Antonio Arrue jauna hil zaigu

L. Villasante

Euskaltzaindiko bilkura eta lanetan beti lankide txintxo eta jarraikia izan dugun Antonio Arrue jaunak betiko utzi gaitu. Gutien uste genuenean, gainera.

Egia da aspalditxotik aipatzen zuela bere on-eza edo gaisotasuna, baina kezka ematekoa ez zela gaineratzen zuen beti.

Goian bego gure lagun zaharra! Zor zaizkion ainakoak izango ez badira ere, bihoaz lerro motx hauk haren oroitzapenetan.

Asteasun jaioa zen, 1903. urtean. Estudioak Lekarotzen eta Oviedo-ko Unibertsitatean eginak zituen. Lege gizona, Donostiako "Julio de Urquijo" Euskal Filologi Mintegiaren fundatzaileetakoa. 1954ean euskaltzain oso izendatua. Hizlari trebea euskaraz. Euskaltzaindiko hainbeste euskal jaialditan eskeini digu bere hitz ederraren emaitza.

Lanak: Guztiak aipatzeko bat ere asmorik gabe, honako hauk behintzat gogoan ditut: Egan aldizkarian anitz urtez mantendu du bere sail jakina: "Jan-Edanak". Hortaz gainera, Juan Bautista Agirre euskal idazleari buruz hitzaldia (Egan, 1954); Gerriko euskal idazleari buruz hitzaldia (Egan, 1956); Azkueri buruz hitzaldia (Euskera 1957); "Loramendi" olerkariari buruz hitzaldia (Euskera, 1960), Peru Abarkaren edizio berriari hitzaurrean (Kulixka Sortan); Euskeraren batasunaz hitzaldia (Euzko Gogoa, 1956); "Cuatro Poetas Vascos actuales (Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Aresti)" hitzaldia (Euskera, 1963-64). Eta abar.

Ageriko lan horietaz kanpora, ordea, distirarik ez duten lan ixil izkutu baina guztiz beharrezkoetan zutabe sendo eta leiala izan du beti Euskaltzaindiak Arrue jaunagan; esate baterako, jestioak egiteko orduan.

1964 urtean Gero-ren edizioa euskeraz eta erderaz argitaratzeko Barcelonako Juan Flors-ek jarri zizkigun baldinkizunak beteko baziren diru mordoa behar zen —Euskaltzaindiak ez zuena—, eta Arrue jaunaren jestioei esker eskuratu zen.

Lege gizon zen aldetik, Euskaltzaindiaren Arautegia berriztatze lanean gogotik lagundu zuen. Eta are gehiago oraindik, Euskaltzaindiaren nortasuna Gobernuak aitor zezan. Guzti horrengatik Euskaltzaindiak sekulako zorra du berarekin.

Lagunduko ahal digu orain ere zerutik! Halabiz.

Fr. L. Villasante, Zeruko Argia

Gure Mendea