Mixel Labegerie
(Uztaritze 1921 – Akitaniako Tolosa 1980)

Gu gera Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra da gure aberria.

Bat baino gehiagori gaitza egin ohi zaio Mixel Labegerie zenaren ibilbide politikoa ulertzen. Anitzen aburuz, politika mailan egindako hautua, bateraezina baita kultur mailan garatu zuenarekin.

Uztaritzen sortua, Espainiako Gerrarenak eragin handia izan zuen Labegerierengan. Gerraren ondorioz muga zeharkatu zutenen esperientzia bere kontzientzia hartzearen eragilea izan zen. Eugene Goihenetxerekin batera, Francoren kontra jardun zuen.  

Bordelen medikuntza ikasketak amaiturik, 1948an Kanbon finkatu zen. 50. hamarkadaren bukaeran, gerra aurreko Aintzina taldean egona, Davant, Lartzabal, Haran eta Abeberri legez, Enbata mugimenduaren sortzailea izan zen. Mirandek Enbatakoen kontra egin kritiketan iragarritakoa bete zuen Labegeriek, izan ere, Frantziako alderdi zentristara hurbildu eta 1962 urterako Asanblada Nazionalean diputatu postua erdietsi zuen, bi urte beranduago, Pirinio Atlantiarretako kontseilari nagusia izan ere, Euskal Departamentuaren auzian, erabakiorra zen aginte postua. Kanboko alkatea, Frantziako senadore, bazen nor politikagintzan Mixel Labegerie.

Eskualzaleen Biltzarra elkarteko lehendakari, Euskaltzain urgazle, Gure Herria kultur aldizkariko kolaboratzaile, "Nafarroa, oi Nafarroa" bezalako olerkien egile, idatzi zituen abestiek famatu zuten Labegerie. Euskal kantagintzaren eraberritzailetzat hartua izan da. Ez dok amairu taldean aritu zen eta gazte askoren erreferentzia bilakatu zen.

Patxi Larrion

Gure Mendea