Gabriel Aresti (Bilbo 1933 – 1975)

«Gure zazpi poesi-liburu zazpi erdera diferentetara itzultzen ez diren bitartean, (…) gure abesti modernoa Europako dizka best-seller bat ez den bitartean, Nobel sari bat irabazten ez dugun bitartean, DEBAKATUTA DAGO, NIK DEBEKATZEN DUT, inork ez du aurrerantzean txisturik joko, inork ez du aurrerantzean ezpata-dantzariK dantzatuko, inork ez du irrintzinarik botako, inork ez du zortzikorikan kantatuko, inork ez du txapelik jantziko».

Barrenak hustu beharra, Gabriel Aresti zenaren gaixotasuna, eta ustezko eritasun horri esker, aberatsago gara egun.

Bilbon 1933an jaio zenak, literaturarekin zerikusirik ez zuen lana behar zuen, idaztearen lanari lotzeko. Familia abertzale batean sortua, euskaldun berriaren ikurtzat hartu izan dena, 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Presaka zebilen Gabriel, bere eskutitzetan, bere adierazpenetan, euskarak zituen premiak, ahalik lasterren konponbidean jarri behar zirela behin eta berriz gaztigatzen zigun Arestik. 

Hasieran lapurteraz, ondoren bizkaiera batuaz, bere lanak irakur zitzaten nahi zuen. Aresti poetak, gehienak landutako lurra goldatzen ari ziren bitartean, haize berriak ekarri zizkion euskal literaturari, ezkerretik ekarri ere, herriaren ahotik hartua, herriaren belarriari emateko sortua. Maldan behera zihoanari, "Harri eta herri", "Harrizko herri hau" eta beste eskaini zizkion, antzerkia landu, euskararen batasuna bultzatu, itzulpengintzan aritu... lan gehiegi lanbidez kontulari eta bihotzez kontalari zenarentzat.

Bizi zela, nolabaiteko onarpena jaso zuen, konparazio baterako, garai hartan bateraezinak ziren Ez Dok Amairu taldeak eta Oskorrik Arestiren lanak musikatu zituzten. Erabateko onarpena hil ondorengoa dugu.

Patxi Larrion

Gure Mendea