
Jokin Zaitegi (1906 - 1979)
Euskal kulturako Kixotea
Euskara izan zen Jokin Zaitegiren bizitzaren ardatza, eta Euskal Herria euskalduna ikustea, betiko ametsa. Bere burua «Kixotetzat» zuen Zaitegik, baita «Euskal Herriaren zerbitzura dagoen gizontzat» ere. Ez ziren alferreko hitzak. Zaitegik hainbatetan erakutsi baitzuen euskara aurrera ateratzeko grina, euskararen bitartez Euskal Herriaren askatasuna ere etorriko zelakoan.
Arrasaten jaioa, 1906ko uztailaren 26an, Jesusen Langundian sartu zen 14 urterekin, eta Loiolan ikaskide izan zituen Andima Ibiñagabeitia, bere lagunik onena, eta Esteban Urkiaga Lauaxeta, besteak beste. Euskara sustatzeko helburuarekin, latin eta grekerazko idazle klasikoen lanak euskaratzeari ekin zioten. Zaitegik Sofokles hautatu zuen, eta bi liburu mardul argitaratu: "Sopokel'en antzerkiak I eta II".
Euskal Herritik urrun
Loiolatik Oñako (Burgos) santutegira joan zen 1926an, eta handik Venezuelara bidali zuten, 1929an. Geroztik urte ugari eman zituen Euskal Herritik urrun, baina sekula ez zuen euskara bazterrean utzi. Aitzitik, irakaskuntzan aritzearekin batera, olerkigintzari lotu zitzaion Venezuelan. Handik Belgikara joan zen Teologia ikastera, eta 1934an Eusko Olerti Eguneko lehen saria irabazi zuen, "Tori nire edontzia" poemarekin.
1938an berriro bidali zuten Hego Amerikara, El Salvadorrera. Ordurako Arrasateko semea haserre zegoen Jesusen Lagundiak euskal kulturaren inguruan zuen jarrerarekin, eta 1944an utzi egin zuen konpainia. Ez zen Euskal Herrira itzuli, ordea, Guatemalarako bidea hartu baitzuen irakaskuntzan jarraitzeko, baina idazteari utzi gabe. 1945ean Henry Wadswoth Longefellowren "Ebangeline" eleberria itzuli zuen, eta 1946an "Goldaketan" poema liburua argitaratu zuen.
Euzko Gogoa sortu
50eko hamarkadari gogotsu ekin zion Zaitegik. 1950ean Euzko Gogoa aldizkaria sortu zuen Guatemalan, gerra osteko lehen euskarazko argitalpena. «Aspertuta nengoen erdarazko aldizkariak irakurtzeaz. Hasi nintzen deiadarka handik eta idazle askok erantzun zuen, gutxi gorabehera 120, mundu guztiko euskaldunak», adierazi zuen Zaitegik 1976ko elkarrizketa batean. Orixe, Jon Mirande, Ibiñagabeitia, Sebero Altube, Telesforo Monzon, Federico Krutwig, Jose Antonio Agirre eta beste askok idatzi zuten Euzko Gogoa-n. Laneko diru apurrekin argitaratzen zuen Zaitegik aldizkaria: «Beti dirua galduaz, bainan horrela jokatzeko prest nengoen eta aurrera jarraitu nuen».
Gogorik denean aldaparik ez, maite zuen atsotitzari kasu eginez, 1951n beste proiektu handi bati ekin zion: Lizeo Landibar ikastetxea sortu zuen Guatemalan, Orixe eta Ibiñagabeitiaren laguntzaz. Lau urte iraun zuen ikastetxeak. Euskal Herrira itzultzea erabaki baitzuen Zaitegik. Miarritzen finkatu zen, eta bertatik argitaratu zuen Euzko Gogoa 1960ra arte.
Euskaldunen zoritxarra
Indioekin apaiz lanak eramanda, Guatemalara itzuli zen —hango pasaportea zuen— eta klasikoak berreskuratu zituen. Sofoklesekin bezala, Platonen lanak euskaratzen hasi zen. "Platon'eneko atarian" kaleratu zuen 1962an, eta 1975etik aurrera Platonen elkarrizketak sei liburutan. Bere lan guztia bezala, Platon euskaratzea «aberriarentzako lana» zela uste zuen Zaitegik. Honela zioen Zeruko Argia astekarian: «Lotsagarria da beren hizkeraren alde euskaldunek egin dutena. Gure herria gauza askotan oso atzeratua da. Ikasten eta ikaskuntzak euskaraz emateko orduan, ez gara inor. San Inaziok izan zuen zerbait gizadi osoari esatekoa. Ez zekien erdararik errukigarriak, baina, hala ere, erdaraz eman behar. Hori ez al da negargarria? Gero izan ditugu Unamuno, Pio Baroja... Horiek barruan zekarten garra euskaraz eman izan balute... Baina ez, erdaraz eman behar... Gure Herriaren zoritxarra! Benetan euskaldunak bagara, Herri bezala iraun behar dugu. Ni ez naiz politikari, baina gure lanak izan behar luke euskararen alde».
1972an Arrasatera itzuli zen, eta han bizi izan zen, 1979an abuztuaren 17an hil zen arte.
Jon Eskisabel, Egunkaria, 1999-VIII-17