Isidro Ansorena (1892 - 1975)

Hernanin sortu zen txistu-konpositore hau. Donostiako udal-kontserbatorioko irakasle eta Donostiako Udal txistulari Bandaren zuzendari, mila konposizio inguru sortu eta bildu zituen bandetan jotzeko. Txistua ikasteko egun erabiltzen den metodoa berea dugu.

Hil baino hiru urte lehenago honoko elkarrizketa egin zion Errialde-k Zeruko Argia-n (1972-II-11). 81 urte zituen orduan:

Benetako artista Isidro Ansorena, Txistularia

Iruiñako, Baionako eta Lekeitioko eliz nagusietan ba omen dira errian landutako aingeru txistulariak bere danbolin eta guzti. Eta aingeru mailara iritxi zaigun aragizko txistulari beneragarri den Isidro Ansorena jaunari gure elkarrizketa egitera eldu geranean ikusi dugu, ikusi, Donostiako txistulari famatuak ez diola inbiririk inongo aingeruri.

Munduko txistularirik onena dela esan diogunean, ezetz esan du. Hori gehiegi esatea dela.

Ez ote zara zu denetan onena?

Ez, ez. Gasteizkoak gure aurretik izan ziran Bermeon, 1910. urtean.

Nork irakatsi zizun txistua jotzen?

gure aita txistugilea zan, eta sarritan esaten zidan: «Jo ezak hori!» Nik hura jo egin behar, nolakoa zan ikus zedin. Baiña nik iru osaba izan nituen txistulari, irurak zein baino zein obeak. Inazio, Castro Urdialesko txistulari, Manuel, Errenteriakoa eta Fernando Balmasedakoa. Eta nere osaba Fernando honek erakutsi zidan fintasun pixka batekin jotzen.

Gaztetandik asi ziñan Ernaniko plazara irtetzen...

Amalau urtekin. Ederra izan zan hura! Bazan Ernanin txistulari banda. Eta behiñola, Olaizola, bigarren txistulari zenaren anaia bai, beste norbaitekin mutur joka ibili zala edo ez zala, Txistulari Alkarteak bere lekua bat batean kendu zion, zer ikusirik ez bazuen ere arazo hortan. Horrela gertatzen dira gauzak.

Orduan nere anaia Joseri eman zioten lan hura, bera ere ibiltzen baitzen Donostiako elkarteetan eta, txistu jotzen. Baina nere anaia ez zan osasuntsua eta utzi egin behar izan zuen. Neri deitu zidaten, geratzen zen txistulari zaharrari lagun nezaion. Eta horrela ibili nintzan zaharrarekin bi urtetan, danboliñik gabe. Teodoro Erauski zen zahar hura. Laister il zen eta berriz ere gure anaia hasi zen. Biok ibili giñen.

Beste maixurik ez al zenduen izan?

Bai. Garai hartan Ernanin oposizioak egin zituzten eta ni Tolosara joaten nintzan, Jose Zestona jaunarengana, ikastera. Harek erakutsi zidan asko, asko benetan. Ni ez nintzen alkatearen gogozkoa baiña bere maixuak orduan eta arreta gehiagoz prestatu ninduen. Eta baita irabazi ere.

Zerbait berezirik erakutsi aal zizun Zendoiak?

Bai. Harek zionez, nik beste inork ez zion jarraitu bere eskolari.

Zuk ez al duzu zeure eskola bat sortarazi? Zuk egin ohi izan duzun konpas irukoitz hortaz zer diozu?

Baztango txistulari batek jaso zuen liburu batean era hori. Irunen, klarinetea jotzen zuen Larruker izeneko batek erabiltzen zuen eta neri liburua utzi zidan. Gero hortik aurrera, nere xaltxa ere eman izan diot, jakiña.

Guk badakigu maixuaren "xaltxa" hori, Ansorenaren eskola berri bat izan dela. Iñork ez bezala goxatu baitu berak txistua. Goxatu, findu, goraipatu, artista batek bakarrik egin dezaken moduan. Ansorenarekin igo zan txistularitza goi mailaraiño. Gaur txistua nola jotzen dela uste duzu?

Denetatik dago, jakiña. Baiña akats bat nabarmentzen dela uste dut, azkar-azkar jotzeari ematen zaiola garrantzi aundiegia eta bihotzik gabe, goxotasunik gabe jotzen duela askok eta askok. Notak ondo esan behar dira, poliki, poliki eta garbi.

Aitaren antzera zu ere txistugille izan zara. Arlo honetan ere, ez al diozu zuk txistuari zerbait berririk atera?

Txistuak, zenbat eta luzeago, orduan eta doiñu lodiagoa sortzen du. Horrela, nik txistuari milimetroren batzuk erantsi nizkion luzeroan eta hala soiñu gozoagoa du. Hemen, nahi baduzu, esango dizut kontu polita. Nik nere bizi guztian erabili izan dudan txisturik maiteena eta onena, gure aitak egiña da. Astigarragako udaletxerako, enkarguz egin zuen. Baiña Astigarragakoek, oso motela zela-ta, itzuli egin zioten eta gure aitak bueltatu egin behar izan zizkien artutako 60 pezetak. 60 urte ditu orain txistu horrek, eta ez nuke salduko urrearen truke.

Zer esango zenduke orain gauza berriak egiten eta era berrien bila dabiltzan taldeez?

Horiek oso gauza ezberdinak dira...

Zure familian ba al da seme edo ilobarik zure maillara iritxi denik?

Illoba bat, Jose Inazio, polliki dabil... baiñan oraindik ez nau gainditu.

Gure Mendea