako lehen klandestinitate urratsak ematen genituelaren ardurarik. Izan ere, 1942 garai haietan, euskara hitzegite soilarengatik nahiko jipoi ematen zirenetako haietan, gerra ondorengo lehenengo ikasgelak sortzeko ausardia izan zuen andereño hark, guk uste baino gauza gehiago erakusten zigun. Gaurko zenbait abertzale gartsuren barne grinek, Elbirak gerra denbora haiek oroitarazten zitueneko negar malkoz bustitako begi gorritsu haietan, izango dute oinarri sakona.

Kulatz eta kakotxen artean, Lizardiren poemekin batera, Orixeren esanetara, euskaraz erakutsi zigun gaurko euskotar zenbait belaunaldiri.

Gerra aurretik, Eusko Alderdi Jeltzailearen militante gartsua izana, mitin eta ekintza politikoak irakaskuntzara ekarriko ditu, beti langile, gerra ondorengo zapalkuntza eta isil giro hartan. Gerra galduaren zentzua barne barnetik sentiturik ere, ez dio etsipenari lekurik utziko eta bestaldean, Saran, Labaiendarrekin eta, ihesketa igaro ondoren, Donostiara itzultzen da berehala lanean hasteko.

Gizaldi hasierako Zumaiar emakumea genuen andereño Elbira. Donostian Teresianetako internadoan magisterio egindakoa, eta geroztik Donostian kokatzen da bere ekintza nagusi hori: irakaskuntza.

1942ko garai haietan Arriolatarrekin, hauen Prim kaleko etxean hasi eta Goenagatarren Urbieta kaleko etxean ondoren, gerra ondorengo ikastolen hazia ereiten du. Geroztik, eta frankismoaren azken urteetan alde zaharreko Orixe ikastolan hasi arte, makina bat ikasle talde izan zituen Fermin Calbeton 26ko bigarren bizitza hartan. Ikasle eta irakasle. Urtero ikasleekin batera, irakasle izango ziren andereñoak, bere aldamenean ikasten bai zuten euskal irakaskuntza. Ez gainera nolanahiko irakaskuntza, garai haietako pedagogi biderik berrienak bait zerabiltzan bere eskuetan, gaur eguneko baten batek baino gehiagok gogoz hartuko lituzkeenak.

Gaurko Lizeo eta Ikastolak erraldoiak irudituko zitzaizkion, horrekin ametsik ere egin ezin zezakenean, erraldoi horien oinarriak jarri zituenari. Gaur haren begi biziak itxi dira betiko. Bere ikasleengan bere aurpegi zimur maitekorrak iraungo du oroimenean berak landutako irakaskizunak animetan irauten duten bezala. Ikastoletako ormek gordeko dute oraindik denbora luzean bere lanaren oroimen xamarra. Abertzaletasunak ama haundi bat galdu du.

Euskal sei herrialdeetako lurrek estal dezatela aberriaren altzoan: Goian bego.

Andereño, agur!

Joxemi Zumalabe, Argia, 1982-XII-22

Gure Mendea