
Azken
karlistadan bi neskatilak lagundu zuten Lizarraga generala zubia igarotzen,
horietako bat Telesfororen ama izango zena. Sorleku zuen Bergarako Olaso jauregian,
osabak, gazte zelarik, gelako atea irekia uzten zuen gauez, Santa Kruz apaizaren
esperoan, nonbait. Haur zela, bere etxean, karlistak, foruzaleak, nazionalistak,
denak ziren ongi etorriak. Gatzagan, Madriletik itzultzean, artzain neska gazte
bat ikusita piztu zitzaion kontzientzia: «abertzalea naiz».
Handik
lasterrera Tolosa ondoko Urkizun izan zen etxeko euskara ahaztu xamarra hobetzen,
garai beretsuan, Bergaran, Jose Antonio Agirre izeneko gazte batek eginkizun
bera zuen helburu. Behin elkartu eta Agirrek galdetu zion, «jarraituko
duzu», Telesforo gazteak, erdi mindurik, «eta zuk», erantzun
zion. Herriaren minez bizi ziren biak.
1930ean
AEJ alderdiko kide egin zen. Errepublika garaian Bergarako Udalean zinegotzi
eta Madrilgo Gorteetan diputatu izan zen, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren lehenbiziko
barne kontseilaria.
Donibane-Lohizunen
zelarik Bergara amets, Bergaran zenean Donibane falta. Bere alderdikide asko
ez bezala, gure Iparraldean laketu baitzen, eta gutxi batzuk legez, 50. eta
60. hamarkadetan muga igarotako gazteei aterpea emateko prest agertu, Anai
Artea elkartean lagun izan zituen Piarres Lartzabal eta Angel Mari Arregirekin
batera. Bere burua nafartzat zuela aldarrikatzen lehenbizikoetakoa genuen.
Diktadorea
hil ondoren, gerra garaian osaturiko gobernu anitza berriz martxan jartzen saiatu
zen. Alferrikako lana, uneko erronkei erantzuteko gai ziren politikari gutxi,
urte horietan. Hegoaldera itzuli zen 1977an, eta ezker abertzalearekin bat egin
zuen.
Telesforo
Monzon politikaria, hizlari suharra dugu ezagunenen. Bere literatur lanak, Pantxoa
eta Peio kantariek zabaldu zituzten abestiak salbu, ezezagunak zaizkigu. Gure
Herria kultur aldizkarian, 50. eta 60. hamarkadetan
argitara emandako kazetaritza lanek prosista itzela erakusten digute.
Egungo euskara eredutik aski hurbil, langosta baten inguruan aritzeko pronto
azaltzen zen. Bere kazetaritza lanek inoiz merezi duten onarpena jasoko dute.