
Ixaka Lopez Mendizabal (1879 - 1977)
Euskal idazle, politikari eta kultur eragilea, Tolosan sortu zen eta Filosofia eta Letretan eta Zuzenbidean doktoratu zen.
Euskararen irakaskuntzak behar zituen baliabideak osatzeaz kezkatuta, hainbat liburu idatzi zituen horri begira, esate baterako, "Manual de conversación castellano-euskera", "Quiere usted hablar euskara?", "La lengua vasca, gramática, conversación, diccionario" edota "Gramática abreviada". Baina, ezeren gainetik, haurrentzat sortu zituen lanak ditugu nabarmenetan nabarmenenak, zalantzarik gabe euskal kulturaren baitan leku berezi eta gailena betetzen dutenak. Ikuspegiz zein egituraz aitzindariak ditugu bere liburuak, marrazki eta apaingarri ederrez hornituak: "Umearen laguna", "Martin txilibitu", "Zenbakiztiya" eta batez ere "Xabiertxo".
EAJko kidea izan zen eta 1931n Tolosako alkate hautatu zuten, baina gerra-garaian Frantziara eta ondoren Buenos Aireresera atzerriratu behar izan zuen. Han Ekin argitaletxea sortu, literatura eta historiari buruzko lanak argitaratu eta euskal errefuxiatuen alde egin zuen lan. 1965ean itzuli zen Tolosa bere sorterrira.
Halaxe azaldu zuen Zeruko Argia-n, 1975eko apirilaren 20an:
«Nere poz bakarra lan egitea izan da. Euskararen eta Euskal Herriaren alde beti lanean jardutea. Horrek bete du nere bizitza. Ezbehar haundiak izan dira gure etxean. Lau gerrate ezagutu ditu eta jakina beste hainbeste lapurreta. Hogeita hamar urtetako atzerria ere ezagutu dut. Baina hori guztia erraz eraman dut. Gorputzez bakarrik egon naiz atzerrian, bihotzez eta lanez beti Euskal Herriaren alde behar hainbat lan ezin egin ahal izatea izan da nere pena bakarra».