
Arozamena bertsolaria
Mariano Izeta
Nork erran behar zuen holako gizon gazte eta sasoikoa gisa hortan itzali behar zitzaigula, nork pentsa herioaren sega zorrotza Mikelen barrandan zabilela. Penagarria gertatu dena. Bi hilabetez bi bertsolari galdu ditugu: Xalbador eta Arozamena. Bi lagun maitagarri, bi euskaldun zintzo, bertze mundura joan zaizkigu Jaunak deiturik. Goian beude.
Bertsolaritzaren baratzean bi gutiago; kostako zaigu ba bi hutsune hoik betetzen. Nafartar oroitzapena ez zaigu sekulan suntsituko. Bi zuhaitz sendo, zutik egon diren bizkitartean zitu onuragarriak eman dituztenak, euskaldunok goxoki dastatu ditugunak. Euskal Herriak bi euskaldun galdu ditu, Ama Euskarak bi seme zintzo.
Mikel Arozamena Larralde Lesakako herrian sortu zen 1930eko abuztuaren 31n. Zazpi urte zituelarik bere familia Gipuzkoara joan zen bizitzera eta orain Hernanin bizi zen ezkonduta eta familiarekin.
Bizi osoa Gipuzkoan iragana du, han egin zen bertsolari. 46 urtetan zendu da gure adiskide maitagarria, adinik hoberenean. Ez dogu ia gehiago adituko bere solas garbia, ez eta ere bere bertso alaiak. Parte hartzen dugu bere familiaren doluminian.
Deus ez gara, piska bat panparrotzen garelarik uste dugu zerbait bagarela eta gero deus ez. Berriz ere erranen dugu nigarraren eresuman bizi garela.
Arozamena Nafarroako bertsolarien Txapelduna zen eta bazituen hiru Txapelketa irabaziak, 1962, 1963 eta 1966koak. Euskal Herriko Txapelketetan ere hiru aldiz aritu zen, 1962, 1965 eta 1967ko urteetan beti Nafarroaren ordezkari bezala. Bere izena Euskal Herri osoan ezaguna zen: kantatu du Gipuzakoan, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin ere. Joan den maiatzean Lesakako herriak omenaldi maitakor bat egin zion bere seme zintzoari. Egun hartan Arozamenak ongi merezia zuen omena hartu zuen.
Gure adiskideak maite zuen Euskal Herria, maite zuen Nafarroa eta bai bere sorterria. Maite zuen Nafarroa bai baina Nafarroa euskalduna eta euskal kontzientziaduna, ez ordea erdal izpirituz kutsatutako Nafarroa Euskal Herria baita eta bere egiazko mitzaira euskara, hortaz gure lesakarrak kantatzen dio bere sorterriari baina ez ordea erdaraz, euskaraz baizik. Hemen agertuko ditut bi bertso berak idatzitako "Nerealdia" liburutik hartuak eta Lesakari jarriak. Berak idatzi bezala agertzen dut.
Zazpi urtekin aldegin nuan
ezagun danak utzita,
baiña ni sortu nintzan erriaz
beñere ez nago antzita;
gure euskera ordun zegoan
guztia lorez jantzita,
baña negarra gaur egin leike
ainbat erdara ikusita.Lengo batian izandua naiz
ni sortu nintzan erriyan,
eta bakarrik aiton batzuak
gure euskera garbiyan;
gazte guziak erdaraz berriz
gu sortu giñan kabiyan,
izugarrizko pena artu nun
nere biontzan erdiyan.
Mariano Izeta, 1977