Fernando
Aire Xalbador (Urepele 1920 – 1976)
Fernando
Aire Xalbadorrek, Xabier Letek hain ongi irudikatu zuen "Urepeleko
artzaia"-k, bertsolari izateko dohaina gazte-gaztetatik sentitu zuen bere
baitan. Kantak ikasteko zaletasuna aski ez eta lehenbiziko bertsoa, anitzen
gisan, erronka baten karira bota zuen. Bere buruari egindako erronka izan zen
hura: Angelesainea ostatuan ziren batzuen bertsoak aditu, eta berak beste horrenbeste
ere egin zezakeela pentsatu zuen. Lehenbiziko bertsoa leihotik barnera bota zuen, sartzeko
baimena eskatuz edo.
Bigarren Mundu Gerrako isilunetik Hernandorena sendagileak libratu zuen.
Gerra ondorengo Donibane-Lohizuneko txapelketakoa munta handiko eguna izan zen
Xalbadorrentzat, bilkura hartan, besteak beste, urte luzez ondoan izanen zuen
Ahetzeko Mattin bertsolaria ezagutu baitzuen. Ondorengo urteetan, Lapurdi eta
Nafarroa Beherean Mattinekin, Zuberoan Etxahun-Irurirekin, artzantzak uzten
zion orotan, ostatuz ostatu ibili zen Xalbador.
Urepelekoak
ez zuen parekorik gertakari eta sentimenduetaz aritzean. Ederki frogatu zuen
hori, 1967ko Euskal Herriko Txapelketan, txistualdi luze eta lotsagarri haren
ondoren, bota zuen bertsoarekin. Hura gertatu baino bi urte lehenago, Juan Mari
Lekuonak gaztigu emana zuen, "Xalbador ez-ezagun ori"
artikuluan.
Xalbadorrek
beti miretsi izan zuen, horrenbeste jende biltzen zuen Hego Euskal Herriko bertsozaletasuna,
entzuleek euskaldungoan zuten sugar hura. Urepelen inoiz bertsotan aritzen zen
Xalbador ezaguna zuten, bada, bizitzaren bukaeran omenaldien txanda iritsi zenean.
Bat baino gehiago harritu zuen Euskal Herriko bazter askotatik etorritakoek
Xalbadorrengan erakutsitako miresmenak.
"Odolaren mintzoa" liburuan, Xalbador bere osotasunean agertzen duten bertsoak kausituko ditugu. Zenbait ikerketa soziolinguistiko baino puskaz gehiago balio duten bertsoak barne. Zahar zein gazte anitz, aspaldi dira horren jabe.
Patxi Larrion